Ibon Navarro. Laboral Kutxa Baskoniako entrenatzailea

«Orain, galtzeak min handiagoa ematen du»

Bederatzi urtez entrenatzaile laguntzaile izan ondoren iritsi zaio ontzi handi bateko lema hartzeko garaia, eta itsaso txarrarekin, gainera. Gasteizko semea da, eta gertutik bizi du kargua, baita haren etxekoek ere.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Kimikaria da ikasketaz, eta urtebete egin zuen Alemanian horretan lanean, baina saskibaloia da Ibon Navarroren ogibidea (Gasteiz, 1976). 2006az geroztik entrenatzaile laguntzaile izan da talde profesionaletan, baina azaroaren 13an bizitza aldatu zitzaion. Geroztik lehen entrenatzaile da Laboral Kutxa Baskonian, bere talde kutunean. Hala ere, oraindik bigarren entrenatzaile joerak ditu: «Partida bat jokatu ondoren, berehala ikusten dut bideoa. Gau horretan hurrengo aurkariaren bat ikusten dut, eta goizez beste bi».

Zer moduz egiten duzu lo lehen entrenatzaile zarenetik?

Ondo. Gutxiago, baina ondo. Tira, partida izan dugun egunean kosta egiten zait lo egitea.

Irabazita ere bai?

Galdu ondoren gehiago kostatzen zait. Baina irabaztean ere bai.

Bizitza asko aldatu al zaizu?

Niri, hedabideei kasu egin behar izatea albo batera utzita, ez. Denbora libre gutxiago dut; tira, lehen ez nuen asko, baina orain gutxiago. Nik uste dut gehiago aldatu zaiela nire ingurukoei.

Etxekoei eragin die ala?

Haiei galdetu beharko genieke; niri, behintzat, ez didate esan gaizki daramatenik. Baina egia da urduriago sumatzen ditudala; nire ustez, gehiegi irakurri eta entzuten dute. Hasieran, gauzak hain txarrak ez direnean, ez da ezer pasatzen, baina okertzen badira... Ohartarazi ditut halako batean litekeena dela gustatzen ez zaizkien gauzak esatea. Hobe da askorik ez irakurri eta entzutea, orain ona dena gero txarra izan daitekeelako.

Lehen, kaletik zindoazenean inork ez zuen buelta emango. Orain, aldiz, mundu guztiak?

Ez pentsa... Noiz edo noiz bai, tabernaren batean sartu eta umeren batzuk, elastikoarekin, kasu egiten dizute. Baina askotan ez.

Zer daramazu okerren?

Tankera honetako elkarrizketak. Ez, txantxa da: partidak galtzea.

Lehen entrenatzaile moduan min handiagoa ematen al du?

Bai. Ezetz uste nuen, baina galtzeak min handiagoa ematen du.

Bertigorik? Gasteizkoa zara, Baskonia zer den badakizu...

Hilabete barru entrenatzaile hasiko nintzela esan balidate, tarte horretan bertigoa emango lidake, baina bat-batekoa izan zenez, ez dut denborarik izan. Baina egia da bertako semea izanda erantzukizuna handiagoa dela, eta eramaten jakin behar da. Berezia da, eta ea goza dezakedan zerbait irabazten dugunean. Jendea, zure jendea, pozik ikustea... Horrek izugarria izan behar du. Eta atsekabeak eta porrot txikiak iristen direnean, min handia ematen du.

Bi hilabete hauetan gutxitan ikusi dituzu pozik.

Oso gutxitan. Eman nahi nieke poz handi bat, bene-benetan, baina zaila da.

Zer esan zizun Joxean Kerejetak eskaintzean? Harritu zintuen?

