Arrauna

Oraina eta etorkizuna dira

Ondarroak bidea eman die harrobiko gazteei, eta ondo ari dira. Bigarren txandan egonkortu dira, eta bilakaera handia izaten ari dira, estropada asko jokatuta.

Estropada amaieran, Gimeno patroia arraunlariak agurtzen Untzetabarrenetxea begira duela. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
Estropada amaieran, Gimeno patroia arraunlariak agurtzen Untzetabarrenetxea begira duela. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

Hogei urtez azpiko bost arraunlari ditu Ondarroak lehen traineruan: Unax Bedialauneta (2004), Markel Kalzakorta (2005), Unax Zabaleta (2005), Ander Untzetabarrenetxea (2005) eta Xanet Gimeno (2006). Bostak ondarroarrak dira, harrobian hezitakoak, eta euren maila erakusteko gai izan dira Eusko Label ligan. Salbuespena dira gaur egungo arraunean, baita eredu ere.

Aurreko denboraldian 17 urterekin egin zuen debuta Gimenok. Bilboko erlojupekoan izan zen, eta nekez ahaztuko du estropada hura. Beste bi estropada jokatu zituen iaz, eta, aurten, dagoeneko beste hiru jokatu ditu. Patroi gazteak adierazi du aurten «lasaiago» ari dela. «Aurreko denboraldian urduri aritu nintzen nire lehen urtea zelako; neure burua estutzen nuen. Konfiantza handia eman didate, eta hori oso garrantzitsua izan da ni lasaiago egoteko. Aurten, kontrolpean sentitzen dut trainerua, eta horrek lasaiago joaten uzten dit».

Debuta espero gabekoa izan zen, baina bazekien aurten noizbehinka traineruan sartzeko aukera izango zuela. «Gutxi gorabehera badakizu nolako parte hartzea izan dezakezun. Aurreko denboraldian ez nuen inola ere espero debuta egitea, eta, aurten, ordea, banekien gutxienez hiru jokatuko nituela».

«Entrenatzaile eta taldekide guztiekin oso eskertua nago: konfiantza eman didate. Badakit ez dela batere erraza horrelako aukera bat ematea»

ANDER UNTZETABARRENETXEAOndarroako arraunlaria

Istriborrera begiratu, eta, gehienetan, Untzetabarrenetxea ikusten du Gimenok. Untzetabarrenetxeak lehen urtea du, baina jokatu dituzten estropada erdietan egon da eskifaian. Bera ere «oso pozik» dago, espero baino estropada gehiago jokatzen ari delako. «Entrenatzaile eta taldekide guztiekin oso eskertua nago: konfiantza eman didate. Badakit ez dela batere erraza horrelako aukera bat ematea».

Arraunlariaren kasuan, urduritasuna azkar kendu behar izan du gainetik. «Lehenengo estropadetan oso urduri aritu nintzen, baina taldekideen babesa jasotzeak lasaitu egiten zaitu. Hasieran normala da norbere burua estutzea, baina pixkanaka ikasten zoaz, eta, orain, beste arraunlari bat naiz».

Bientzat pozgarria da lehen traineruan batera aritzea, baita haien adinekoak eta lagunak diren beste arraunlariekin aritzea ere. «Txikitatik aritu gara batera bateletan eta trainerilletan, eta orain dela urte batzuk ez zuen gutako inork imajinatuko orain hemen egongo ginenik. Pozgarria da guretzat, eta oso eskertuak gaude eman diguten aukeragatik», adierazi du Gimenok. Laguntasun hori nabarmendu nahi izan du Untzetabarrenetxeak. «Taldeko gazteak beti aritu gara elkarrekin; batzuk kuadrillakoak ditut txikitatik, eta besteekin harreman bikaina daukat. Horrek ere laguntzen du babestuagoa sentitzen, eta erosoago egoten. Pozgarria da, ez bakarrik lehen traineruan aritzen garelako, baizik eta baita bidea lagunekin egiten ari garelako ere. Badaude ere negua gurekin egin duten lagunak, orain Orioko B ontzian daudenak».

