Iñigo Juaristi. Alaveseko entrenatzailea

«Oraindik azkenak garen arren, hobeto lehiatzen ari gara»

Alavesek aukera eman dio berriz Lehen Mailako talde bat zuzentzeko. «Ilusioz» hartu du Arabako taldeari mailari eusten laguntzeko erronka. Azken postuan egon arren, baikor da.

ALAVES.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Iñigo Juaristi (Berango, Bizkaia, 1958) Ibaiara iritsi berri da; buru-belarri prestatzen ari da gaur Alavesek Madrilen zelaian jokatuko duten partida (14:00, Dazn). «Gure jokatzeko era ezartzen ahalegindu behar dugu, irabazteko aukerak izateko», dio.

Zer deritzozu etenean egindako lanari?

Nik taldea ondo ikusten dut beti, gogotsu eta intentsitatearekin. Konpromiso handia du.

Gaur Madrilen aurka jokatuko duzue, sasoi honetan ezustea eman dutenetako baten kontra. Nola ikusten duzu aurkaria?

Orain aste batzuk, bolada txar bat izan zuen, baina eman dio buelta. Talde osoa da, eta ideiak garbi ditu: atzean sendoa da, zelai erdian zentzua ematen dio jokoari, eta aurrean bizkorra eta erabakigarria da. Azken hori funtsezkoa da. Izan ere, egun asko hitz egiten da baloia edukitzeaz eta joko landuaz. Horrek gol aukerak sortzera eraman zaitzake. Baina, gero, asmatzen ez baduzu, alferrik da.

Rachael Kundananji nola geratu aztertzen ari zarete?

Argi dago jokalari oso bizkorra dela, eta buruz burukoetan indartsua. Baina izan ditugu halako beste jokalari batzuk aurrean. Argi dago haiek proposatzen dutenari aurre egin beharko diogula. Baina, nire ustez, arreta gugan jarri behar dugu, eta gai izan gure jokatzeko era ezartzeko. Partida askotan lortzen ari garela uste dut, eta, alde horretatik, pozik nago. Baina gol aukerak hobeto baliatu behar ditugu. Hor dugu gabeziarik handiena.

Zer espero duzu taldeaz gaur?

Etxetik kanpo, Bartzelonaren kontra izan ezik, talde nahikoa lehiakorra gara, eta uste dut lortu ditugunak baino puntu gehiago lortzeko moduan ginela; adibidez, Alhamaren, Levante Las Planasen, Vila-realen eta Sporting Huelvaren kontra. Baina, azkenean, puntu bakarra atera genuen partida horietan. Garesti ordaindu dugu gol aukerak ez baliatzea, batez ere aurkari zuzenen kontra.

Salbazioa bi puntura duzue. Nola ikusten duzu borroka hori?

Borroka zaila da, eta prest egon behar dugu halako egoera batek eragiten duen presioari eusteko. Zazpi talde gaude bost punturen aldean. Gehienek antzeko egutegia daukagu. Agian, guk abantaila txiki bat izan dezakegu, jada jokatu baitugu lehen hiru sailkatuen kontra bigarren itzulian ere. Ziurrenik, geratzen zaigun aurkaririk zailena Atletico Madril da. Gainontzekoekin lehiatzeko moduan gaude; batez ere, salbazioa ziurtatuta eduki, eta lehen hiru postuetara iristea ezinezkoa dutenen aurkakoak: Sevilla, Valentzia, Reala... Aurkari zuzenen kontra ere hobeto aritu beharko dugu.

Sporting Huelvaren, Levante Las Planasen eta Alhamaren aurka etxean jokatuko duzue. Horrek abantaila ematen dizue?

Egia da etxean partida hobeak jokatu ditugula. Baina ezin dugu gehiegizko konfiantzarekin aritu. Etxean jokatze hutsagatik ez ditugu partida horiek irabaziko. Gainera, etxetik kanpo ere irabazteko gaitasuna dugula sinetsita jokatu behar dugu. Neurketa bakoitza aukera bat da gauden lekutik ateratzeko.

Iritsi zinenean nahi zenuen lekuan dago taldea?

Sailkapenari erreparatuta, argi dago ezetz. Izan ere, azken postuan dago oraindik. Izan dugun egutegia kontuan hartuta, hobeto egon gintezkeen. Baina uste dut taldea hobeto lehiatzen dela, partida onak egin dituela, eta puntu garrantzitsuak lortu dituela. Lanean jarraitu behar dugu, eta batez ere, animoz indartsu izan, horrek gero eta garrantzi handiago hartuko baitu. Are gehiago kontuan hartuta amaieran jokatuko dugula aurkari zuzenen aurka.

Zertan hobetu du taldeak iritsi zarenetik?

Iritsi aurretik ere, taldea ez nuen horren gaizki ikusten. Niri intentsitate handiko taldeak gustatzen zaizkit: ondo defendatzen dutenak, eta baloia berreskuratu bezain laster gora begiratzen dutenak. Arlo horietan, taldeak garapen handia izan du.

Neguko merkatuan Ornella Vignola, Esther Laborde eta Julila Moreira fitxatu dituzue. Zer emango dizuete jokalari horiek?

Batez ere, multzoa handiagoa izatea. Izan ere, genuena txikiegia zen. Multzo batean jokalari gutxi izateak abantaila bat du: guztiek aukera gehiago dauzkate jokatzeko, eta tentsio txikiagoa dago. Entrenatzaileontzat ere, errazagoa da kudeatzen. Baina lesioekin, txartelekin eta abarrekin arazoak edukiz gero, zailtasunak izaten dituzu. Horrekin batera, kalitatea ematen digute.

Espero zenuen berriz Lehen Mailan entrenatzea?

Nahiz eta Lehen Mailan ez izan, entrenatzaile lanetan jarraitu dut, bai Bizkerren, baita euskal selekzioarekin ere. Gauzak ez zaizkit hainbeste aldatu. Denbora neraman Lehen Mailan entrenatu gabe, eta ilusioz hartu dut erronka. Espero ote nuen? Ez nuen horretan pentsatzen. Urte hauetan izan ditut aukerak, baina lan eta familia arrazoiengatik ez ziren gauzatu. Alavesen aukerak baldintza guztiak betetzen zituen.

Profesionalizazioak ekarri beharko lukeen guztia ekarri du?

Ikusgaitasunaren eta hedabideen arretaren aldetik pauso handiak eman dira, eta jokalarien maila ere asko hobetu da, baldintzak hobetu direlako.

Nola ikusten duzu Athletic, zure talde izandakoa?

Ez daude bolada onean. Espero dut sasoi amaieran gurekin batera arriskutik kanpo egotea. Gazteek kalitate handia dute, eta, pazientzia baldin badute, Athleticek etorkizun oparoa izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.