Julen Aginagalde. PGE Vive Kielce taldeko jokalaria

«Orain, txapelketa hau dut buruan; gero zehaztuko dut nire etorkizuna»

Gaurtik hilaren 27ra jokatuko dute Munduko Eskubaloi Txapelketa, Alemanian eta Danimarkan. Hiru euskal jokalari ariko dira Espainiarekin: Julen Aginagalde, Iosu Goñi eta Eduardo Gurbindo. Lehia amaitzean hitz egingo du irundarrak Kielcerekin geroaz.

«Orain, txapelketa hau dut buruan; gero zehaztuko dut nire etorkizuna».
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Gabonak garai aproposa dira etxekoekin patxada ederrean egoteko, baina Julen Aginagalde (Irun, Gipuzkoa, 1982) ohituta dago jada egun horietan familiarekin eta lagunekin nahi baino gutxiago egotera. Urte hasieran jokatu ohi dira eskubaloian selekzioen arteko txapelketa nagusiak, eta pibote irundarrak hamarkada luze bat darama horietako bakar batean hutsik egin gabe. Ez da aritu alferrik, garaipen zerrenda bikaina osatu baitu: munduko eta Europako txapeldun izan da Espainiarekin, besteak beste.

Urte berria, eta, ohi legez, txapelketa garrantzitsu bat jokatzear zaude. Ondo ari zaren seinale da.

Zorionez, hala da. Berri ona da garai honetan buru-belarri aritu behar izatea.

Joan da 2018. urtea. Zein balorazio egiten duzu?

Batetik, Espainiako selekzioarekin, bikaina izan da urtea, Europako Txapelketa irabazi baikenuen urtarrilean. Nire taldearekin, Kielcerekin, berriz, Poloniako Liga eta Kopa eskuratu genituen. Txapeldunen Ligan, ordea, ez ginen Lauko Finalerako sailkatu, baina halakoak gertatu ohi dira Paris Saint-Germain edo halako talde indartsu baten kontra jokatzean.

Urtea hasi eta berehala duzu lehen erronka, eta ez nolanahikoa, Munduko Txapelketa, Alemanian eta Danimarkan. Zein itxura hartzen diozu?

Oso txapelketa zaila izango da. Batetik, irabazlea 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatuko da, eta, halako saria egoten denean, ohi baino lehia handiagoa izaten da. Bestetik, Munduko Txapelketa Danimarkan eta Alemanian jokatuko da, oso selekzio indartsuak dituzten bi herrialdetan, hain zuzen ere. Ziur bata zein bestea dena ematen saiatuko direla.

Iaz Kroazian jokatu zen Europako Txapelketa da azkeneko erreferentzia, eta Espainiak irabazi zuen, zu tartean zinela. Zerbait esan nahi du horrek?

Ezertxo ere ez. Orduan egindakoa historia da jada, eta historiarekin ez da ezer irabazten. Orainak bakarrik axola du.

Ordukoarekin alderatuta, apenas izan den aldaketarik Espainiako selekzioaren deialdian. Oinarria eginda dago, beraz. Hori abantaila handia da.

Bai, noski, denbora daramagulako elkarrekin jokatzen, eta mekanismoak barneratuak ditugulako. Abantaila da, baina ez du ziurtatzen arrakasta.

Zein izan zen Europako Txapelketa irabazteko gakoa?

Pazientzia izan genuela, eta egoera zailetan, behera egin beharrean, gora egin genuela. Gai izan ginen bi neurketa galduta ere txapeldun izateko.

Nolako selekzioa da Espainiakoa?

Oso dinamikoa. Ez dugu beste selekzio batzuek dituzten jaurtitzaile peto-petoak, eta, beraz, beste baliabide batzuk erabili behar ditugu. Aberatsagoak gara baliabidez.

Frantzia, Danimarka, Alemania, Kroazia, Espainia... Hautagaiak betikoak dira. Ezustekoren bat izan daiteke?

Bai. Adibidez, iaz, Europako Txapelketan, Suedia txapeldunorde izan zen hiru partida galduta. Beraz, edozer gerta daiteke.

Frantziak, egungo txapeldunak, Nikola Karabatic faltako du, min hartuta baitago. Uste duzu kalte egin diezaiokeela?

Ez dakit. Argi dago oso gabezia garrantzitsua dela, jokalari puska bat baita. Baina hura gabe ere Frantzia izan daiteke txapeldun. Jokalari zerrenda bikaina du.

Kroazia, Mazedonia, Islandia, Bahrain eta Japonia izango dituzue aurkari lehen ligaxkan, eta hiru sailkatuko zarete bigarren ligaxkarako. Zer-nolako traza hartzen diozu lehen fase horri?

Oso multzo zaila da, eta errespetuz aritu beharko dugu. Partidaz partida joango gara, baina argi izanda zenbat eta partida gehiago irabazi orduan eta egoera hobean egongo garela bigarren ligaxkarako. Ezin dugu hutsik egin: aurreneko ligaxka zaila baldin bada, zer esanik balizko bigarrena. Frantzia, Alemania, Errusia eta Serbia arituko diren multzoarekin egingo dugu bat.

