«Ez da esaldi hutsal bat. Ez da hurrengoa delako. Benetan diot datorren neurketa dela garrantzitsuena, jokoan dagoen guztiagatik». Argi du Federico Gallok (Buenos Aires, 1987), Ampo Ordiziako entrenatzaileak: Pozueloren kontrako neurketa erabakigarria izango da beharbada. Jaitsiera fasea amaitzeko lau partidaren faltan, Pozuelo Espainiako Ohorezko B Mailara jaisteko azken postuan dago; hamabost puntu ditu. Goierritarrak, berriz, puntu bat gainetik daude; hamasei dituzte. Sasoi amaierara arte hogei puntu daude jokoan. Beraz, igandean, 12:00etan, Altamiran jokatuko duten norgehiagokak osagai guztiak ditu erabakigarria izateko. Garrantzia ikusita, klubeko bazkideek partidara lagun bat eramateko aukera izango dute doan.
Garaipena dute begiz joa ordiziarrek, eta, euren zorionerako, zaleen aurrean jokatuko dute hain inportantea den partida. Hilabete pasatxoren ostean Altamirara bueltatuko da taldea. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio teknikari argentinarrari: «Etxean indartsuagoak gara. Denboraldi honetan partida gutxi irabazi ditugu, baina gehienak hemen izan dira, etxean. Partida etxean izateak lasaitasun pixka bat ematen dit. Altamira bete, eta zaleek taldea hauspotzea espero dut».
Pozuelok Ordiziak bezainbeste du jokoan asteburu honetan. Gallok «neurketa itxia» izango dela uste du: «Ondo ikusten dut Pozuelo; azken urteetan indartsuak izan dira aurrelariei esker. Gure aurrelarien multzoa ere ona da, mailako eraginkorrenetakoa. Haiek ezustean harrapatzen saiatuko gara, baina gogoan izan beharra daukagu eurentzat ere partida erabakigarria dela. Aurkari zuzenak gara, eta ziur oso lehia estua eta gogorra izango dela».
Pozueloren aurkakoak ez ezik, martxoaren azken astean jokatzekoa den Les Abellesen aurkakoak ere berebiziko garrantzia du. Valentziako taldea sailkapenaren azken postuan dago, eta hark ere Altamiran jokatuko du. Hau da, Ordiziak bi neurketa jokatuko ditu etxean, sailkapenean atzetik dituen bi taldeen kontra. Beraz, baliteke martxo amaieran gauza asko erabakita geratzea: «Helburu behinenaren zati handi bat datozen bi neurketetan lor dezakegu. Arduraz, baina oso pozik egingo diegu aurre bi neurketa horiei. Badakigu gauzak ondo ateraz gero xedetik oso gertu egongo garela. Horrek etorkizunari begira ere asko laguntzen du».
«Partida etxean izateak lasaitasun pixka bat ematen dit. Altamira bete, eta zaleek taldea hauspotzea espero dut»
FEDERICO GALLOAmpo Ordiziako entrenatzailea
Jokatu dituzten azken sei partidak galdu dituzte goierritarrek. Emaitzen bolada txarrean murgilduak dira, eta jaitsieraren mamuak mamitzen hasi dira. Halere, argentinarrak ondo ikusten du taldea: «Jokalariak ondo daude, oso talde heterogeneoa daukagu. Denetarik dago: batzuk urdurixeago daude; beste batzuk, ordea, final-laurdenetako kanporaketatik gertu gaudela pentsatzen dute… Baina sasoi amaiera da, eta denak buru-belarri ari dira lanean helburua lortzeko».
Denboraldi zaila
Klubaren egoera aztertu du Gallok. Alarmismotik urrun, lasaitasun mezua bidali nahi izan du: «Ordiziak hogei urte daramatza Ohorezko Mailan, eta, sasoi batzuetan goiko postuetan eta tituluen borrokan egon bada ere, ez dugu ahaztu behar denboraldi gehienetan sailkapenaren erdialdean egon dela. Egia da azken urteetan zaleak proiektu anbiziotsuago batzuekin ohituta zeudela, baina gaur egungo errealitatea desberdina da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar oraindik ere kanporaketetarako sailkatzeko aukerak ditugula».
Denboraldia ez da batere erraza izaten ari Ampo Ordiziarentzat. «Oso aldakorra» izaten ari dela dio entrenatzaile argentinarrak, eta, hori, hein batean, jokalari askok min hartu duelako izan da: «Lesioek asko baldintzatu gaituzte denboraldi hasieratik. Jokalariek ezin izan dute erritmoa hartu, eta horrela zaila da taldeari jarraitutasuna ematea».
Erritmo faltaren beste arrazoietako bat egutegia delakoan da. Ez du gustuko ligaren eredua: «Ohorezko Maila ez da batere erakargarria. Formatua ez da ona, ez jokalarientzat, ez entrenatzaileentzat, ezta zaleentzat ere. Jokalariek, hitzak dioen bezala, jokatu beharra daukate, eta formatu honetan hilabetean behin jokatzea egokitzen da askotan. Selekzioei begira eginda dago egutegia, eta ez da erraza taldeak erritmoa hartzea eta motibatuta entrenatzea jakinda hiru astean ez duzula jokatuko».
Ligaren asmoa da hamabi talde izan beharrean hamar izatea, selekzioei eta nazioarteko txapelketei leku gehiago uzteko. Horrexegatik, datozen bi denboraldietan bi talde jaitsiko dira zuzenean. Ordiziak igandean aukera aparta du bi postu horietatik aldentzeko.