Esther Lopez

Oraindik ez da nekatu

18 urterekin irten zen Hernanitik boleibolaren bideari ekiteko, eta 40rekin puntan lehiatzen jarraitzen du. Zortzigarren aldiz izan da ligako txapeldun, eta oraindik ez du erretiroa hartu nahi: «Gorputzak irauten duen bitartean...»

ESTHER LOPEZ.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Mito deitzen diote aldagelan, ondo merezita, baina baita adarra joz ere. «Beti gogoratzen didate adinarena. «Taldearen batez bestekoa zuk igotzen duzu», eta halakoak. Tira, taldean badago 40 urte inguruko beste jokalariren bat, baina egia da, 19 urte inguruko taldekideak dauzkat...». Esther Lopezek 41 urte egingo ditu azaroan, eta, ziur asko, Euskal Herriaren historiako boleibol jokalari onena da. Eta onena ez bada, ziur ibilbide luzeenekoa dela, eta titulu bilduma handiena duena.

Lopezek Espainiako zortzigarren liga irabazi zuen duela bi aste. Naturhouse Logroñon jokatzen du egun, eta, finalean, GH Leadernet Iruñeko taldeari irabazi zioten. Oraindik ere hunkitzen da garaipenekin, eta, dioenez, inor ez da inoiz nekatzen tituluak irabazteaz. «Lan asko dago atzean, ez dago titulu errazik, eta denak dira bereziak». Hala dio berak, baina zaila da sinestea, are gehiago berak duen uztarekin, ligez aparte, Espainiako zazpi kopa dituelako, bost Superkopa eta Europako Kopa bat.

Europako Kopa Tenerife Marichalen jokatzen irabazi zuen, 2004an. Espainiako Ligak maila harrigarria zuen orduan, eta Europako izar handi asko fitxatu zituzten taldeek. «Garai handiak ziren haiek», hartu du gogoan nostalgiaz. «Maila ikaragarria zegoen, eta jokalariek baldintza oso onak genituen. Eraikuntza enpresen garai onak ziren, eta dirua inbertitu zuten boleibolean». Baldintzez mintzo da, eta Lopezek pribilegiatutzat du bere burua, 22 urte baitaramatza boleibolean jokatzetik bizitzen. Hori bai, egoera asko aldatu da. «Jokalariak orain amateur eta semiprofesional arteko zerbait gara. Ia denek ikasketekin edo beste ogibideren batekin uztartzen dute kirola. Ez dugu etxe bat erosteko adina irabazten. Mila euro inguru irabazten dugu, baina, nik behintzat, garai onak bizi izanaren kontsolamendua dut».

17 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan Oskarbi Gasteizko taldearekin. Ordura arte, herriko taldean ari zen, eta, Gasteizen, Espainiako Ligako hamalau taldeko bidea hasi zuen: Toledo, Ciudad Real, Socuellamos, Avila, Burgos, Tenerife, Benidorm, Palma de Mallorca, Miranda Ebro, Menorca, Murillo, Haro eta Logroño. Maleta egitea ez zaio kostatu izan, baina badu arantza bat sartuta. «Izan ditut eskaintzak Europako Liga garrantzitsuenean jokatzeko—pasa den sasoi hasieran Suitzara joateko aukera izan zuen—, baina ez naiz ausartu. Beldurtia izan naiz, eta orain damututa nago».

Europan agian zaila izango da, baina Lopezek jokatzen jarraitu nahi du. Lehen, 40 urteetan jartzen zuen bere ibilbidearen muga; baina, behin iritsita, soka baduela ikusi du. Lehen Mailan, aise mugitzen da oraindik, eta badu tokia elitean. «Ni ondo nago fisikoki. Lesio asko izango banu, edo maila ematen ez dudala ikusiko, nik utziko nioke jokatzeari. Ez dut arrastaka ibiltzeko gogorik, baina oraindik ez da une hori iritsi».

Ekainero erabaki behar izaten du, eta hurrengo sasoirako eskaintza zain dabil. Ondo bidean Logroñon jarraitu beharko luke, boleibolak Errioxan duen oasi txikian. Aurretik Haron eta Murrillon jokaturiko da, biak Errioxako herriak, eta bere egungo taldeak 250 jokalari ditu behe mailetan. «Haron ere ehundik gora dituzte. Denak neskak, kirol honek aukera oso onak ematen dizkie. Beti diot laguntza handiagoa beharko genukeela, harrobian lan handia egiten delako».

Entrenatzaile titulua

Eliteko boleibola baina itzalean gelditu da. Espainiako ligak ez du tokirik telebistetan, eta, federazioak Europako sailkapenean behera egin duenez, Logroñoko taldeak ezingo du CEV Kopa jokatu—Europako bigarren txapelketa—, eta Challengean ariko da. Dena den, Lopezi min handien ematen dion egoera, Gipuzkoakoa da. «Gurasoak Hernanin ditut, eta gustura bukatuko nuke nire ibilbidea Gipuzkoan. Bigarren Mailako talde bat balego sikiera... Fortunak badu taldea, Nazional Mailan uste dut. Euskal Herrian lan handia dago egiteko boleibolean, baina horrek babesa behar du, eta egun kirol handiek jasotzen dute bakarrik». Lopezek boleibol entrenatzailea titulua du, eta nahi beste eskarmentu. Jakinduria hori non zabaldu falta zaio bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.