Awa Fam (Santa Pola, Herrialde Katalanak, 2006) utzita jokatzen ari da Lointek Gernikan. Valentzia Basketeko harrobian hazi zen, eta etorkizun handiko jokalaria da. Anaiengatik hasi zen saskibaloian jokatzen, haiei asko gustatzen baitzitzaien.
Gaur ekingo diozue Espainiako Kopari. Nola dago taldea?
Ezin gara lur jota geratu Ferrolen aurkako porrotarengatik—80-56 galdu zuten—-; ondo kudeatu behar dugu gertatutakoa. Ligako neurketa guztietan lehiatzen gara, eta, nahiz eta aurrekoan gaizki atera, ezin dugu pentsatu talderik okerrena garela, edo gutxiago garela. Konfiantza izan behar dugu geure buruan.
Gaur, final-laurdenetan, Girona izango duzue aurkari. Herrialde Katalanetako taldearen zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Orain, lehen postuan dago ligan. Jokalari oso onak dituzte, bai barneko posizioetan, bai kanpokoetan. Fisikoki, gainera, ahalmen handia dute. Gainera, fitxaketa berriak egin dituzte neguan. Europatik kanpo geratu ostean, atseden hartzeko eta entrenatzeko denbora gehiago izan dute. Saskiratze asko sartzen dituen taldea da; beraz, adi egon beharko dugu defentsan.
Erreparatu diozue finalerako bideari?
Egia esan, ez. Txapelketa honen gauzarik politena da partida bakoitza azkena izan daitekeela. Badakigu neurketa ona jokatzen badugu aurrera egin dezakegula, baina Gironan pentsatu behar dugu, eta, finalerdietarako sailkatzen bagara, orduan pentsatuko dugu hurrengo aurkarian.
«Txapelketa honen gauzarik politena da partida bakoitza azkena izan daitekeela»
Nola ikusi duzu taldea denboraldian zehar?
Gorabehera ugari izan ditugu. Gaizki hasi genuen denboraldia, baina, gero, hiru partida on egin genituen, eta gehiago sinetsi genuen gugan. Defentsan adi gaudenean, erasoan arinago ibiltzen gara, eta garrantzitsua izango da hasieratik jokalari guztiak konektatuta egotea. Gauzak gaizki ateratzen zaizkigunean, errazegi egiten dugu behera; ondo ateratzen zaizkigunean, aldiz, oso ondo ibili izan gara; beraz hor jarraitu nahi dugu.
Sasoi honetan taldeak ez du Europan jokatu. Datorren denboraldian posible izango dela uste duzu?
Lehenengo titulurako kanporaketetarako sailkatu nahi dugu. Desberdina da denboraldia apirilaren 19an bukatzea edo aste batzuk geroago. Taldekideekin denbora gehiago egoten zara, eta liga irabazteko lehian aritzen zara. Gainera, lehen zortzi postuetan geratuta, Europan jokatzeko aukera dugu. Badakigu klubarentzat eta jokalarientzat garrantzitsua dela, eta ligako azken lau neurketetan ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatuko gara zortzi postu horietan geratzeko.
Zer moduz Gernikan?
Oso ondo nago. Nire etxetik urrun dagoen herri batean nago, baina herritarrek oso ondo hartu naute, eta eroso nago. Bestalde, taldekideak oso antzekoak gara: gazteak gara, pertsona gisa hazi nahi dugu, eta helburu berarekin gatoz. Pozik nago nire taldekideekin, badakit haien falta sumatuko dugula sasoia amaitzean. Oraingoz oso pozik nago, eta azken hilabeteak aprobetxatu nahi ditut.
«Oso pozik nago Gernikan, klubak, emaitzez gain, jokalariek hobetzea eta esperientzia hartzea duelako helburu»
Utzita ari zara Gernikara. Beharrezkoa al da zuretzat aro hau jokalari gisa osatzeko?
Oso pozik nago, klubak, esperientziaz gain, jokalariek hobetzea eta esperientzia hartzea duelako helburu. Nire adineko gazteentzat –18 urte– aukera ona izan daiteke klub handiago batetik utzita ateratzea eta pertsona gisa haztea. Pozik nago etapa hau Gernikan egin dudalako.
Nola deskribatuko zenuke zeure burua jokalari gisa?
Zaila da galdera. Ez naiz batere berekoia. Jokoa banatzea eta taldekideei asistentziak ematea gustatzen zait. Uste dut fisikoki ere ahalmena dudala. Fisikoari esker, asko hazi naiz jokalari gisa, eta erreboteak lortzeko edo korrika egiteko orduan asko laguntzen dit fisikoak.
12 urterekin joan zinen gurasoen etxetik saskibaloi jokalari izateko. Nolako esperientzia izan zen?
Alde batetik, oso gogorra da, 12 urterekin ez dakizulako bizitza nolakoa den. Baina hazten laguntzen dizu. Txikitatik ni baino helduagoa den jendearekin ibili naiz Valentzian, eta haiek badakite zer den etxetik kanpo bizitzea. Haiei ikusita, errazagoa da. Gogorra egiten da familia urrun izatea, baina beste familia bat eratzen duzu, eta garrantzitsua da ibilbide profesionalerako. Valentziara joateko aukera izan zuen. Mari Carmen nire entrenatzaileak gurasoei proposatu zien. Ideia bikaina iruditu zitzaidan, eta gurasoei ere ez zitzaien gaizki iruditu. Nire erabakia izan zen.
Nola kudeatzen duzu etorkizun handia duen jokalari izatearen presioa?
Beti esan dut presioa zuk egiten diozula zeure buruari. Uste dut presiorekin hobeto joka dezakezula. Baina hori bakoitzaren nortasunaren araberakoa da. Txikitatik irakatsi didate niri buruz hitz egiten dena ez entzuten, nigan pentsatzen eta hankak lurrean mantentzen. Orainean baino ez dut pentsatzen, eta otoiz egiten dut etorkizunean bete dadin esaten dutena, horrek esan nahi baitu nire ametsak beteko direla.
20 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatu duzu. Zer moduz?
Finala alde batean utziko dut, inori ez zaiolako galtzea gustatzen. Baina esperientzia oso polita izan zen. Belaunaldi honekin Munduko Txapelketa bat bakarrik jokatu dut, eta beste esperientzia bat bizi nahi nuen haiekin. Klubeko lagunak nituen, eta iritsi nintzen egunetik ederki tratatu ninduten, eta haien taldean sartu ninduten. Esperientzia bat gehiago izan da niretzat, eta beti gogoratuko dut.
Zer helburu dituzu etorkizunari begira?
Epe motzean, gustatuko litzaidake esperientzia handiagoa hartzea, eta hurrengo pausoa Europako txapelketaren bat jokatzea izatea nahi dut. Nire ametsa Espainiako selekzioan jarraitzea da. Bestalde, WNBAn jokatzea ere gustatuko litzaidake. Baina hori aurrerago izatea nahi dut. Txikitatik ikusi dudan liga da, anaiek NBA ikusten zutelako, eta ikusi dut WNBA ere pixkanaka haziz doala. Hango ikuskizuna ere asko gustatzen zait.