Esther Arrojeria. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Orain arte baino hobeto jokatzeko gaitasuna du taldeak»

Bera Bera kontrakarrean aritu da etxean jokatu dituen azken bi partidetan, Gijonen eta Elxen aurka. Arrojeriak onartu du kostatu egin zaiela lehia horietan sartzea, baina balioa eman dio irabazi izanari.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gurpea Beti Onak taldeak eta Super Amara Bera Berak derbia jokatuko dute bihar Atarrabian (18:00). Hura prestatzeko entrenamenduetako bat amaitu berri du Esther Arrojeria Bera Berako jokalariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994). Ohikoa duen argitasunarekin mintzatu da erdikoa.

Beti Onak taldearen aurkako derbia jokatuko duzue bihar.Azken neurketa izango da Europako Txapelketagatik izango den hilabeteko etena baino lehen. Zer balorazio egiten duzu denboraldiaren lehen zatiaz?

Partida onak eta nahiko txarrak izan ditugu. Azken hiru neurketetan kosta egin zaigu sartzea. Logroñon gertatu zitzaigun estreinakoz. Orduko hartan, gehiago izan zen jaurtiketetan huts egin genuelako. Etxean, berriz, Gijonen eta Guardesen aurkako lehen zatietan, kostata aritu ginen.Gaizki pasatu genuen bi partida horietan, atzetik joatea kosta egiten zaion taldea baikara. Higadura handiagoa da atzetik joanez gero, eta askotan gauzak behar baino arinegi egin nahi dituzu. Partida ahalik eta azkarren irauli nahi duzu; horrek baloiak inozoki galtzea eta akatsak egitea dakar. Hori gertatu zitzaigun Guardesen aurka. Beraz, azken partida hau aprobetxatu behar dugu, etenera sentipen onekin joateko. Izan ere,esan bezala, azken bi neurketak ez dira onak izan.

Ez da partida erraza izango, ordea, nafarren aurkakoa, denboraldia bikain hasi baitute.

Hala da. Gainera, etxean jokatzen dute. Denboraldiaurrean haien aurka jokatu genuen, eta asko gustatu zitzaidan haien jokatzeko modua. Ez zizkiguten gauzak erraz jarri. Baloia ondo mugitzen duen talde bat da, eta faltak saihesten dituena. Horrek asko ematen dizu erasoan. Gainera, pibote oso garai bat dute, eta lekua irabazten badizu, oso zaila da geratzen. Denboraldiaurreko partidan ere ezker albokotik jaurtiketa asko egin zizkiguten. Oso jaurtiketa onak izan ziren, gainera. Denboraldiko ezusteetako bat izaten ari da, eta lehiaketan dagoen parekotasunaren seinale da. Partida gehienak oso lehiatuak izaten dira.

Zergatik ari zaizue kostatzen hainbeste puntuak lortzea?

Partida askotara justu iritsi gara jende aldetik. Jokalari batzuk, larri ez bada ere, min hartuta egon dira. Sei seiren aurka entrenatzeko ere arazoak izan ditugu batzuetan, eta hori antzematen da. Besteek minutu gehiago pilatu ditugu, eta, partidak jokatzen joan ahala, nekea antzematen da. Denak sasoi betean egotean gauzak desberdinak izango dira.

Eta zer izan da orain arte taldeak ondoen egin duena?

Elxen aurkako partidaren hasiera oso ona izan zen. Defentsan oso estu hartu genuen, eta 10-1eko aldea lortu genuen. Horrek bide eman zigun zigun korrika egiteko eta gol errazak sartzeko. Partida osoa jokatu genuen. Beraz, defentsan hobetu egin behar dugu, ahalik eta azkarren. Izan ere, neurketa horretaz gain, erdizka ari gara. Ez gaude horren elkarrekin, eta laguntzak ez dira horren sendoak. Defentsa da gure identitatearen gakoetako bat, eta eskubaloian bada errealitate bat: partidak defentsan irabazten dira. Bide horretan, taldea egokitzen ari da, sasoi honetan gehiago ari baikara jokatzen 5-1eko defentsa batekin. Beste gauza on bat izan da kontrakarrean aritu arren partidak aurrera ateratzea lortu dugula, eta orain arte baino hobeto jokatzeko gaitasuna dugula.