Ea taldea hartzeko gogoz nengoen galdetu zidan, ea neure buruagai ikusten nuen... Eta baietz esan nion. Nik norbait etor zedila espero nuen. Partida baten ondoren izan zen —Euroligakoa—; handik egun batera beste partida bat zegoen —GBCren aurka, ACBligan—, eta horren ondoren norbait etorriko zela uste nuen. Baskoniaren aulkia da... Palmaresa eta aurreko entrenatzaileak ikusita, izen handi bat nahiko zutela zirudien. Nik ez nion bueltarik eman kontuari; lan asko nuen. Egunak pasatzen joan ziren, entrenamenduak, gauzak konpontzen saiatzen ari ginen... Baina gauza handirik aldatu gabe, norbait etor zitekeelako. Eta denbora pasatzen ari zenez, gauzak aldatzen hasi nintzen niri gustatzen zaidan horretara egokitzeko, eta hala jarraitu dut.

Hotz azaldu duzu. Euforiarik ez?

Lehen une hartan lur jota geunden. Lau hilabetez lan egiten ibili nintzen pertsona bat bazihoan, lotura bat genuen, adiskideak ginen... eta Marco [Crespi] ikusi genuen moduan ikusita, ez zen saltoka egoteko moduko albiste bat. Zerbait txarren ondorioa zen.

Hitz egin duzu Crespirekin?

Bai. Hark pasio handia du saskibaloiarekiko, eta ziur nago ondo irtengo zaizkiola gauzak. Hark bere onena ematen du: energia, pasioa... Haren bizitza hori da. Eta gauzak hala egiten dituzunean, ondo irten behar zaizkizu, ziur.

Bederatzi urte laguntzaile moduan. Ez zitzaizun burutik pasatu inoiz ez zinela izango lehen entrenatzailea?

Ez ninduen arduratzen. Egia da lan egin dudan entrenatzaileek esan izan didatela honetan pentsatzen hasi behar nuela, baina ez nion buelta askorik ematen. Halakoetan pentsatzen baduzu, arreta eta denbora gal ditzakezu. Askotan hori zuk ez duzu kontrolatzen; aukerak iritsi egiten dira...

Luxuzko laguntzaile izatearen ospea duzu: Ivanovic, Spahija, Perasovic, Scariolo... Guztiek ametitu zintuzten alboan.

«Luxuzko» hori... Ez dakit... baina egia da entrenatzaile onekin lan egiteko aukera izan dudala. Baina hemendik irteten zarenean, eta beste toki batzuetan dagoen egoera ikustean, antzematen diozu entrenatzaile laguntzaile on asko daudela.

Europako talde askotako entrenatzaileak bigarren izan ziren aurretik: Olympiakos, CSKA...

Kontzeptu okerra dago. Entrenatzailea entrenatzailea da, eta batzuk laguntzaile dira, eta beste batzuk ugazaba. ACBn aurretik lehen entrenatzaile izandako laguntzaile asko dago: Txus Mateo, Zan Tabak, Curro Segura...

Entrenatzailearen eta laguntzailearen aulkiaren artean metro bat dago, baina metro luzea da.

Metro bat baino gutxiago! Bai, asko aldatzen da dena. Paco Olmosekin hitz egin nuen duela gutxi, eta nik onartu nion orain ulertzen ditudala entrenatzaileengan ikusten nituen gauza batzuk.

Adibidez, zer?

Laguntzaile zarenean, xehetasun batzuek zure arreta pizten dute, eta entrenatzaile zarenean, ikuspegi globalago bat behar duzunez, gauza txiki horiek ikustea kostatzen zaizu. Entrenatzaile zarenean, beste gauzak batzuek arduratzen zaituzte, eta ezin duzu dena kontrolatu. Ez da ez dituzula ikusten, baizik eta beste lehentasun batzuk daudela.

Luzarorako ikusten duzu zeure burua postuan?

Beti esan dut saskibaloi profesionaleko nire ibilbidea ez zela Gasteizen hasi eta ez da Gasteizen bukatuko. Zure lana hau denean, badakizu gaur hemen zaudela, bihar beste nonbait... Hiru urtetan hiru taldetan egon naiz. Noiz arte? Emaitzek erabaki dezakete, edo ez... Ni ahalik eta gehien saiatuko naiz.

Eta pauso bat atzera eman beharko bazenu? Berriz ere laguntzaile izatea, alegia?

Zaila da erantzuten... Hemen ezingo nukeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.