Xabi Etxeita. Athleticeko jokalaria

«Oraindik gai gara sailkatzeko»

Azken partidetan erakutsi duena aintzat hartuta, egun inor gutxik jartzen du ezbaian Xabi Etxeitak lekua duela hamaikakoan. Gaurko partidaren zailtasunaz ohartarazi du, baina baikor da.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Lehen, Ernesto Valverderen zerrendan azken erdiko atzelaria zen Xabi Etxeita (Zornotza, Bizkaia, 1987), eta, orain, hasierako hamaikakoan aritzen da. Eta dotore aprobetxatzen ari da aukera. Heldu zaio umetatik hainbeste espero zuena.

Nola zaude? Errotik aldatu da zure egoera.

Zoriontsu. Denbora askoan egon naiz honen zain. Lan handia egin dut, eta gozatzeko garaia da niretzat. Taldeak emaitza onak lortu ditu, eta ni ondo aritu naiz. Oso pozik nago.

Lehen, entrenatzailearen lehentasunetan ez zeunden, eta, orain, Sevillaren aurka taldeko onena izan zara. Infernutik zerurako bidea egin duzu.

Futbolak buelta asko ematen ditu, eta prest egon behar da. Futbol profesionalean bizi izan dudanetik atera dudan ondorio nagusietako bat da partida batetik bestera edota denboraldi batetik bestera asko alda daitezkeela gauzak.

Ez duzula inoiz etsi, alegia.

Sekula ere ez. Asko kostatu zait bai futbolari profesionala izatea eta bai Athleticera itzultzea. Joan den sasoian argi nuen oso zaila izango zela egoerari buelta ematea, baina ondo entrenatzen jarraitu nuen. Profesionalak garen heinean, beti egin behar dugu aurrera.

Aurreko sasoian laugarren edo bosgarren erdiko atzelaria zinen Valverderentzat. Egun, berriz, Gurpegirekin ari zara lehian hamaikakoan sartzeko. Aurrerapauso itzela eman duzu.

Egun entrenatzailearen konfiantza daukadala ikusten dut. Pozik nago, baina ez dakit zenbagarren erdiko atzelaria naizen. Berriz diot, futbola aldakorra da.

Aukera honi ezin diozu utzi pasatzen.

[Barrez] Hori esan beharko dut, ezta? Baina, horren aurretik, momentuarekin gozatzeko eskatzen diot neure buruari. Zelaian nagoen minutu bakoitza ari naiz gozatzen.

Beñat eta zu izan zineten aurreko denboraldiko fitxaketa nagusiak, baina bioi asko ari zaizue kostatzen taldean pisua izatea. Zergatik?

Ez da kontu horiek aztertzen hasteko garaia. Entrenatzaileak bere gustuko jokalariak ditu eta kito. Oso mundu berezia da futbola. Izarrek bermatua dute lekua hamaikakoan, baina futbolari langileak garenok gure aukeraren zain egon behar izaten dugu. Ez dago besterik.

Bederatzi partida igaro ditu Athleticek irabazi ezinda. Taldeak duen maila aintzat hartuta, ez da normala. Zer gertatu zaizue?

Ez dakit. Asko ari da hitz egiten kontu horren inguruan. Napoli mendean hartu ostean erlaxatu egingo ginen, akaso. Baina ez da erraza esplikatzen. Neurketa guztiak bizi-bizi jokatu behar ditugu guk, eta zenbait partidatan ez genuen egin.

Egoera aintzat hartuta, behar-beharrezkoak ziren garaipenak. Azken bi partidak irabazita, beste urrats bat egiteko garaia da? Jokoa hobetzekoa?

Bai. Talde honek erakutsi du zer egiteko gai den. Emaitza onak lortzeko joko ona egin behar dugu. Azken bi partidetan sufritzen jakin izan dugu, baina ez gara oso ondo aritu. Joko on hori berreskuratu behar dugu gora egiteko.

Jokoa hobetzeko ederra da hurrengo aukera: Txapeldunen Ligako lehia etxean, eta aurrean Porto historikoa. Ez dago gehiago eskatzerik. Hori bai, behartuta zaudete irabaztera.

Irabaztea da aukera bakarra Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzeko. Maila ona eman behar dugu, baina ezin dugu ahaztu goi mailako lehiaketa bat jokatzen ari garela eta aurkariak oso onak direla. Ez bagara gai bigarren postua lortzeko, hirugarrenaren bila joan beharko dugu.

Final-zortzirenak jokatzeko aukera ematen duen postua lortzeko, bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu beharko dituzue gutxienez. Athletic gai al da balentria hori lortzeko?

Oso gaitza da. Maila handiko aurkariak ditugu. Baina Athletic ere talde ona da, eta ez dut ezer baztertzen. Gai gara sailkatzeko. Gauzak ondo eginda eta zorte apur bat izanda, lor dezakegu. Lehenik eta behin, Portori irabazi behar diogu. Ez dauka zentzurik parean dugun partidarik haratago pentsatzen hasteak.

Txapeldunen Ligarekin gozatzen ari zarete edo Espainiako Ligan egin duzuen hasiera txarrak ez dizue utzi?

Baliteke nahi baino gutxiago gozatu izana, baina Txapeldunen Liga saria da. Asko kostatu zaigu gauden tokian egotea.

Portoren aurkako lehiak izango du antzekotasunik Sevillaren kontrakoarekin. Biak dira talde onak eta biek bizi-bizi jokatzen dute.

Antzeko taldeak dira, bai. Bi taldeak dira oso indartsuak eta ez dira kokiltzen. Hala ere, arlo fisikoan, Porto Sevilla baino gehiago dela esango nuke. Antzekoa izango da neurketa eta emaitza ere bertsua izatea espero dugu.

Joaneko partidan neurketa guztia jokatu zenuen. Zerk edo zeinek harritu zintuen gehien?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da Txapeldunen Ligako neurketek erritmo biziagoa dutela. Maila handiagoko taldeak dira. Eta futbolariak aipatze aldera, Brahimi nabarmenduko nuke. Guretzat lehendik ere ezaguna izan arren, oso ona da. Jackson Martinez, berriz, oso indartsua eta ona da.

Beraz, zuek ondo jokatzeaz gain, San Mamesen babesa ere behar-beharrezkoa izango da hiru puntuak irabazteko.

Guretzat, ezinbestekoa da zaleen berotasuna neurketak aurrera ateratzeko. Asko laguntzen digute beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.