Igor Makazaga. Kaiarriba-Donostiarra taldeko entrenatzailea

«Orain dagoen aukera erakargarriena da Donostiarra»

Urtebeteko atsedena hartu eta gero, entrenatzaile lanetara itzuliko da. San Juanen eta Orion zortzi urtez aritu eta gero, Donostiarrari goranzko beste pauso bat ematen lagundu nahi dio KAE 1 ligan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Zarautz
2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkarteak Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972) aukeratu du goiko taldearen entrenatzaile izateko. Ez da edozein. Gero, udan, emaitzak emaitza izango dira, baina aukeraketari patxadaz begiratzen jarriz gero, neurriko zapata dela esan daiteke Donostiako traineru bateratuaren egitasmoarentzat. Gogotsu dago lanean hasteko, eta hartu duen erabakia ona izan dela ez dauka batere dudarik.

Zergatik onartu duzu eskaintza?

Arraunean dauden aukeren artean interesgarriena eta erakargarriena delako.

Zergatik da erakargarriena?

Taldearen egitura oso egokia delako lanerako. Kanporaketan, bigarren jardunaldian atera zen taldearen batez besteko adina 27,5 urte zen. Oso gaztea da. San Miguel ligan, Zumaia izan ezik, gainerako taldeen batez bestekoa 30 urtetik gorakoa izan da. Kanporaketan lehiatu zen taldearen erdia, gainera, batez besteko horretatik behera daude adinean: Julen Elizasu, Joseba Azurmendi, Imanol Iradi, Aitor Iraola, Aitor Aranegi, Telmo Iurramendi eta Nikolas Iurramendi. Onena emateko dute zazpi arraunlari horiek. Luze gabe eta luzera begira lan egiteko, oso talde erakargarria da Donostiarra.

Gazte horiek beteranoak izan dituzte alboan, eta datorren urtean ere horrela osatuko duzu taldea?

Esperientzia oso garrantzitsua da, eta gazteak beraiek ere ari dira hartzen eskarmentua. Gazteen eta esperientziadunen arteko oreka oso interesgarria izaten da, eta gauza onak atera ohi dira nahasketa horretatik.

Helbururenbat aipatu dizu zuzendaritzak?

Barrura begira, badakit hasten garen unetik igoeraren eskakizuna egongo dela taldearen barruan. Azken batean, pauso txiki batera geratu dira aurten, eta normala da berriz saiatzeko grina izatea lehen egunetik. Horrek ez du esan nahi helburua igotzea denik. Lan asko egin beharko dugu igoerako lehian izateko. Sari handi hori lortzeko lau pauso eman behar dira: uztailean, lehen estropadetan, ohorezko txandan finkatu; gero, uda osoan, oso erregularra izan; ondoren, kanporaketa jokatzeko sailkatu;eta azkenik, kanporaketan lortu igoera. Pausoz pauso joan behar dugu.

Oraingo taldearekin lau pausoak emateko moduan izango zarete?=

Donostiarrak oso lan ona egin du harrobiarekin. Bigarren taldea ere hor dago, eta oso gaztea da; inoizko denboraldi onena egin dute KAE 2 ligan. Arraunlari onak ere badaude talde horretan. Lehen aipatu dudan zazpikotea goiko taldean finkatua dago. Dena dela, klubak urtero ekarri izan ditu hiruzpalau arraunlari, eta orain ere etorriko dira batzuk.

Donostiakoak edo ingurukoak izan behar dute?

Ahal dela, bai, eta posible bada, beste nonbaiten dabiltzan etxekoak.

Esan duzu martxan doan tren batera igoko zarela, San Juanen eta Orion ez bezala, bi talde horietan ia hasieratik hasi behar izan zenuelako. Zein da martxan doan tren batera igotzearen alderdi ona?

Eginda dagoen lan ona baliatzeko aukera izango dut. Aurretik, Xabi Zabalak eta Mendik [Jose Ramon Mendizabal] oso lan ona egin dute, eta batere lotsarik gabe esaten dut erabili egingo dudala lan hori. Horretaz gainera, barruan dagoenarentzat, aurreko urteetatik ez da traumatikoa aldaketa, nik neuk egokitu behar dudalako. Haiek ere egokitu beharko dute nirera, baina lehendabizi niri dagokit haienera moldatzea. San Juan eta Orion, dena nire esku utzi zuten, eta, nik abiatutako bidean, han zeudenetako batzuek ez zuten lekurik nirekin, eta hori izaten da traumatikoa, jendea baztertu behar izaten delako.

Zein da landuta dagoen talde batean hastearen alderdi txarra?

Ez diot txarrik ikusten. Ez dut inoiz horrelakorik egin, lehen aldiz sartuko naiz martxan dagoen egitasmo batean, eta baliteke norbaitek pentsatzea hori baino hobe dela zerotik hastea. Baina ni ezezkoan nago.

Esan duzu haiek ere zurera moldatu beharko dutela denborarekin. Zein dira zure gauza horiek?

Aspalditik daukat harreman ona Mendirekin, eta, arraunaz hitz egiten dugunean, elkar oso ondo ulertu dugu biok. Bakoitzak dauzkagu geure bereizgarriak entrenatzaile gisa, normala den bezala; baina iruditzen zait orain joan den bidetik joango dela nire lana ere, eta ez naiz asko aldenduko orain arte Donostiarran egin dutenetik. Ez naiz hasiko gauzak esperimentatzen. Nire gauzak ere sartuko ditut, jakina, baina ezagutu izan dutenetik ez da oso ezberdina izango nirea.

Urtebete egon zara entrenatzaile lanetatik kanpo, eta zer eman dizu atsedenaldi honek?

Inork uste duena baino gehiago eman dit. Pertsona gisa, asko eman dit, ezin delako etengabe jardun trenari ikatza botatzen; mantsotu ere egin behar da abiadura. Arnasa eman dit arlo pertsonalean. Arraunarekin lotuta, berriz, aukera eman dit hausnartzeko entrenatzaile gisa segidan egin nituen zortzi urteen inguruan. Oso maniatikoa naiz, dena objektibizatu nahi izaten dut, eta eguneroko lanak ordenagailuan oso zehatz antolatuta dauzkat. Gauza asko berriz begiratzeko aukera eman dit urtebeteko atsedenak, eta konturatu naiz ustez ondo egindako gauza batzuk hobeto egin ditzakedala, eta beste batzuk ondo eginda zeudela. Hobeto egin nahi horrek ere bultzatu nau berriz entrenatzeko aukerari baiezkoa ematera.

KAE 1ean, bigarren mailan, aritu beharra berdin zaizu?

Bai. Arrauna da, eta bete-betekoa KAE 1 liga. Eremuak erakargarriagoak dira San Miguel ligakoen aldean: Zarautz, Lekeitio, Zumaia, Plentzia, Donostia, Hondarribia, Getaria… Oso lehiakorra da liga, oso talde onak daude, gero eta hobeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.