Orain, aurkariak falta

Zabalak eta Zabaletak erraz irabazi diete Jaka eta Eskirozi, Labriten: 22-13. Bigarren finalista bihar erabakiko da: Altuna III.a-Martija edo Artola-Imaz. Zabaleta konfiantzaz gainezka helduko da finalera.

ESPAÑA PELOTA SAN MATEO
Javier Zabala artxiboko irudi batean. RAQUEL MANZANARES / EFE
jon eskudero
2024ko martxoaren 16a
20:30
Entzun

Aurreikuspenak guztiz bete dira gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan. Besteak beste, binakako txapelketako finalerdietako ligaxka hasi bezala bukatu baitute bi bikoteek. Zabalak —Peio Etxeberriaren ordezkoak— eta Zabaletak irabaziz, eta Jakak eta Eskirozek galduz—Mariezkurrena II.aren ordezkoak— . Jokoan ezer erabakigarririk egon ez, baina serio eta distiratsu aritu da Aspeko bikotea, eta ez die aurkariei ezertarako aukerarik eman. Hasieran hotz hasi dira Zabala eta Zabaleta, baina motorrak berotu dituzte gerora, eta bakoitzak bere esparruan erakustaldia egin dute.

Jaka eta Eskiroz gogotik ahalegindu dira neurketaren dinamika aldatzen, eta lan duina egin dute, baina ez dira ezustea emateko gai izan. Zabalak jarraipena eman dio azkenaldiko bolada onari, eta Zabaletak berretsi du garai bikainean dagoela. Ezbairik gabe, nafarra konfiantzaz gainezka iritsiko da binakako finalera, bi aste barru.

Emozioa soilik lehen tantoetan izan du norgehiagokak. Lehiaren zama bere gain hartu du Jakak, eta ederki nahasi du jokoa aurreko koadroetan. Inspiratuta aritu da, eta Baikoko bikotea aurretik ipini da hasieratik: 3-0 eta 5-1. Eskiroz bera ere oso sendo ageri da atzeko koadroetan, eta lagunaren sendotasuna ederki baliatu du Jakak. Era guztietako tantoak egin ditu. Hots, pozak ez die askorik iraun gorriei. Saskitik pilota bizixeago bat aterata, pilota gogotik astintzen hasi dira Zabala eta Zabaleta, eta indar erakustaldia eskaini dute biek. Eskirozek zazpigarren koadrotik atera ditu oinak etengabe, eta nahiko lan izan du aurkarien erasoaldia baretzen. Jaka, berriz, jokoan sartu nahi eta ezin ibili da etengabe. Hala, partidako lehen berdinketa zazpinakoa izan da.

Hortik aurrera hasi da Aspeko bikotearen erakustaldirik handiena. Pilota astintzearekin aski ez eta, tantoak amaitzeko arriskatzen hasi da Zabala, eta, aspaldian bezala, egun biribila tokatu zaio. Abiadura bizian ibili du pilota ezker-eskuin, eta gozatu egin du kantxan. Bere joari fintasuna erantsiz gero, puntako pilotaria dela berretsi du. Lehen atsedenaldi luzera 12-8 aurretik iritsi da Aspeko bikotea, eta handik bueltan ere ez dira kontuak askorik aldatu. Bere horretan jarraitu du errioxarrak, eta Zabaletak behetik gora egin du. Pilota bakar bat ez galtzeaz gain, frontisetik oso urrun edukiarazi ditu aurkariak. Jokatu dituen baldintzak aintzat hartuta, Jakak berak zenbaki onak lortu ditu partida amaierarako, bederatzi tanto egin baititu aurrean.

Hori bai, Zabalak eta Zabaletak ez dute inoiz arriskuan ikusi garaipena. Bigarren atsedenaldi luzera 18-11 iritsi dira aurretik, baina azken txanparako izan dute sorpresaren bat gordea. Lehenbizi, Zabalak pare bat erremate ikusgarri eskaini ditu, bata ezkerrez bikain zabalduta bestea horma bikoz. Guztira hamabi tanto egin ditu errioxarrak. Bada, Zabaletak berak ere zutik jarri ditu pilotazaleak, birritan ia boterik egin gabe jo baitu errebotea. Tanto guztiak konfiantza hartzeko baliatu ditu nafarrak, eta gorputzaldi bikainarekin iritsiko da bi aste barru jokatuko den finalera.

Denak, Eibarrera begira

Etxeko lanak bikain eginda, finalean aurkari nor izango duten jakitea falta zaie Peio Etxeberria eta Zabaletari. Bada, Eibarko Astelenak emango du epaia bihar (17:00, ETB1), nor baino nor gehiago ariko baitira Altuna III.a-Martija eta Artola-Imaz. Faborito garbi aterako da Aspeko bikotea, baina partida pronostikoek diotena baino irekiagoa dagoela uste dute pilotazale askok. Sendotasun handia erakutsi dute txapelketan zehar Artolak eta Imazek, eta guztiaren beharra izango dute Aspeko bikotea menderatu nahi badute. Izan ere, tentsio handiko uneak kudeatzen oso ohituta daude Altuna III.a eta Martija.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.