«Orain, onenak irabaz dezala»

Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa pozik dago: gertatzen dena gertatzen dela, haren enpresako pilotariek irabaziko dituzte lau eta erdiko bi txapelak. Hala ere, argi du hurrengoan egoera «iraul» daitekeela. «Finalerdi parekatuak» espero ditu.

Jokin Altuna. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Lanez lepo» dabil Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa (Bergara, Gipuzkoa, 1970). Itzalean gustatzen zaio lan egitea, baina noiz edo noiz argia bereganatzen du. «Jokinena eta Aperena [Jon Apezetxea intendentea] da finalerdietan Aspeko lau pilotari egotearen meritua. Lan ikaragarria egiten dute: egunero daude laguntzeko prest; oso gustura gabiltza. Haiei esker daramagu horren bolada ona», esan zuen Joseba Ezkurdiak, Unai Lasori irabazi eta lau eta erdiko finalerdietarako sailkatu berritan.

Etxanizi «ilusioa» egiten dio halakoak entzuteak: «Eskertzekoa da. Halere, Josebak esan bezala, egunero egiten dugu lan elkarrekin; konfiantza dugu, eta segituan sumatzen dugu noiz ari diren gustura. Eta, orain, nabari dugu gustura ari direla. Gainera, oso emaitza onak lortzen ari gara».

«Pozik» dago, baina «lurrean» ditu oinak: «Orain arte bezala segitu behar dugu». «Esperientziak» esaten dio egoera «iraul» daitekeela: «Gertatuko da lana egin arren ez lortzea emaitza onak. Bitartean, gozatu egin behar dugu; txapelketak erreskadan jokatzen dira, eta ez dago ezta egindakoaz disfrutatzeko astirik ere».

Lortutakoaz gozatzen ari da. Ez da harritzekoa, gertatzen dena gertatzen dela lau eta erdiko bi txapelak Asperentzat izango baitira: lehen eta bigarren mailakoak. «Lasaitua» hartu dutela dio:«Orain, gure helburua da denak gustura aritu daitezela lanean, eta konforme gera daitezela egindakoarekin. Nire desioa da denek euren maila eman dezatela. Gero, onenak irabaz dezala. Urduriago egongo ginateke beste enpresako pilotariak tartean egongo balira».

Haren iritziz, txapelketan zerbait argi geratu bada, pilotari guztiek «asko» jokatzen dutela izan da: «Horregatik galdu dute ustez faborito ziren zenbait pilotarik, eta horregatik izan dira lehenak Peio [Etxeberria] eta Aitor [Elordi]. Lau eta erdikoan, gainera, ezustekoak egon ohi dira. Oso albiste ona da beste pilotari batzuk nabarmentzea: txapelketarentzat, pilotarentzat eta pilotazaleentzat. Eta pilotari horiek gure enpresakoak badira, askoz hobeto; gu, pozik».

Elordi aipatu du berehala: «Iaz, lehen aldiz jokatu zuen, eta pauso bat eman zuen: ligaxka jokatu zuen. Aurten, beste bat eman du. Joseba, Laso, Danel [Elezkano]... multzo zaila zuen, eta ez genekien nola moldatuko zen. Baina ikusgarri aritu da: hiru partidak irabazi ditu. Asko jokatu behar da hori egiteko. Jokinek badaki asko jokatu beharko duela hari irabazteko. Aitorrek lehen mailako lehen finalerdia du, eta ikusteko dago nola eragingo dion. Baina orain arte oso lasai aritu da, oso adi».

Elordik «berezko dohainak» dituela dio: «Oso ondo egiten ditu gauza asko: sakatu eta tantoa bukatu, gantxoz zein boleaz. Pilotari arriskutsua da; aurkariek estimu handia diote». Baina zerbait bada, «oso langilea» dela dio: «Bazekien sake errestoa hobetu behar zuela, baita defentsa ere, ezkerrarekin. Lan handia egin du hori hobetzeko. Horregatik dio bere buruan gehiago sinesten duela: hobetu beharrekoak landu eta hobetu baititu».

«Indartsu datoz atzetik»

Peio Etxeberriaz, berriz, esan du ez dela kasualitatea bigarrenez jarraian finalerdietan aritzea: «Dohain onak ditu lau eta erdian jokatzeko: oso oldarkor aritzen da beti, eta erritmo handiz. Tarteka, opariak egiten ditu, eta hori hobetu behar du. Baina ez baduzu behartzen, eta bere jokoa egiten uzten badiozu, oso arriskutsua da. Aurten ikusi da hori».

Ez Elordik, ez Peio Etxeberriak ez dute gorabeherarik izan txapelketan. Bai, ordea, Altuna III.ak eta Ezkurdiak. Baina baikor dago Etxaniz: «Behetik gora egin dute biek. Sasoi onean daude orain».

Txapeldunaren lana aztertu du lehenbizi: «Lehen partidan ez zen gaizki aritu, baina Peñak asko jokatu zuen lesionatu zen arte. Peioren aurka, ordea, ez zen batere ondo aritu. Dariori, berriz, derrigorrez irabazi behar zion, eta oso erraz irabazi zion. Sasoiko dago, eta ondo ditu eskuak. Sasoi onean harrapatu dio finalerdiak».

Iritzi bera du Ezkurdiaz: «Lehen partida galtzeak presioa eragin zion. Ez zen bete-betean aritu Danelen aurka, baina irabazi egin zuen. Gero, partida erabakigarrietan erakutsi du txapeldun handia dela. Sekulakoa egin zuen Lasoren kontra, eta horrek konfiantza handia eman dio».

Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak gaur jokatuko dute, Iruñean, Labriten (17:15, ETB1); Altuna eta Elordi, berriz, bihar ariko dira, Bilbon (17:00, ETB1). Etxanizek uste du «lehia parekatuak» izango direla: «Laurak oso ondo moldatzen dira lau eta erdian». Halere, uste du apustuak Ezkurdiaren eta Jokin Altunaren aldekoak izango direla —Interneteko apustu etxeetan oso faborito dira—: «Ulertzekoa da, Jokin eta Joseba pilotari handiak baitira. Baina erne egon behar dute, eta bete-betean aritu, atzetik datozenak indartsu datoz eta».

Lau eta erdikoa amaituta hasiko da binakakoa, eta harekin, bikoteak osatzeko buruhausteak. Peio Etxeberriak eta Elordik merituak egin dituzte lehen aldiz jokatzeko. «Lasai» dago Etxaniz: «Goikoek erabakiko dute. Nire lana da erabakia ahalik eta gehien zailtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.