Haimar Zubeldia. Trekeko txirrindularia

«Orain zer datorkigun badakit, eta indarrak gordeta dauzkat»

Pirinioetan sartuko da gaur Frantziako Tourra, eta, Alpeetan bezala, aurrean ibiltzea espero du Zubeldiak. Pedal kolpe onarekin dago, eta lehen hamarretan sailkatzeko gai dela iritzi dio.

«Orain zer datorkigun badakit, eta indarrak gordeta dauzkat».
jon eskudero
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ez da edonor Haimar Zubeldia (Usurbil, Gipuzkoa, 1977). Aurtengoarekin, hamahirugarren parte hartzea du Frantziako Tourrean, eta «motibazioz gainezka» jarraitzen du. Nola jarraitu ere; bosgarrenez, lehen hamar sailkatuen artean sartzeko aukera baitu. Hamabigarren postuan dago orain, baina Pirinioetan zein erlojupekoan lan ona egitea espero du. «Esperientzia lagun dudanez, indarrak gordeta dauzkat azken asterako», aurreratu du Trekeko txirrindulariak.

Gogotik eskertuko duzue atseden eguna iritsi izana, ala?

Bai, noski. Nik, behintzat, behar nuen lasai-lasai egoteko egun bat. Hankak nekatu samar neuzkan, eta lotarako premia ere banuela uste dut. Datozen egunetan, gorputzak eta buruak ederki eskertuko digute atseden hartu izana.

Halere, ez zaude buruari buelta asko emateko premian. Gustura al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Nahiko gustura, bai. Tourrera abiatu baino lehen ere esan nuen zein zen nire helburua: lehen hamarren artean sartzea. Eta bide onean noa. Pedal kolpe freskoarekin sentitu naiz egunero, eta ohera sartzean berehala lo hartzen dut. Ez naiz buruari bueltaka aritzen, eta hala jarraitzea espero dut.

Pirinioak erabakigarri izango dira helburua betetzeko orduan.

Garai onean ailegatuko zaizkit Pirinioetako etapak. Gainera, Euskal Herriko jende andana batzen da, eta horrek motzago egiten du astea. Badakit ez dela erraza lehen hamarretan sailkatzea, baina sailkapen nagusiari begiratzea aski da dauden diferentzia motzez jabetzeko. Vincenzo Nibali beste guztiok baino gehiago da; hori bai, hurrengo gehienok bost bat minuturen barruan gaude. Hutsik ez egitea eta erregularra izatea ezinbestekoa izango da.

Eta zu, zerbait bazara, erregularra zara.

Hori da. Urteen poderioz baliteke freskotasun apur bat galdu izana, baina oraindik indartsu sentitzen naiz. 2003an, bosgarren geratu nintzenean, hanka onak neuzkan, baina esperientziarik ez. Eta, orain, biak dauzkat: hankak eta esperientzia. Noski, egun txar bat edonori toka dakioke, baina orain zer datorkigun jakin izan dut bi asteotan.

Pirinioetan Euskal Herriko jende ugari biltzen dela esan duzu. Euskaltel-Euskadiren erreferentzia galdu ondoren, hala izango al da aurten ere?

Badaukat gogoa euskal zaleek zer erantzun ematen duten ikusteko. Dudarik ez dago kolore laranjaren hutsunea nabarituko dela, baina euskal zalerik ez da faltako. Hori seguru. Taldekideek galdetzen didate aurreko urteetako giroa egongo ote den, eta nik baietz erantzuten diet. Esperantza hori daukat. Hori bai, oso arraro egingo zaigu kolore laranjaren falta. Pentsa, tropelean bertan Euskalteleko elastikoen falta ere sumatzen dut! Orain ohartzen gara zer-nolako zortea genuen euskal talde bat maila gorenean edukita.

Eta, Pirinioak gaindituta, erlojupekoa izango duzue. Hura ere erabakigarria. Zer moduzkoa da zuretzat?

Nire ezaugarriak kontuan hartuta, egokia dela esango nuke. Ibilbidea ikusten izan nintzen, eta gustatu zitzaidan. Dena den, azken-aurreko eguna izango dela jakinda, indarrak edukitzea izango da garrantzitsuena. Espezialista onenak ere kale egin dezake.

Nork irabaziko du Tourra? Eta nortzuk osatuko dute podiuma?

Okerrik egiten ez badu, Nibalik berea du Tourra. Oso nagusi da. Alberto Contador eta Chris Froome erretiratu izan ez balira, egia da dena ezberdin joango zela, baina, gauzak dauden moduan, Nibalik irabaziko du. Pertsona azkarra da, eta ez da kasualitatea hura erori ez izana, erorikoak ez baitira izaten zorte txar hutsak. Bigarren Alejandro Valverde geratuko dela uste dut, eta hirugarren, Tejay van Garderen.

Aurtengoa izango al da zure azkeneko Tourra?

Ezetz espero dut. Trekekin dudan kontratuak jarraitu egingo du, eta datorren urtean hemen egon nahi dut. Lanerako ilusioa eta motibazioa gainezka daukat oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.