Omar Fraile (Santurtzi, Bizkaia, 1990) etxera bueltan da, Frantziako Tourrean zigilua utzita. Etapa garaipen bat eta pedal kolpea ekarri ditu handik. Baditu konfiantza eta sasoia klasikoko aurreko postuetan agertzeko.
Frantziako Tourrean parte hartu duzun lehen aldia izan da. Nolako aho zaporea utzi dizu?
Benetan gozoa. Urtarrilean esan izan balidate Tourrean etapa bat irabaziko nuela, begiak itxita sinatuko nukeen. Denboraldian zehar nire buruari jarritako helburu denak bete ditut, eta oso gustura nago. Ikaragarri polita izan zen Parisko Eliseoko zelaietara sartzea. Amets bat bete dut, hainbestetan ikusi dudan lekuan lehiatzeko aukera izanda. Tourra amaitze hutsa ederra da.
Bete al dituzue talde bezala jarritako helburuak?
Agian, Jakob Fulsangekin sailkapen nagusian aurreraxeago egotea espero genuen, baina ezin izan du izan. Hala ere, Magnus Cort Nielsenen etapa garaipenek eta nireek oihartzun handia eman diote taldeari.
Asko erretiratu dira, eta aurkarien mailak harritu egin du Fulsang. Hain gogorra izan al da?
Nik aurreneko Tourra nuen, baina nire ibilbideko seigarren itzuli handia zen, eta, alde handiarekin, hau izan da gogorrena. Lehen bederatzi egunak sekulakoak izan ziren: tentsio eta abiadura handia, eroriko ugari... Alpeetan ere eromena zen nagusi. Alpe D'Huezeko etapa tortura hutsa izan zen. Egun osoa igaro genuen ahalegin betean: mendateak gogorrak ziren, etapa luzea zen...
Sufrimendu hori poz bilakatuko zen hamalaugarren etapa irabaztean. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Menden amaitzen zen etapa gorriz markatuta nuen egutegian. Bagenekien ihesaldiak aukera ona izango zuela, eta txirrindulari ugari sartu ginen borrokan. Azkenean, maila bikaineko ihesaldia sortu zen. Oso indartsu sentitu nintzen. Hala ere, odol hotzarekin eta buruarekin jokatu nuen, eta hori izan zen garaipena lortzeko gakoa.
Maila honetara iritsita, nolako txirrindularia zara orain?
Gaur egun, esan dezaket etapa ehiztari petoa naizela. Begi nahiko ona dut. Argi dago ihesaldietan lasaitasun puntu bat mantentzeko gai naizela. Pixkanaka, bildutako esperientziak eman dit gaitasun hori.
Garaipen zerrenda gizentzen jarraitzen duzu. Irabazteko presioa ere handiagoa al da orain?
Ez pentsa. Badakit zein den nire rola taldean. Denboraldi osoa pasatu dut liderren mesedetan lanean. Hori bai, askatasuna dudanean saiatzen naiz aprobetxatzen. Ehiztaria naiz, eta ehizatzen uzten didatenean gustuko dut irabaztea.
Esana duzu zure burua ikusten duzula Ardeetako Klasikoak lehiatzen?
Bai, eta gustuko ditut, gainera. Taldean ez dugu lider garbirik klasiko horietarako, eta aurten aurrerapauso handi bat eman dut. Oso-oso ondo iritsi nintzen, baina eguraldi bero hark ez zidan batere mesederik egin. Hala ere, ederki gainditu nuen azterketa. Hurrengo urtean itzuliko naiz, eta aurrean ibiltzea espero dut.
Baina horiek apirilean dira, eta gaur Donostiako Klasikoan izango zara. Zer asmo duzu?
Tourrak ematen duen pedal kolpea baliatu, eta ikusiko dugu noraino iristen naizen. Tourrak ematen duen erritmoarekin soilik irabaz daiteke Klasikoa. Entrenamenduekin ez dago maila horretara iristerik.
Jarraian, Espainiako Vueltan izango zara. Zer asmorekin? Mendiko elastikoa nahi al duzu hirugarrenez?
Aurten ez. Talde buruei laguntzera joango naiz. Errepideak ezagutzen ditut, eta uste dut baliagarria izango naizela liderrarentzat. Hori bai, libre ibiltzeko aukera ematen badidate, baliatuko dut.
Begiz joa al duzu Bizkaian jokatuko den etapa?
Egia da etxetik hurbil izateak bereziki motibatzen nauela, baina Oiz mendira egingo den igoera oso gogorra da. Ez da egunik aproposena niretzat. Hala ere, berezia izango da, ziur.
Denboraldia amaitzeko Innsbruckeko Munduko Txapelketan egoteko itxaropenik bai?
Ikusteko dago. Iruditzen zait lan benetan ona egin dezakedala Alejandro Valverdek ortzadar elastikoa irabaz dezan laguntzeko.
Donostiako Klasikoa. Omar Fraile. Astanako txirrindularia
«Orain, esan dezaket etapa ehiztari petoa naizela»
Frantziako Tourrean lehen aldiz parte hartu, eta etapa bat irabazi zuen; hala ere, Frailek ez du ase gosea. Ilusioz ekingo dio aurretik duen lasterketa sortari. Lehen saioa gaur du, Donostiako Klasikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu