Elitera iritsi berria da Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998), baina ez zaio nabari. Izan ere, lasaitasun eta segurtasun handia igortzen du, bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Euskaraz erantzun die galderei; ezetz dioen arren, hitz jario ona du.
Dagoeneko bukatu da ligako lehen itzulia. Zer balorazio egiten duzue orain arte egindakoaz?
Nahiko baikorrak gara. 24 punturekin, jada lortu dugu salbazioa lortzeko behar den kopuruaren erdia baino gehiago. Garrantzitsua izan zen azken lehian Celtaren aurka berdintzea, zorte txarra ari baikinen izaten, VARarekin, eta abarrekin. Puntuak konfiantza emango digu datorrenari begira. Sadarren aurkari zuzen asko hartuko ditugu aurrerantzean; beraz, etxean egongo da salbazioa lortzeko gakoa.
Bederatzi partida berdindu dituzue. Asko dira. Batzuk irabaztear izan zarete, baina ez duzue asmatu. Pena hori baduzue?
Egia da irabazteko merituak egin arren puntu bakarra lortu dugula hainbatetan. Betisen eta Levanteren aurkako partidak datozkitgogora, adibidez. Halakoetan, zapore gazi-gozoarekin gelditu gara. Edonola, egia da zortea alde izan dugula beste lehia batzuetan ere. Adibidez, jaurtiketa bakarra eginda irabazi genion Leganesi. Nire ustez, futbola nahiko justua da denborak aurrera egin ahala.
Denboraldiaren bigarren zatiari begira, zein da helburua? Soilik behera begiratzen duzue, edo gora so egiteko ilusioa ere baduzue?
Ahalik eta lasterrena eutsi nahi diogu mailari. Azken txanpan, jendea urduritzen hasten da, kalkulagailuak martxan jartzen dira, eta onena da ordurako salbu egotea. Hori lortuta, bestelako helburu bati begiratzeko aukera edukiko bagenu, primeran, baina nahiko zaila izango da. Ahalik eta posturik onena lortzen saiatuko gara, hurrengo denboraldiari begira.
Orain, Espainiako Koparen txanda da. Haroren zelaian jokatuko duzue gaur, final-hamaseirenetan sartzeko asmoz. Baduzue urruti iristeko ilusioa?
Formatu berriarekin, Kopa zirraragarriagoa da talde apalentzat. Kanporaketak partida bakarrera izanda, aurrera egiteko aukera handiagoa dago. Guk badugu ilusioa. Hilabete honetan dena ongi badoa, bizpahiru kanporaketa gainditu ditzakegu. Ederra izango zen finalerdietara iristea. Baina zaila ere bai, noski!
Gaur, zuek izango zarete talde handia, eta ezustekoa ekidin behar duena. Adi ibili beharko duzue.
Normalena, kanporaketa arazo handirik gabe gainditzea litzateke, baina baditu tranpak: Haron [Espainia] jokatuko dugu, belar artifizialeko zelai batean... Guk gauza gutxi ditugu irabazteko, eta asko galtzeko. Hori bai, oso gogotsu gaude, eta uste dut maila emango dugula.
Ezustekoak aipatuta, zu handia ari zara ematen: kolpean igo zara Hirugarren Mailatik Lehen Mailara, eta funtsezko bihurtu. Nola ari zara bizitzen hori guztia?
Motibazio handiarekin egin dut lan udan lehen taldetik deitu nindutenetik, eta berehala jaso dut saria. Jokatzeko aukera ugari ari naiz izaten; gehienbat zelai erdian, eta eskuin hegalean ere bai, azken partidetan. Uste dut baliagarria ari natzaiola izaten taldeari, eta oso pozik nago horrekin. Egia esan, oraindik ez dut barneratu bizitzen ari naizen guztia. Agian, udaran konturatuko naiz, lagunekin komentatzean: «Begira, Kroosekin ageri naiz argazki honetan!».
Hasiberria izan arren, patxada handia igortzen duzu. Berezkoa duzu izaera hori, edo lantzen den zerbait da?
Gurasoek txikitatik erakutsi didate pertsona heldua izaten. Eta gero, oso lagungarria da Oierrek [Sanjurjok] eta Robertok [Torresek] ematen didaten konfiantza. Haiek ondo dakite zein momentutan nagoen, haiek ere bizi izan zutelako bere garaian. Oso aholku onak ematen dizkidate. Gero, esan behar da gauza bat dela kanpotik ematen duzun itxura,eta beste bat, barruan sentitzen duzuna. Baina ona da aurkariei urduritasun zantzurik ez igortzea.
Noiz egon zara urdurien?
Debutean batez ere, Leganesen zelaian. Jagobak partida hasi baino ordubete lehenago eman zigun hamaikakoaren berri, eta kirioak dantzan jarri zitzaizkidan titular izango nintzela ikustean. Hurrengo lehia Sadarren jokatu genuen, eta orduan, are urduriago jarri nintzen agian. Hori bai, jokatzen hasi eta gero, lehia arruntak balira bezala aritu nintzen.
Entrenatzailea zer mezu ari zaizu igortzen?
