Hondarribia-Irunek lehen mailan jokatuko duen ala ez zehazteko dago oraindik. Informazio kontrajarriak zabaldu ziren atzo, eta taldeak zioen 70.000 euroko bermea jartzeko epea gaur bukatzen zela. Aldiz, Espainiako hedabide batzuek aurkakoa zabaldu zuten, alegia, Espainiako Federazioak ez zuela onartu Hondarribiko taldeak epea irekitzeko eginiko eskaera, eta, azkenean, liga hamabi taldekoa izango dela.
Uda zaila izaten ari da Hondarribia-Irunentzat. Iragan sasoian mailari eustea kosta bazitzaion, ondoren etorritakoak ez dira gozoagoak izan. Arazo ekonomikoek taldea estutu dute, eta komeria ugari izan ditu izena emateko behar diren 70.000 euroak biltzeko. Zuzendaritzak dirua jartzeko epea gaur arte luzatzeko eskatu zion Espainiako Federazioari, eta baiezkoa eman zietela diote. Are gehiago, gaur bertan diru hori lor dezaketela uste dute.
Espainiako hedabide batzuek, baina, aurkakoa diote, federazioak ez zuela onartu. Sportsalamanca.com agerkari digitalak hamabiko liga izango zela zioen atzo, federazioak ez zuelako onartu. Agerkari horrek Perfumerias Avenida taldearen egunerokoa oso gertutik jarraitzen du. Perfumerias ligako talde indartsuenetako bat da. Hondarribia-Irunek azkenean jokatuko ez balu, bi lirateke lehen mailan ariko diren euskal taldeak: EHU eta Ibaizabal. Iruñeko Obenasak ere ez zuen lortu bermerako dirurik.
Olaizola eta Motos, bi urterako
Gipuzkoa Basketek bi urterako —urtebeterako printzipioz, eta baldintza jakin batzuk emanez gero beste batez luzatzeko aukera— berritu ditu Julen Olaizola (Donostia, 1993) eta Mikel Motosen (Donostia, 1993) kontratuak. Olaizola iragan sasoiaz geroztik da lehen taldeko kidea, eta hurrengoan Motos alboan izango du. Biek debuta egina dute ACB ligan baina iragan sasoian minutu gutxi jokatu zituzten. Beste fitxaketak alboratu ditu oraingoz Gipuzkoa Basketek, egunotan Javi Salgado, David Doblas eta Sito Alonsorekin aurreko kontratuen baldintzak berriro negoziatzen ari baita.
Oraindik ez da argitu Hondarribia-Irun lehen mailan ariko den
Taldeak dio gaur bukatzen dela bermea ordaintzeko epea, eta Espainiako hedabide batzuek, aurkakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu