Kike Sola. Athleticeko jokalaria

«Oparia da San Mamesen jokatzea»

Ia lau hilabete min hartuta egon ondoren, bere aukeraren zain dago. Taldearekin «gozatzen» ari direla dio, baina ez du laugarren postua helburu modura jarri gura.

haritz gallastegi
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Fernando Llorenteren agurrak eta Athleticen bigarren taldeko aurrelarien heldutasun faltak bultzatuta, Kike Sola (Cascante, Nafarroa, 1986) fitxatzea erabaki zuen Athleticeko zuzendaritzak iazko udan. Ibaiganeko klubak lau milioi euro inguru gastatu zituen gaztetxoa zenean sei urtez elastiko zuri-gorria jantzi zuen futbolaria berreskuratzeko. Aritz Adurizekin lehia zezan fitxatu zuen Athleticek. Eta, oraingoz, ez du aukera handirik izan horretarako. Izan ere, sasoia hasi eta berehala min hartu zuen, eta ia lauhilabete egin ditu jokatu ezinik. Gainera, Aduriz ondo ari da, eta horrek aulkira kondenatu du Osasunako jokalari ohia. Hala ere, ez du ilusiorik galdu.

Athleticek jokatu dituen azken bi partidak biziak izan dira. Emaitzak ez dira onak izan, baina oso itxura ona eman duzue bai Atletico Madrilen bai Real Madrilen kontra. Nola bizi izan dituzu bi norgehiagoka horiek?

Pena handia daukat. Argi geneukan Kopan aurrera egitea gaitza izango zela, baina sekulako lana egin genuen: erritmo handia, anbizioa, gogoa, gosea… eta ondo jokatu genuen, baina galdu egin genuen. Gozatu egin genuen, baina triste gaude galdu egin genuelako eta Kopatik kanpo geratu ginelako. Real Madrilen aurkakoa antzekoa izan zen. Bai guk eta baita zaleek ere asko gozatu genuen. Giro aparta egon zen San Mamesen. Benetako Athletic ikusi genuen: oldarkorra eta grina handikoa. Puntuak ez zigun ahozapore txarra utzi.

Beste behin, Real Madrilen aurka jokatu ondoren, Carlos Gurpegi da albiste. Gogorrak izan dira haren aurka esan direnak.

Gurpegi kapitain bikaina da, taldekide ona eta lagun aparta. Nik uste dut nahikoa esan dudala. Epaileak epaitzeko daude, eta jokalariok jokatu egin behar dugu.

Eta nolakoa izan da urte askoren ondoren berriro Athleticera itzultzea?

Oso pozik nago. Erraza izan da egokitzapena. Oso ondo hartu naute. Ohorea da Athleticen jokatu eta klub handi honi laguntzeko aukera izatea.

Zuretzat erraza izango zen ingurura egokitzea. Lehendik ere ezaguna zenuelako.

Bai. Nik sei urtez jokatu nuen Athleticeko beheko mailetan. Leioan bizi nintzen, hango familia batekin. Ez dut sekula eten haiekiko harremana. Lagun asko ditut oraindik ere Leioan. Aldaketa, egon, egon da, baina ez zait asko kostatu bizitzaren atal berri honi neurria hartzea.

Asko aldatu al da Athletic Lezamatik kanpo egon zaren urte hauetan?

Lezamako egunerokoa antzekoa da. Ni orain ari naiz ezagutzen lehen taldeko dinamika, eta esan beharra daukat kanpoan nengoenean esan zizkidaten gauza on guztiak egia direla. Taldekide bikainak ditut.

Talde zuri-gorriko gaztetxoetan aritu zinenean aldrebes fama hartu zenuen. Hala al zen?

Ez. Ez dakit zer esango zuten nitaz, baina ezagutzen nautenek badakite nolakoa naizen: gertukoa, irekia eta nire lagunen laguna.

Athleticen gustura zaudela nabari zaizu. Espero baino luzeagoa izan den lesio hori izan da orain arteko txarrena?

Normala da. Jokalari batek lan saioetan parte hartu, taldekideekin egon eta jokatu gura du. Lau hilabete gogor egin behar izan dut beharra berriro jokatzeko gertu egoteko. Pazientzia handia eskatu dit lesioak. Osatze bidean birritan hasi behar izan dut hasieratik. Zorionez, gaur egun ez daukat inolako arazorik.

Zer eman behar dio Solak Athletici?

Apaltasuna eta lana. Taldekide bat gehiago izango naiz. Eta ondo egindako beharrari golak gehitzen baldin badizkiot, askoz hobeto, jakina.

Aurrekoa izan zen profesional zarenetik egin duzun sasoirik onena. Osasunarekin sartu zenituen bederatzi golak ontzeko gai izango zarela uste duzu?

Nik eguneroko lanari ematen diot garrantzia. Nik ez dut helbururik jartzen. Jokalari moduan hobetzea nahi dut, eta ahalik eta gol gehien sartzea.

Zertan hobetu behar duzu?

Arlo askotan: teknikoki, fisikoki, buru aldetik… Futbolari bat ezin da ikasi duenetik bizi. Goi mailako entrenatzaile baten esanetara egoteaz gain, oso taldekide onak ditut. Haiengandik ikasteko aukera ona daukat.

Golak eskatzen zaizkio aurrelari petoari. Zuk Sadarren sartu zenuen lehena elastiko zuri-gorriarekin. Kasualitatea ere bada.

Oso polita eta berezia izan zen. Ez dut sekula ahaztuko.

Zure lehengo taldeko zaleek ez zizuten harrera onik egin.

Txistu egin zidaten, eta min eman zidan. Nik bihotza daukat. Osasunan neukan guztia eman nuen, eta garbi jokatu dut beti. Hala ere, ez daukat ezer inori aurpegiratzeko.

Eta zer iritzi daukazu Athleticeko jarraitzaileen inguruan?

Babes handia ematen dute. Ikusgarria da. Eta futbol zelaia ere ederra da. Oparia da San Mamesen jokatzea.

Gaur egun Athleticen jokatzea ez da samurra. Zure postuan Aritz Aduriz ari da. Azken hilabetean maila ikusgarria eman du.

Aduriz goi mailako aurrelaria da. Lehia gogorra daukagu bion artean. Borroka zintzoa, hori bai. Nik gogor lan egingo dut hamaikakoan lekua izateko. Oraingoz, Aritz oso ondo ari da, eta zain egon beharko dut. Jokalariak zenbat eta indartsuago egon, taldearentzat mesede.

Ernesto Valverderen jokamoldean aurrelari peto bakarrarentzat dago lekua. Beraz, zuentzat ez dago beste aukerarik. Emaitza kontrakoa ez bada, nekez ariko zarete bi aurrelari peto elkarrekin.

Hori entrenatzailearen kontua da. Ni prest nago Valverdek eskatzen duena egiteko.

Oraingoz taldea bikain ari da. Pozik, ezta?

Noski. Hazten ari gara. Eta, era berean, gozatzen ere bai. Laugarren postuari eusteko egin beharreko guztia egitea da gure asmoa.

Laugarren postuak datorren sasoian Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen du. Helburua edo ametsa da?

Eguneroko lana ondo egitea da helburua. Gero gerokoak.

Hurrengo partida Vigon jokatuko duzue, astelehenean. Athleticek emaitza onak lortu ohi ditu ligan Celtaren zelaian, baina Luis Enriquek entrenatzen duen taldea esnatzen hasi dela dirudi.

Gustuko dut Celta. Jokoan ekimena izaten ahalegintzen da beti. Beraz, baloiaren jabe izan gura duten bi talderen arteko partida polita izango dela uste dut. Gu irabaztera zelairatuko gara. Konfiantza daukagu gure jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.