Dakidana egiteko esan dit lehen egunetik. Hori ari naiz egiten. Eta gero, asko ari naiz hobetzen entrenamenduetan, erritmoari dagokionez-eta. Nire esker ona adierazi beharrean naiz Jagobari, konfiantza handia eman baitit hasieratik. Ez da jokalarion gainean egoten, eta hori eskertzen dugu. Egindako hutsak azaltzen dizkigu, baina, bestela, askatasuna ematen digu. Azkenaldian, azalpen gehiago eman dit, niretzat erabat berria zen toki batean jokatu baitut.
Txukun zabiltza hegalean. Nola egokitu zara horren azkar?
Defentsan inoiz aritua nintzen galdetu zidan Jagobak. Ezetz esan nion nik, eta txundituta gelditu nintzen. «Zer, ez duzu ikusten?», galdetu zidan berak. Halako iruzkinek konfiantza ematen dizute. Azkenean, hegalean aritzea ez da zaila. Erdiko atzelaria ateratzean, apur bat itxi behar duzu. Gero, erasora jotzeko erabateko askatasuna eman dit Jagobak.
Talde barruan giro oso abegikorra omen dago. Nola hartu zaituzte gainontzeko taldekideek?
Hasteko, talde teknikoaren adeitasuna aipatu behar da. Oso pertsona naturalak dira, eta bide ematen diote jokalarien arteko giro onari. Harreman oso ona dugu denon artean. Barre ugari egiten ditugu batzuen ateraldiekin. Brandon, adibidez, artista da. Oso ondo hartu naute denek, eta uste dut horrek eragina duela zelaian.
Zure adineko jendearekin aritu zara orain arte, baina, orain, jende helduagoa duzu alboan. Handia da aldaketa?
Bizitzaren fase ezberdinean gaude. Lehen taldean, ia denek dituzte seme-alabak, baina ni oraindik ez nago fase horretan. Dena den, esan bezala, oso jende jatorra eta atsegina da, eta bizimodu desberdinak izan arren, oso ongi moldatzen gara.
Ingurukoak nola ari dira bizi izaten zure garapena?
Senitartekoak oso pozik daude. Whatsappeko taldea dugu, eta animoak bidaltzen dizkidate sarri. Lagunak ere pozik daude, baina hein batean, interesagatik. Beti daude honen edo bestearen kamiseta eskatzen [barreak]. Kritikoagoak ere badira, eta zirikatu egiten naute egindako akatsekin. Ondo dago, hala familiakoen laudorioak orekatzen baitituzte.
Egun, eliteko futbolak berezkoa du sekulako oihartzun mediatikoa. Nola daramazu fokupean egote hori?
Ohitzen ari naiz, pixkanaka. Lehen partidan, aldagelan geundela, bi kamera sartu ziren,bat-batean. Harrituta gelditu nintzen. Hor ere, ezin intimitaterik eduki... Baina, tira, nahiko ongi ari naiz eramaten. Noizean behin, hedabideekin hitz egiten dut, eta bestelako ekitaldiak ere izaten dira. Oraingoz, ez nago gogaituta.
Ospeak aldatu egin zaitzakeela uste duzu?
Ni beti bezalakoa naiz orain ere. Gurasoek beti esaten didate ez hasteko gauza arraroak egiten. Gauza garestiak ez erosteko, eta abar. Lehen taldean, jendeak beste bizi maila bat dauka, garbi dago, baina nik hankak lurrean ditut. Ez dut burua galtzeko arriskurik ikusten.
Orain arteko jardunari erreparatuta, hamalau lehia jokatu dituzu, zazpi titular moduan, eta gol bat ere sartu duzu, Espanyolen zelaian. Bada zerbait.
Lehen lehietan, gauzak ahalik eta errazena egiten saiatu nintzen. Jardunaldien joanean, konfiantza hartuz joan naiz, eta, orain, askeago nabil. Hainbeste, ezen gol bat ere egin baitut. Ederra izan zen. Baloia luze bidali nuen, eta inprobisatu egin nuen gero, atezainaren aurrean baloia zapalduta. Txikitan, areto futbolean jokatzen nuen, eta keinu hori inkontzienteki atera zitzaidan.
Akaso, egunero Chimy Avilarekin lan egiteak ere izan zuen eragina.
Kalitate handiko jokalariak ditugu. Ruben Garcia eta Roberto Torres ere oso onak dira. Txundituta gelditzen naiz haiek egiten dituzten gauzekin. Eta ate aurrean, sekulako maila ari da ematen Chimy. Une oro dena emandaaritzea da haren sekretu bakarra. Gainera, harreman berezia du Sadarrekin. Elkar elikatzen dute.
Jon Moncayola. Osasunako jokalaria
«Oraindik ez dut barneratu sasoi honetan bizitzen ari naizen guztia»
Ligako lehen itzuli distiratsua osatu ostean, Moncayolari gustatuko litzaioke mailari «albait arinen» eustea. Espainiako Kopan, berriz, «urruti» iristeko ilusioa dauka. Nafarrek Haron jokatuko dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu