Lehiatzen gozatu: hori da Laia Salsamendi pilotari gazteak (Etxauri, Nafarroa, 2006) egiten duena. Eta, bide batez, zaleek ere disfrutatzen dute hura ikusten. 14 urte besterik ez dituen arren, onenen pare dago. Maila ikusgarria ematen ari da, eta txapelketa garrantzitsuak irabaztea ere lortu du. Udan, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko torneoan gailendu zen binaka, eta Antiguokoa irabazi zuen banaka. Ados Pilota elkarte sortu berriak antolatutako Plazaz Plaza txapelketan ere nagusitu zen, Oihana Orbegozorekin batera. 14 urte ditu, baina ez da soilik etorkizuneko pilotaria; oraina ere bada. Kantxan gailentzen ari den harribitxia.
Bide oparo horretan, ordea, eten bat egin behar izan du: belaunean min hartuta dago, eta lesioa luzerako izango dela dirudi. Halere, behin kolpea hartu eta jazotakoa irentsita, indarrez dago datorrenari heltzeko. Kantxara itzulera du buruan, eta lan egingo du horretarako. «Errehabilitazioan ari naiz, kantxara ahalik eta lasterren bueltatzeko», azaldu du. Aitortu du lesioa kolpea izan dela, oso ondo zebilelako, baina heldutasunez heldu dio: «Kirolean hau gertatzen da, eta niri tokatu zait. Orain errekuperatzea dagokit, eta inoiz baino hobeto itzultzen saiatuko naiz».
Salsamendiren ibilbideari errepasoa egin dio Maite Ruiz de Larramendi pilotariak (Beasain, Gipuzkoa, 1973), eta dituen dohainak aztertu ditu: «Pilotan aritzeko behar diren gaitasun guztiak ditu. Polita egiten du, erraz». Indarguneak zeintzuk diren galdetuta, hala erantzun du: «Denak, esango nuke». Jokoa ikusten dakien pilotaria dela dio. «Niretzat, Laiak [Salsamendi], sake perfektua ateratzen du, indartsua; min handia egiten du. Eta oso lasai egiten du, tenple handiarekin. Airetik ondo ematen dio, boleaz ere bai. Beti daude hobetzeko gauzak, noski, baina kolpe guztiak menderatzen ditu. Landu ditu, eta emaitza hor dago: oso polita egiten du».
Horrez gain, pilotalekuan duen ausardia eta patxada nabarmendu ditu Ruiz de Larramendik. Haren arabera, ez da kikiltzen, eta tenplea du. «Gai da 10-1 atzetik joanda markagailua irauli eta lasai irabazteko. Makineria konektatzen duenean, armategi osoa ateratzen du, eta dominatzen ditu airea, gantxoa, bolea, sotamanoa... Haren pilotakada guztiek asmo bat dute». Argi esan du: «Banaka, dena irabazteko gai ikusten dut. Laia [Salsamendi] egun dagoen pilotaririk osoena da». Onartu du disfrutatu egiten duela hura ikusten. Orain lesionatu izana «pena» dela dio, baina gogorarazi du «ibilbide luzea» duela aurretik. «Garrantzitsuena belauna ondo errekuperatzea da, behar duen denbora hartuta. Eta itzultzen denean, ilusioarekin eta gogotsu bueltatzea; berriro dena eman eta borrokatzera». Etorkizun eta orain itxaropentsua dituen pilotaria dela dio.
Hain zuzen, udan nabarmenduda gehien Salsamendi. Etxauriko pilotariak esan du ez zuela espero halako partidak jokatzea, baina lanaren fruitua izan dela: «Saiatu naiz nire maila ematen, eta oso gustura nago. Gogor entrenatu naiz, dena eman dut beti, eta sentipen oso onekin geratu naiz. Hor goian egoten jarraitu nahi dut». Azaldu duenez, bideaz gozatzen ari da, eta hala segitzeko gogotsu dago.
Egunotan Herbehereetan egon da euskal pilota selekzioarekin, Europako Junior Pilota txapelketan. Lesioa tarteko, ezin izan du jokatu, baina «egundoko esperientzia» izan dela aipatu du. «Oso gustura egon naiz, ikaragarrizko jende ona da. Ikusi dut nola jokatu duten, eta animatzera joan naiz».
Pasioarekin hitz egiten du Salsamendik pilotaz. «Niretzat dena da». Azaldu du haren helburuetako bat beti izan dela profesional izatea, baina, hala ere, urratsez urrats joan nahi du, gozatzen; baita emakumezkoen pilotak hazten segitzea ere.
Bidean segitu
Azken urteetan loraldia izan du emakumezkoen eskuzko pilotak. Neska pilotariek lehen lerrora jauzi egin dute, eta egoera berrira egokitu eta emakumeen pilota haziz joateko lanean ari dira. Horren adibide da maiatzean Ados Pilota izeneko lehen klub profesionala sortu izana. Ruiz de Larramendi da egitasmoaren bultzatzaileetako bat, eta azaldu du «behar» baten ondorioz sortu zela. Aurrerapausoak eman dira, baina ez nahikoak.
Halere, Ruiz de Larramendik gogorarazi du garai batean emakumeek adin batera iritsitakoan pilota utzi edo palara pasatu behar izaten zutela, halabeharrez. Ez zegoen modurik eskuzko pilotan jarraitzeko. «Hori ez zaio gertatu Salsamendiri. Hor dago diferentzia. Inork ez dizkio hegalak moztu, eta hobetzen jarraituko du».
Bide horretan segitu ahal izatea «gozamena» dela dio. «Zorte handia da Salsamendik eta bere adineko guztiek ez dutela gelditu behar izan. Gertatu ahal zaien onena da. Laiak hau aprobetxatu behar du, bizitzen ari den guztia, eta, benetan gustatzen bazaio, jarraitu ditzala urte asko pilotan. Etorkizun oparoa du».
Salsamendik ere adierazi du gero eta neska gehiago aritzen direla pilotan, eta alde horretatik «oso pozik» dagoela. Eskerrak eman dizkie «hor ari diren» emakume guztiei.
Laia Salsamendi
Oraina eta etorkizuna
Zeresana ematen ari da Salsamendi pilotaria. 14 urte baino ez ditu, baina maila ikusgarria duela erakutsi du, eta gai izan da goi mailako pilotariei irabazteko. Bideaz gozatzen ari dela dio, eta horretan jarraitu nahi du. Orain min hartuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu