Aulkitik begira

Oporren osteko aldapa

Mikel Urkola, Pepe Turrillas, Martxel Toledo eta Egoitz Askasibar. M. D. V. / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gelditzea, kalterako. Dira, dira, oporrak dira, eta harrapatzen bazaitut... Eta harrapatu egin ditu. Oraingoan, Euskal Herriko hiru taldeak. Beti gertatzen dira gauza arraroak oporrak amaitu berritan. Talde honi, horri eta hari. Ez dira ohiko partidak izaten geldialdi luzeen ondorengoak. Futbolean jokatu dugunoi gertatu izan zaigu noizbait. Eta emaitzez haratago doan zerbait da. Asteburu bat edo gehiagotan jokatu gabe egotearen eraginez, jokalaria ez da eroso egoten berriz jokatu behar duenean. Berriz hastea bezalakoa da. Ligako aurreneko partidaren antzekoa. Buruari dagokionez, hotz samar egoten dira, eta hortik abia daitezke gainerako arloetako oker guztiak. Hori dena ikusita, datorren denboraldian, jokalariek beraiek eska dezatela Gabonetan oporrik ez edukitzeko.

Makal, baldar eta kamuts. San Mamesen, partidaren hasiera ikusi eta gero, ematen zuen Deportivo jo zuela bete-betean oporren osteko gaitzak. Nagusi zen Athletic, eskuin hegaletik oso erraz sartzen zela baliatuz. Baina Lotinak segituan itxi zuen zuloa, eta hantxe itzali zen etxekoen sua. Ordurako golak sartzeko aukera garbi batzuk kale eginda zegoen Athletic. Hortxe erre zen. Bai baina ez aritu zen gero. Nahi eta ezin. Hasierako sua Llorentek gola sartu ondoren atera zuen berriz. Berandu. Bitartean, makal jardun zuen taldeak. Etxean ezaugarri ohikoa duen zera berezi hori gabe. Gainera, atzealdean, akats handi samarrak egin zituzten jokalariek, eta Deportivok denak baliatu zituen. Adibide bat, baldarkeria hori azaltzeko: galiziarren bigarren golean, Gurpegi eta Ustaritz ari ziren lehian Deportivoko Adrianekin. Bi baten aurka. Baina bakarrik zenak hartu zuen baloia, eta gola sartu zien etxekoei. Errazegi. Egiari zor, bi taldeak aritu ziren baldar atzeko lanetan, huts izugarriak egin zituzten, baina Galiziakoek euskaldunen hutsak ederki probestu zituzten. Athletic, aldiz, kamuts aritu zen gola sartzeko lanetan.

Beste opari bat. Osasunaren igandeko aurkariaren entrenatzaileak nafarren ezaugarrien berri eman zuen bezperan. Gregorio Manzanok hau esan zuen, gutxi asko: «Defentsako lanean ondo kokatuta egoten da, lan ona egiten du arlo horretan». Hitzok entzun eta gero, beste talde bati buruz ari zela pentsatu nuen, nafarrek erraztasun franko ematen baitute defentsako lanetan. Baina gero ulertu nuen zer esan nahi zuen, partida ikusten ari nintzela: defentsako lana egiten duenean, marrazki ia perfektua erakusten duela Osasunak. Eta egia da. Begiratze hutsarekin, ondo kokatuta egoten dira jokalariak, lerroen arteko distantziari begiratzen bazaio, behintzat. Bada zerbait, baina beste guztia falta zaio oraindik. Sendotasuna, adibidez. Liga honetan auskalo zenbagarren aldiz geldikako jokaldi batean gola jasotzen duen taldea gaixo dago. Osasuna izena eduki arren. Ez da sendoa, defentsako lana marrazki hutsa baino askoz gehiago delako. Ondo kokatzeaz baino haratago doan kontua da. Betiko oker nagusi horretaz gain, gainera, itzali antzean aritu zen Osasuna. Argirik gabe, indar faltan.

Partida erdia bakarrik. Begiak zabaldu berritan ekin zion partidari Realak. Begiratuz, baina ikusi gabe. Ikusmena lausotua balu bezala. Igurtzi zituenerako, galtzen ari zen. Beste bisaje bat atera zuen bigarren zatian, eta izan zituen irabazteko aukerak. Agian, bigarren pusketako jarduna lehenean atera izan balu, aukera gehiago sortuko zituen. Auskalo zergatik, Liga hasierako etxetik kanpoko Reala azaldu zen lehen zatian. Bigarrenean, beste itxura bat eman zuen. Partida erdia jokatu zuen, eta bitxia bada ere, hobekien aritu zen tartean jaso zuen danbatekoa. Zati batetik bestera halako aldea egotea ezohiko bilakatuta zegoen azkenaldian Realean. Gutxi asko, antzera jokatu izan du, lehen partida haietan izan ezik. Orduan, aurkaria baino askoz eskasagoa izaten zen hasieran, galtzen jartzen zen, ondorioz, eta gero esnatzen zen, alfer-alferrik bazen ere. Ondorioa, beti bera: galtzea. Herenegun, horixe gertatu zitzaion taldeari. Ahaztuta ziruditen gabeziak berriz itzuli ote dira? Bai zera. Gabonetako oporren ondoren, ohikoa izaten da erdi lotan ekitea partidari. Ez luke gertatu behar, baina gertatu egiten da. Betiko garaian, betiko gaitzak jotzen baititu taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.