Hain zuzen, hori da berritasunetako bat. Aurreko Munduko Txapelketan ligaxka bakarra jokatu zen, eta gero kanporaketak. Zein sistema duzu gustukoago?

Ez dakit, baina egia da azkenaldian hobeto aritu izan garela bi ligaxka jokatu behar izan ditugunean; adibidez, iaz, Europako Txapelketa irabazi genuenean.

Munduko Txapelketa amaitutakoan, Poloniara itzuliko zara. Sasoi honen amaieran bukatuko zaizu kontratua Kielcerekin. Zer asmo duzu etorkizunari begira?

Ez dakit, oraindik ez dut ezer erabaki. Gaurkoz, Munduko Txapelketan bakarrik dut burua. Hau bukatutakoan jarriko naiz horretara. Lehenbizi, klubarekin hitz egingo dut, ea zein asmo duen. Klubak pibote bat fitxatu du 2020-2021eko denboraldirako [Nicolas Tournat frantziarra], eta jakin nahi dut zein asmo duen etorkizunerako.

Kielcek diru arazoak dituela zabaldu da. Hala da?

Bai, baina, zoritxarrez, hori ohikoa da eskubaloian.

Bodgan Wenta Kielceko alkatea Bidasoko jokalari izandakoa da. Edozein laguntza da ona.

Espero dezagun bera alkate izateak mesede egitea taldeari [barrez].

Bestela, badakizu Irunen ongi etorria izango zarela, are gehiago anaia presidente izanda.

Hori badakit [barrez].

«Anaia, bazkide eta presidente gisa, Julenek Bidasoan jokatzeak irrika sorrarazten dit. Ilusio bat da, eta hori lortzeko lan egingo dugu». Hori esan zion anaiak BERRIAri presidente kargua hartu berritan. Zintzo erantzun: badago aukerarik zu Bidasoa taldera itzultzeko?

Bai, noski, nik ere badut ilusio hori. Beti esan dut gustatuko litzaidakeela Bidasora itzultzea eta erretiroa etxeko taldean hartzea. Baina, horretarako, zenbait gauzak bat egin behar dute.

Adibidez?

Bada, ni kontratupean ez egotea.

Itxura du gertu dagoela une hori.

Ez dakit, eta, egia esan, orain ez dut burua horretan. Munduko Txapelketa bat jokatzear naiz. Horrek axola dit orain. Gero gerokoak.

Aurki hartuko duzu erabakiren bat?

Ez dakit. Iritsiko da aukera guztiak mahai gainean jartzeko garaia, eta orduan hausnartuko dut, eta erabaki bat hartu.

Anaiak hilabete eta erdi darama Bidasoko presidente karguan. Nola ikusten duzu egiteko berri horretan?

Ilusio handiz, eta oso lanpetuta, bileraz bilera. Daukan guztia ematen ari da Bidasoa talde hobeago bat lortzeko.

Nola bizi izan duzu anaiak egin duen prozesu guztia? Lehenbizi, hautagai izateko pausoa ematea; horren ondorioz, erretiroa hartu behar izatea, eta, azkenik, lehendakari bilakatzea.

Ilusio handiz bizi izan dut, hasiera-hasieratik oso animatuta ikusi bainuen. Guk ere animatu egin genuen. Pena bakarra izan da nola hartu behar izan duen erretiroa, egun batetik bestera kasik, hogei urte baino gehiagoko kirol ibilbidea egin ondoren.

41 urterekin hartu du erretiroa anaiak. Zuk 36 egin berri dituzu. Haren pareko ibilbidea egiteko asmoa duzu?

Ez dut uste horrenbeste urtean jokatuko dudanik. Daukadan adinarekin, gainera, egunez egun joan beharra dago.

Buruak eta gorputzak esan ohi dute kito. Zer esaten dizute zuri?

Bada, segitzeko. Oraindik egurrean jarraitzeko moduan ikusten dutneure burua.

Badira kirolariak asko sufritzen dutenak urteen joanak eragiten dituen ondorioekin. Kosta egiten zaie barneratzea ez direla lehengoak. Zure kasua ere bada?

Ez. Kontziente naiz ez dudala hastapenetako sasoia, baina bizitzaren legea da. Bizkarrak gerra pixka bat ematen dit [lesioa izan zuen, eta ebakuntza egin zioten], baina sasoiko ikusten dut neure burua, sasoiko eta ilusioz.

2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak begien bistan egotea nahikoa pizgarri da, gainera, jarraitzeko.

Bai, noski. Duela hiru urte kolpe handia jaso genuen Rio de Janeiroko Jokoetarako sailkatu ez ginenean. Ez dugu hori berriro gertatzerik nahi, eta, hori lortzeko, lehen aukera dugu gaurtik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.