Maitane Etxeberria. Super Amara Bera Bera taldeko jokalaria

«Oraindik ez naiz gai egiten ari naizena barneratzeko»

Bi euskal jokalari ariko dira gaurtik Espainiako selekzioarekin Alemanian, Munduko Txapelketan: Maitane Etxeberria eta Nerea Pena. Estreinakoz ariko da Etxeberria, eta nabari zaio. Aitortu du «oso urduri» dagoela.

«Oraindik ez naiz gai egiten ari naizena barneratzeko».
Julen Etxeberria.
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
2013ko irailaren 28a. Nekez ahaztuko du egun hori Maitane Etxeberriak (Lezo, Gipuzkoa, 1997). Eskuin hegalekoak egun horretan jokatu zuen estreinakoa Bera Beraren lehen taldearekin, Barakaldon (Bizkaia), artean 16 urte besterik ez zituela. Lau urte pasatxo joan dira ordutik, eta Etxeberria jada funtsezko jokalaria da Donostiako taldean. 146 neurketa jokatu ditu dagoeneko, eta zortzi titulu irabazi: hirutan Espainiako Liga eta Superkopa, eta bitan Espainiako Kopa. Gaurtik aurrera, beste pauso bat emango du bere kirol ibilbide labur baina oparoan, Munduko Txapelketa jokatuko baitu Alemanian.

Txapelketa handi baten atarian irrikaren eta tentsioaren arteko nahasketa izan ohi duzue jokalariek, eta are gehiago, zure kasuan, estreinakoa duzula aintzat hartuta. Nola zaude?

Oso urduri nago. Nazioarteko txapelketak jokatutakoa naiz gazte mailan, baina hau jauzi itzela da. Munduko jokalari onenak ariko dira, eta bertan neure burua ikusteak ilusioa adina ardura sortzen dit. Oso-oso azkar doa dena. Oraindik ez naiz gai egiten ari naizena barneratzeko.

Pentsatzekoa da taldekideak eta Carlos Viver hautatzailea zu lasaitzen saiatuko zirela.

Bai, baina alferrik. Oso-oso urduri nago.

Pistan ere urduri zabiltza?

Bai, baina, zorionez, bakarrik lehen minutuetan. Gero, partidak aurrera egin ahala, lasaitu egiten naiz.

Ez zenuen espero Munduko Txapelketa jokatzea?

Inondik inora ere ez. Denboraldi-aurrean ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten hona iritsiko nintzenik.

Carlos Viverrek, ordea, hasieratik hartu zaitu kontuan. Jorge Dueñas ordezkatu osteko lehen deialdian toki bat egin zizun, eta ordutik zerrenda guztietan izan zara.

Iritsi zenetik konfiantza handia erakutsi dit. Asko diot eskertzeko.

Zergatik uste duzu izan duela hasieratik uste osoa zuregan?

Pentsatzen dut ni ateratzen nintzen makina bat bideo ikusi eta aztertu zituela, eta horietan ikusitakoa gustatuko zitzaiola.

Zein helburu daukazu Munduko Txapelketa honetan?

Ahal dudan gehien gozatzea, eta begiak irekita eta belarriak adi izatea, ahal dudan gehien ikasteko. 20 urte besterik ez dut. Hori da nire egitekoa.

Hautatzaileak zer eskatu dizu?

Esperientzia honetaz gozatzeko eta dakidana egiteko.

Carmen Martinen gisako jokalari bikaina duzu postukide. Jokatzeko aukera gutxi izango duzu.

Barneratua dut hori. Niretzat ohorea da Carmenekin lan egitea, munduko onenetakoa baita eskuin hegalekoan. Entrenamenduetan izugarri ikasten dut hura ikusita.

Zein helburu du Espainiak?

Ahal den lan onena egitea, baina argi izanda taldean aldaketa dezente izan dela. Lehen helburua ligaxka gainditzea da, eta, hortik aurrera, hortzak estutzea eta ahal dugun urrutien iristea. Maila itzela dago: Norvegia, Hungaria, Alemania... Selekzio bikainak daude.

20 urteko beteranoa zara. Zertan aldatu da 16 urterekin debuta egin zuen jokalari hura?

Helduagoa naiz, eta pistan, argiago ikusten dut jokoa. Lehen, itsu-itsuan erasotzen nuen, eta, orain, une aproposena aukeratzen dut. Defentsan ere asko hobetu dut.

Montse Puchek esana da: «Ligako defendatzaile onena da Maitane Etxeberria. Fisikoki, Ferrari auto baten modukoa da».

Gehitxo esatea da hori. Hegalekoa izanda, ondo defenditzea eta erasora bizi-bizi joatea da nire egitekoa. Lan hori ahal den ondoen egiten saiatzen naiz, besterik ez.

Erasoan hobetu beharra duzula esan izan duzu sarritan. Sasoi honetan lau gol ari zara sartzen partidako. Estatistika polita da.

Erasoko jokoa ari naiz lantzen bereziki, noiz eta nola jaurti. Lan horren fruitua da hobekuntza hori.

Eli Pinedo, Matxalen Ziarsolo, Marta Lopez, Carmen Martin... Nekez izan ahal zenuen irakasle hoberik.

Sekulako zortea izan dut jokalari bikain horiengandik ikasteko aukera izan dudalako.

Bera Berako egungo gazteek zu zaituzte eredu.

Hala da, eta arraroa egiten zait, eta lotsa pixka bat ere ematen dit, baina ahal dudan gauzetan laguntzen saiatzen naiz.

Sasoi honen amaieran bukatuko zaizu kontratua, eta sarri esan izan duzu atzerrira joatea gustatuko litzaizukeela.

Egia da, baina ez dakit noiz emango dudan pauso hori. Egun, oso gustura nago taldean.

Bera Berari helduta. Zein balorazio egiten duzu sasoiaz?

Lan ona egin dugu, kontuan hartu behar baita aldaketa asko izan direla taldean. Lau puntura dugu Ro'Casa, baina liga oso luzea da. Sinetsita nago titulu guztiak irabazteko lehian izango garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.