Inork buruan ez daukan, ikusi nahi ez duen egoera da, baina gerta, gerta liteke. Marka izango litzateke Baskoniak gaur kale egitea, edo bere etxeko lanak eginda ere Euroligako azken laurdenetatik at geratzea, baina azken pausoa eman behar du. Azken bultzadatxoa. Orain ezin da kale egin. Bere burua zortzi onenen artetik kanpo ikusi, Moskun garaipen handia lortu, eta gaueko 22:30 aldera agur esan beharra gogorra izango litzateke, eta hori saihesteko ahalegin berezia egin behar dute jokalariek. Berea egin aurrena: Siena menderatu. Bartzelona eta Atenasera begiratu ondoren, bi plaza horietan logika betetzeko itxaropentsu.
Palau Blaugrana eta Bakea eta Laguntasuna pabiloietan gertatzen denaren zain egon beharko baita, nahitaez, azken-laurdenak ziurtatzeko. Logika betetzea, normalena. Zer da, baina, logika? Lehen baldintza: Bartzelonak etxean Maccabi menderatzea, jokoan ezer ez badu ere. Bigarrena Atenasen: Olimpiakosek Khimki menderatzea. Gauzak garbi edukitze aldera, hauxe da panorama: errusiarrak 13 puntu arteko aldeagatik nagusitzen badira eta Maccabik Bartzelonari irabazten badio, kanpoan egongo da Baskonia, bere partida irabazita ere.
Bartzelonak 24 partida irabazi ditu jarraian etxean Top 16an. Ez du partidarik galdu han 2006az geroztik, eta Sienan ere ikusi zen, gaur zortzi, Pascualen mutilak ez daudela opariak egiteko. Garaipenek ematen dute konfiantza, eta Bartzelonak Top 16a 13-1 balantzearekin bukatzeak bultzada polita emango dio azken-laurdenei begira. Olimpiakosek ere ezin du lokartu. Lau puntugatik gal dezake, asko jota. Hala eginez gero, barruan egongo da, baina kalkulu horietan pentsatzen hasten bada, seinale txarra beraienzat. Greziarrek beste pizgarri erakargarri bat dute: multzoko bigarren postua, azken-laurdenetan partida erabakigarria izan litekeena euren zaleen epelean jokatzeko. Khimkiri irabazi, eta Maccabik Bartzelonan galtzen badu, egina dute. Laburbiltzeko, Baskoniak Siena menderatu behar du, Bartzelonak Maccabi, eta Olimpiakosek Khimki. Ikasi buruz konbinazio hori, eta 22.30 aldera azken-laurdenetan egongo da Baskonia.
Talde arriskutsua da Siena
Gasteizko demaz. Zan Tabakek ere onartu du, Siena talde gisa definitzea lan zaila dela: «Ezin da jakin nola ariko den, non ariko den ondo edo gaizki, eta horrek arriskutsu egiten du». Adierazpen horrek italiarren joko estiloarekin lotura zuzena du. Hiruko lerrotik mina egin dezaketen jokalari sorta aberatsa du, baina asmatzen dutenean. Asmatzen ez dutenean, oso aldapa gora jartzen zaizkie partidak, saskipean ez dutelako pibot eraginkorrik. Azken hilabete eta erdian larri dabil Siena. Top 16ko lehen itzulia 6-1 balantzearekin bukatu zuen. Azken laurdenetara pasatzea oso bideratuta zeukan, baina bigarren itzulia arrunt txarra izan da: sei jokatu, eta bost galdu.
7-6 balantzearekin, Gasteizen irabazi beste erremediorik ez du. Daniel Hackett gabe dator Montepaschi, baina erne jokalari zerrenda honekin: Bobby Brown, David Moss, Aleksandr Rasic, Marco Carraretto, Matthew Janning, Kristjan Kangur eta Tomas Ress. Denak hirukoak erraz saskiratzeko gai. Baskonian Fabien Causeur da zalantza bakarra.
Orain ezin du kale egin
Final-laurdenetan ariko da Baskonia, gaur Siena menderatu eta Atenas Bartzelonan emaitza arrarorik ez badago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu