final-zortzirenak

Opariak hartu ditu Argentinak

Tevezek joko kanpo zela sartu du Mexikoren aurkako 1-0eko gola. 2-0ekoan Osoriok baloi bat galdu du area kanpoan eta bakarrik utzi du Higuain. Alemaniaren kontra jokatuko du final-laurdena Argentinak, larunbatean.

2010eko ekainaren 27a
22:22
Entzun
Argentinak ere, Alemaniak bezala, final-laurdenetarako txartela lortu, eta berak ere epailearen opari eder bat jaso du. 1-0eko golean izan da: Tevez garbi-garbi jokoz kanpo zegoen. Horretaz baliatu da Messiren erremate-pasea buruz jo eta gola sartzeko, 25. minutuan.

Oso ondo etorri zaio hori Argentinari, ordura arte Mexiko ez delako gutxiago izan eta, gainera, honek berak egin dituelako gol aukerarik argienak: jaurtiketa bat langara eta Guardadok beste bat justu-justu kanpora. 32.ean beste opari bat jaso du Argentinak: Osoriok baloi bat galdu du area kanpoan, bakarrik utzi du Higuain, honek atezainari izkin egin eta gola. Mundialean laugarrena du Higuainek eta bera da golegile nagusia.

Mexikok handik aurrera ez du ia ezer egin, eta bi golak izan dira unerik onenak: Tevezek area kanpotik zartada bikaina eman dio 3-0ekoan, eta J. Hernandezek kontrol eta jaurtiketa politak egin ditu 3-1ekoan.

Argentinak, dena den, ez du joko handirik atera. Eta Messi, azkeneko partidan bezala, antsietatearekin bezala aritu da, gola egin nahian -ez du sartu batere oraindik-. Partida bukaeran Mexikoko atezainak geldiketa ona egin dio, eta mutilak erdi etsita egon behar du, atezainak mundial honetan berari behintzat sekulako geldituak ari direlako egiten. Maradonak ere nahi du hark gol bat sartu eta korapilo hori askatzea, 3-0 zirela ez duelako hurrengo partidarako gorde -lehen faseko hirugarren neurketan ere minutu denetan eduki zuen zelaian, taldeak sailkapena lortua zuen arren-.

Alemaniaren kontra jokatuko du final-laurdena Argentinak, larunbatean (16:00).

Argentina 3. Romero; Otamendi, Demichelis, Burdisso, Heinze; Maxi (Pastore, 87n), Mascherano, Di Maria (Jonas, 79m); Messi; Tevez (Veron, 69m), Higuain.

Mexiko 1. Perez; Juarez, Rodriguez, Marquez, Salcido; Osorio, Guardado (Franco, 61m), Torrado, Bautista (Barrera, 46m); Dos Santos, Hernandez.

1-0: Tevez (25m). 2-0: Higuain (32m). 3-0: Tevez (52m). 3-1: J. Hernandez (71m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.