«Ondarroak beti egiten du apustua bere harrobiaren alde, eta klubak oso argi dauka bere filosofia: lehenik, harrobikoak, eta, ondoren, kanpokoak»

XANET GIMENOOndarroako patroia

Guztiei eman dizkieten aukerak eskertu dituzte bi arraunlariek, baina «prozesu naturala» izan dela azpimarratu dute. Untzetabarrenetxeak dio badakitela aukera ematen dien aldiro «ahal duten onena» egin behar dutela, eta hori «oso barneratua» dutela. Gimenok, berriz, entrenatzailearen jokaera nabarmendu du. «Errastik aukera ikusten duenean ez dauka beldurrik gazteak sartzeko, eta aurtengoa adibide ona da. Uste dut aukera horiek eman egin behar direla. Ikusi da emaitzak lortu direla».

Bistakoa da entrenatzaileak aukera eman diela debuta egin eta maila gorenera egokitzeko. Hala ere, emaitzak oso onak izaten ari dira gazteak traineruan daudenean, eta horrek ere lagundu egiten die, Gimenoren hitzetan. «Aurreko denboraldiko emaitzak kaskarragoak izan ziren, eta, orain, bigarren txandan gaude, askoz ere erosoago. Uste dut egoera honetan errazago egin daitezkeela aldaketak larunbatetik igandera, taldekideek atseden hartzeko». Untzetabarrenetxeak ere sailkapenari erreparatu dio. «Beste egoera batean, agian, desberdin izango litzateke. Geure onena emateko presioa daukagu, eta txanda irabazten saiatzekoa. Aurreko urtean, aldiz, beheko traineruetatik aldentzeko presioa zegoen».

Emaitza horietan ere badute zer esan taldeko beteranoek. Bi arraunlari gazteen hitzetan, «ezinbestekoak» dira, bai haientzat eta bai traineruaren errendimendurako. Gimenok nabarmendu du beretzat «oso euskarri garrantzitsua» direla. «Taldean bagaude oso arraunlari gazteak, baina ondoan esperientzia handiko beteranoak dauzkagu. Asko erakutsi eta lagundu digute, batez ere taldean urte asko eman dituzten Ondarroako beteranoek. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta oso giro ona daukagu».

Nahasketa horretatik ondo orekatzen den talde bat atera da, Untzetabarrenetxearen ustez. «Adinari erreparatzen badiogu, aldaketa handia da, baina denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, eta ez da igartzen horrelako alde handirik. Urte mordoa elitean eman dituzten arraunlariak dira, eta asko ikasten dugu haietatik».

Harrobia lehenik

Arraunean harrobiak duen garrantzia eztabaidagai den garai hauetan, adibide ona utzi du Ondarroako Arraun Elkarteak. Gimenoren ustez, haren elkarteak harrobiari dio estimuaren beste adibide besterik ez da berak eta bere lagunek bizi dutena. «Ondarroak beti egiten du apustua bere harrobiaren alde, eta klubak oso argi dauka bere filosofia: lehenik, harrobikoak, eta, ondoren, kanpokoak. Oraingoz, funtzionatzen du. Ni oso harro nago Ondarroako Arraun Elkarteaz. Gauzak ondo egiten ari gara, eta gaur egungo arraunean oso zaila da gazteei eman dizkiguten aukerak ematea».

Untzetabarrenetxeak, ordea, Eusko Label ligako beste klub batzuk aipatu ditu, bere elkartearen lana goraipatzeaz gain. «Klubak harrobian egiten duen lanaren fruitua da aurten ikusi direnak. Isuntzan eta Getarian ere esango nuke antzeko zerbait gertatzen dela. Orokorrean, kirol gehienetan gertatzen da jende gazteari aukera askorik ez ematea, baina arraunean argi dago Ondarroan aukera hori badagoela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.