Arrauna. Eusko Label liga. Ioseba Amunarriz. Hondarribiako patroia

«Orain gaude irabazteko lehian»

Udako sasoirik onenean dabil Hondarribia, eta Amunarrizek onartu du konfiantzaz ari direla, uda hasieran «arraunean presaka eta galduta ibili eta gero». Kontxarako prestaketa «urtero bezala» egin dutela dio.

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hondarribiak ez zuen negu distiratsua egin; ez, behintzat, aurreko urteetan bezalakoa. Uda hasieran ere, Eusko Label ligan, ez zen ibili fin-fin, eta orain dator onenera, Zarauzko bi jardunaldietan erakutsi zuen bezala, asteburuan, ikurrina irabazita. Ioseba Amunarriz patroiak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) garbi utzi nahi izan du ez dutela liga bazterrean utzi Kontxaren mesedetan.

Zarauzko irabazleak askotan irabazi izan du gero Kontxako Bandera, eta zuen iazko adibidea hor dago. Hain erraza balitz...

Seinalerik onena da ondo iristen garela Kontxara, eta estatistika horri ez diogu kasurik egiten. Bete-beteko bi estropada egin genituen Zarautzen, asteburuan, eta, hori gertatzen denean, oso azkar joaten da trainerua.

Larunbatean gogorra zegoen arraunerako, eta igandean mugitu egin zen itsasoa. Bi egoera ezberdin horietan hain ondo aritzeak gauza asko esan nahi ditu, ezta?

Bai. Larunbatean oso ondo ibili ginen, ikusita zein ziren beste aurkariak. Igandean ere ondo aritu ginen, baina onartu behar dut kaleak mesede egin zigula.

Kalearena onartzea ondo dago, baina horri etekina atera behar zaio.

Hala da. Askotan gertatzen da kale ona tokatzea eta lan onik ez egitea.

Orain ari da azaltzen udako Hondarribia onena, eta prestaketa neurri handi batean irailera begira egin duzuelako da hori, apustu nagusi gisa Kontxako Bandera jarriz?

Ez. Ligaren hasieran, uztailean, saiatu ginen borrokan sartzen eta ahalik eta azkarren ibiltzen, baina Orio oso indartsu hasi zen, puntu asko ateraz besteoi. Ez ginen erregularrak izan, eta liga hor joan zitzaigun. Estropadaz estropadako planteamendua egin genuen horren ondorioz, ahalik eta azkarrenak izan nahian, eta garbi utzi nahi dut hau: ez dugu liga baztertu udan zehar. Nabaritu dugu estropadaz estropada joanda presioa arindu egin zaigula, eta ondo moldatu gara planteamendu berri horrekin.

Bide horretan, badirudi Mikel Orbañanosek aurkitu duela talderik onena, hamahiruko sendoena. Zer diozu?

Ematen du horrela dela, baina Kontxarako egun batzuk falta dira, eta arraunlari guztiek heldu behar dute onenean estropada handi horretara. Egia da hamahiruko horrekin ondo gabiltzala, baina beste guztiak ere prest daude taldeari azkarra izaten segitzen laguntzeko. Ikusi zen Ondarroan nola irabazi genuen, Lizarralde eta Lopez barruan zirela, lan bikaina eginez, eta etxeko estropadan ere bai, beste batzuk sartuz, lehian ibili ziren amaiera arte. Ikusten da hogei arraunlariko talde ona dugula, eta ez direla hamahiru soilik balekoak.

Ligako hasiera ez onaren eraginez, Kontxara begira prestaketa gehiago doitzeko aukera izan duzue?

Ez. Beste urteekin alderatuta, ez dugu aparteko ezer egin. Betiko bidean goaz.

Uztaileko estropadetan, presaka bezala ibili zineten arraunean, eta, orain, aldiz, hartu duzue zuen betiko arraunkera. Hori izan zen akatsik handiena ligaren hasieran?

Bai. Zaila izan zen, gure arraunkera ez genuelako aurkitzen, eta konfiantza aurkitu ezinda ibili ginen.

Nola gal dezake hain berea duen arraunkera Hondarribiaren moduko talde batek?

Estropada hautsi nahian eta irabazteko gogoz, galdu egin ginen. Irteeran jarri, eta ez genuen lasaitasunik aurkitzen, burua galduta bezala aritzen ginen. Orain, beste gauza bat ikusten da; traineruaren joanak beste zentzu bat du, eta benetan gaude sartuta banderak irabazteko lehian. Orain gai gara edozein egunetan irabazteko.

Sei garaipen dituzue ligan, eta lau bandera. Euskadiko Txapelketa ere lortu duzue. Uda bete-betekoa ez izateko ez dira emaitza txarrak.

Ez, baina kirolariak beti nahi izaten du gehiago. Hala ere, emaitzak onak dira, eta azkar dabil trainerua. Gainera, urtez urte gabiltza goian, eta oso pozgarria da.

Euskadiko Txapelketa etxean eta klubaren 50. urteurrenean irabaztea handia izan zen.

Bai. Ilusio berezia geneukan, eta aparteko motibazioa. Konfiantza hartzeko oso ondo etorri zitzaigun garaipena.

Kontxako bigarren igandea Hondarribiako jaien egun handian da aurten, irailaren 8an. Ez duzue motibazio berezirik behar izaten Donostiarako, baina beste zerbait emango dizue egun horretan izateak?

Emango digu, polita baita festetako egun handian estropada handia izatea, baina Kontxak, zuk esan bezala, nahikoa motibatzen du bestela ere.

Nolakoa izango da aurtengoa?

Orain arte ligan ikusi dugunaren arabera, bospasei talde gara faboritoak bandera irabazteko. Hori horrela izanik, zortea alde duenak aukera handiagoa edukiko du: txanda ona, eguraldia, kalea... Dagoen mailarekin, edozein izan liteke irabazlea. Sailkatze egunetik hasi behar zara zorte ona izaten.

Galiziara zoazte asteburuan, ligako bi estropada jokatzera. Kontxaren bezpera-bezperan, oztopo da haraino joatea?

Ez. Egutegia horrela dago antolatuta, eta ahal den eta ilusio handienarekin joan behar dugu, bi estropada on egitera. Kontxa oso gertu daukagu, baina aurretik dauden lanak ondo egin behar ditugu, konfiantza hartu eta buru aldetik indartsu heltzeko Donostiara. Azkenaldian lortu dugun konfiantza puntu on hori ezin dugu galdu Galizian.

Etxeko estropadan, Iker de la Linde joan zen patroi. Zerbait esan nahi du?

Ez. Lan bikaina ari da egiten, eta opari hori irabazita zeukan.

Oraindik denbora luzez jarraituko duzu?

Saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.