Oraindik, gaindiezina

Lau t'erdiko zazpigarren txapela jantzi zuen Olaizola II.ak larunbatean Martinez de Irujori 22-16 irabazita. Partidaren azken txanpa erabakigarria izan zela nabarmendu diote BERRIAri zenbait pilotarik eta pilotari ohik.

Olaia Juaristi.
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Biribila izan zen Gasteizko Ogetan Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok emandako erakustaldia lau t'erdiko finalean. Bakoitzak bere onena erakutsi zuen partidaren zati banatan. Irujo nagusitu zen hasieran; erritmo bizia jarri zuen oso, gogor aritu zen erasoan eta defentsan, eta fin tantoa bukatzerakoan. Aldiz, partida erditik aurrera goizuetarra izan zen agintari. Gaindiezina dirudi kaiolan, zazpitik zazpi irabaziak baititu. Egungo zenbait pilotarik eta pilotari ohik finalaren inguruko hausnarketa egin diote BERRIAri.

RUBEN BELOKI Asegarceko teknikaria

«Iritsiko da galtzeko unea ere, baina oraingoz goza dezala»

«Bikain ikusi nuen Aimar. Oso txapelketa ona egin du. Zalantza asko zituen bere jokoarekin, baina, beti bezala, momentua iristen denean harrigarria da erakusten duen jokoa, sinestezina da. Oso ongi prestatzen ditu partidak. Pilotari handia da. Zazpi final jokatu ondoren, oso erraza da galtzea Irujo edo besteren baten aurka. Baina zazpitik zazpi, ikaragarria da. Egun garrantzitsuetan hazi egiten da. Iritsiko da galtzeko unea ere, baina oraingoz goza dezala. Irujo ondo ikusi nuen, erasokor, oso sendo eta partidan oso sartuta. Nik uste ez zuela ezertan huts egin, baina Aimar bera baino hobea izan zen. Azken tantoetan Irujok baino hobeto jokatu zuen Olaizolak.

Fisikoki izugarria da nola irauten duen, besteei azken txanpan aldapa gora hasten zaienean, Aimar trankil iristen da. Odol hotza, prestaketa fisiko handia, eta irabazitakoan erakusten duen umiltasuna azpimarratuko nituzke. Aurrelari ona ez ezik, egungo pilotari onena ere bada; historia egiten ari den pilotari ikaragarria. Nire ustez, asko iraungo du Aimarrek, baina ez maila horretan. Ezinezkoa da guztia irabaztea. Etorriko da txapelketaren bat galtzeko unea lehenago edo geroago. Hain bolada onari eustea ezinezkoa da luzaroan».

PABLO BERASALUZE Asegarceko pilotaria

«Hanketatik burura pilotari osoa da, dena egiten du ondo»

«Bi zati egon ziren partidan. Lehen zatian Juanek oso erritmo handian jokatu zuen, eta bigarren zatian Aimarrek sekulako partida jokatu zuen. Juan baino gehiago izan zen Aimar fisikoki. Nik ikusi dudan pilotaririk onena da. Ez dakit historian hura baino hoberik izango ote zen. Burutik oinetarainoko pilotaria da; dena egiten du ondo, eta batez ere duen burua azpimarratuko nuke, psikologikoki pilotari gogorra da. Besteengandik nabarmen gorago dago; haren eta hurrengo pilotarien artean salto bat dago, gaindiezina iruditzen zait. Aimar urte askoan ikusten dut oraindik hor goian, eta uste dut oraindik txapel asko jantziko dituela. Irujok ere oso ondo jokatu zuen, baina urte hauetan Aimar aurkitu du aurkari, eta zaila dauka hari irabaztea. Nire ustez, Irujok ez zuen asmatu bigarren zatian tantoa amaitzen, aukerak izan zituen arren».

LADIS GALARTZA Pilotari ohia

«Defentsan lan handia egin zuen Olaizolak, eta Irujoren hauspoa betetzea lortu zuen»

«Partida oso ona ikusi nuen, espero bezala. Joko onenean ez zeudela esaten zuten biek aurretik, baina maila oso ona erakutsi zuten. Irujo oso azkar eta dena asmatzen hasi zen, nahiko lan eman zion Aimarri. Partida erdian, ordea, ikusi genuen Olaizola dela onena. Defentsa lan handia egin zuen, eta, gainera, Irujoren hauspoa betetzea lortu zuen. Orain hoberena Aimar da, emaitzek eta tituluek ere hala adierazten dute. Badago Aimarri irabaztea, Irujok ere aukerak izan zituen, baina ez da erraza partida biribila egitea. Irujok ez zuen asmatu azkenaldera tantoa bukatzen; hartan huts egin zuen».

JOKIN ERRASTI Pilotari ohia

«34 urte ditu, baina beste bospasei urtean mailari eutsiko diola iruditzen zait»

«Nire ustez, partidak bi zati izan zituela. 6-12 arte Irujo menderatzaile ikusi nuen, nagusi izan zen kantxan. Oso indartsu atera zen, eta erritmo handia eman zion partidari. Aimar, aldiz, zalantzekin eta urduri ikusi nuen hasieran. Baina bigarren zatian Olaizolaren bertsio onena ikusi genuen. Langile ibili zen partida osoan, eta, azkenean, nahiko erraz irabazi zuen. Gaur egungo pilotari onena dela uste dut Olaizola, baina oso ona da Irujo ere; nik uste garai baten mugarri direla. Aimarrek gora egin zuenean Juanek behera egin zuen zertxobait, eta indarrak berdindu zirenean kalitate izugarria erakutsi zuen Olaizolak. Errendimenduan egon zen partidaren gakoa. 34 urte ditu, baina iruditzen zait mailari eutsiko diola beste bospasei urtean».

OINATZ BENGOETXEA Asegarceko pilotaria

«Irujok ez zuen huts egin, baina Olaizolak partida osoagoa egin zuen»

«Partida oso ona izan zen. Erritmo ikaragarrian jokatua. Teknika ikaragarria erakutsi zuten biek. Lehen zatian gehiago izan zen Irujo, min handia egin zion kolpearekin. Baina Olaizola trebea da partida ongi bideratzen gogortzen hasten zaionean. Fisikoki ere hobeto eutsi zion erritmo bizi hari. Partidaren erdian Juan gehiago ibilarazi zuen, eta hura nekatuago iritsi zen bukaerara. Irujok ez zuen huts egin, partida handia egin zuen, baina Olaizolak lan osoagoa egin zuen. Gaur egungo pilotaririk onena da. Azken txapelak berak irabazi ditu, eta horrek zerbait esan nahi du. Juan ere hor du, baina Aimar osoagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.