Paula Arcosen etorrerak zerikusia izan du defentsa mota hori egiteko orduan. Zer ematen dizue hala jokatzeak?

Orain, erdiko defentsa gutxiago ditugu: hiru. Hala jokatzeak ahalbidetzen digu hiru jokalari horiei atseden apur bat gehiago ematea eta aukera gehiago izatea. Bestalde, erasoan Paularen etorrerak ere mugikortasun gehiago eman digu lehen lerroan. Orain arte, lehen lerroan jaurtitzaile petoagoak izan ditugu.

Ligaren formatua aldatu egin da, eta titulua kanporaketetan erabaki da. Maiatza-ekainean sasoi betean egon behar duzuela kontuan hartuta, ikuspegia aldatu egiten da?

Ez. Gure ikuspegia ez da aldatu. Helburua da sailkapenean ahalik eta gorenen geratzea. Zenbat eta gorago geratu, orduan eta abantaila gehiago izango ditugu kanporaketetan. Ustez, aurkari samurragoak egokituko zaizkigu. Orain, gainera, ez gaude horretan pentsatzen. Iritsiko da horretarako garaia. Urruti dago.

Asteartean jakin zenuten Europako Ligako hirugarren kanporaketa Frantziako Besançonen aurka jokatuko duzuela, abenduan. Nola hartu duzue zozketaren emaitza?

Bagenekien edozein aurkari gogorra izango zela. Ez zegoen nahi genituen aurkarien artean, baina ezta nahi ez genituen artean ere. Aurreko denboraldian esperientzia ona izan genuen Parisen, eta, gainera, oraingo honetan itzulerako partida etxean jokatuko dugu. Horrek beti laguntzen du.

Zer erreferentzia duzue aurkariaren inguruan?

Aurrekoan Nely Carlarekin —aurreko sasoian Bera Berako entrenatzaileen multzoan egon zen, eta Frantzian jokatutakoa da—izan ginen, eta esan zigun jokalari bizkor eta gazte asko dituela. Gu ere korrika egiten dugun talde batgara, eta ea hor nor ateratzen den garaile. Bestalde, haien jokalarietako askok denbora daramate elkarrekin jokatzen, eta hori ere beti da abantaila. Kanporaketa irekia ikusten dut, eta gu gure aukeretan sinetsita joango gara.Abendu gogorra izango dugu baiEuropan, baita Ligan ere.

Etenetik itzuli eta oso gutxira jokatuko duzue kanporaketa: abenduaren 3-4 eta abenduaren 10-11n. Hori ona edo txarra da?

Ez dut uste aproposena denik. Etenean, jokalari asko eta Imanol [Alvarez entrenatzailea] kanpoan izango gara, eta horrek asko mugatzen ditu entrenamenduak. Nik badakit zer den hori, askotan tokatu baitzait. Luze egiten da, zuk nahi duzuna lehiatzea baita.Baina haiek ere antzera egongo dira.

Zer sentipen ari zara izaten denboraldi hasiera honetan?

Nahiko onak. Fisikoki ondo nago, eta pixkanaka ari naiz nire lekua topatzen taldean.

Mediterraneoko Jokoen ostean, estreinakoz arituko zara selekzio arteko goi mailako txapelketa batean: Europakoan. Espero al zenuen?

Azken deialdietan egon eta gero, zertxobait gertuago ikusten nuen. Baina ez nuen espero, nire postuan lehia handia delako, eta eskarmentu handiko jokalari asko daudelako. Gozatzera, ikastera, nire onena ematera eta halako txapelketa batean egoteko maila dudala berrestera noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.