Ontzi txikian handi egin dira

Deustuk garaipen sorta ederrarekin amaitu du aurtengo batel denboraldia, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazita. Lorpena «historikotzat» hartu dute.

Deustuko arraunlariak Bateletako Euskadiko Txapelketan lortutako banderarekin. DEUSTUKO ARRAUN ELKARTEA.
Mikel O. Iribar.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Arraun munduan, urteak joan eta urteak etorri, goi-goian dabiltzan klubek urrez josi ohi dute euren garaipen zerrenda luzea. Baina denak ez dira olatu aparretan ibiltzen. «Deustuko Arraun Elkartean ez gaude ohituta banderak astintzen», atera zaio barrutik Irati Perez de Nanclaresarraunlariari (Bilbo, 1990). «Txapelketa askotan egon gara banderaren lehian, baina esku hutsik itzuli izan gara klubera», gehitu du Josu Ortube entrenatzaile eta arraunlari ohiak (Bilbo, 1965). Aurten, ordea, bat ez, hiru trapu etxeratu dituzte maila absolutuan: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Batel Txapelketakoak. Eta hori guztia Deustuko Arraun Elkartearen 40. urteurrenean. «Klub apal honentzat lorpen historikoa da».

Deustuk, beste arraun elkarte askok bezala, traineruari ematen dio lehentasuna, denboraldiko helburu eta erronka nagusiak ontzi horretan finkatuak izaten baititu. Hori bai, bateletan aritzea modu «naturalean» hartzen dute, Ortuberen esanetan. «Egia esan, garaipena lortzeko aukera gehiago izaten dugu», aitortu du Perez de Nanclaresek. Izatez, ontzi laburrekin lotura estua eta berezia du Deustuk. Horren zergatia azaldu du Ortubek: «Kluba Nerbioi ibaiari itsatsita dagoenez, gure moldera egokitutako ontzia da. Azken batean, itsasotik urrutien dagoen Euskal Herriko arraun elkartea gara. Hortaz, ez gara marinelak».

Itsasoko marinelak ez dira izango deustuarrak, baina ezin zaie ukatu itsasadarrean nahiz ur lasaietan arrantza ona egin dutenik. Duela bi aste, Bizkaiko Txapelketa irabazi zuten Perez de Nanclares eta haren lau taldekideek; eta astebete geroago, berriz, Euskadikoa. Biek aitortu dutenez, bi lehiaketa horietan ez zuten aurkaririk izan, nahiz eta Donostiarrean iazko laukote txapelduna aritu. «Eskuratu genuen emaitza onari eman genion balioa, eta horrek Espainiako Txapelketan lan ona egiteko konfiantza eman zigun, jakinda estropada lehiatua izango zela». Lorpen hura makulu hartuta, gogotsu eta ilusioz egin zuten Moañako (Galizia) bidaia luzea.

Aurreikuspenak, bederen, bete egin ziren finalean; lehia benetan estua izan zuten Koxtape, Perillo eta Chapelarekin; baina, batez ere, Astillerorekin. Deustuko arraunlariak estropada ontzi barrutik bizi izandakoa laburbildu du: «Lehen luzea ez zen gure onena izan, eta apur bat atzeratuta heldu ginen ziabogara. Dena dela, arraunketa ez genuen galdu, eta bagenekien gurea ondo eginez gero bandera irabazteko lehian ibiliko ginela». Nahiz eta bihotza ateratzeko zorian izan, inertziaz aurkaria non dagoen begiratzea tentagarria izan ohi da arraunlariarentzat. Perez de Nanclaresi, esaterako, suertatu zitzaion ondoko kalean zihoan Astillerori so egitea. «Askotan begiratzen dut, eta aitortzen dut akatsa egiten dudala. Neure buruari beti esan izan diot: 'Irati, barrura!'».

Tentaldiak tentaldi, Deustukoek lehenak zeharkatu zuten helmuga, eta segundo bakarraren aldea atera zioten Astillerori. Azken bultzada erabakigarri hori Ane Aizpuru arraunlaria zenarengandik jaso zutela gogoratu dute Perez de Nanclaresek eta Ortubek. Minbiziak gazte eraman zuen Aizpuru, duela urtebete, 22 urte zituela. «Kolpe latza hartu genuen denok. Ane une oro dugu presente, eta zalantzarik gabe, hari eskaintzen dizkiogu garaipenak». Bestalde, Aizpururen omenez,Tomatera traineruaren txopan ere haren izena eta aurpegia daramatzate.

Garaipen sorta horrekin «modu ezin hobean» itxi dute aurtengo batel denboraldia. «Banderarik gabeko lehorte luzeari amaiera eman diogu. Klubak harro egoteko arrazoiak baditu», adierazi du Ortubek. Egindako balentriak lanean jarraitzeko «indarra eta bultzada» emango dizkiela nabarmendu dute biek. Baina zuhurtziaz mintzatu dira datorrenari begira. Ortubek honela aztertu du etorkizuna: «Bateletan ondo aritzeak ez du esan nahi traineruan ere ondo ibiliko garenik». Perez de Nanclaresek gehiago zehaztu du: «Traineruan lan handia dugu egiteke oraindik; itsasoan, batez ere».

Hain zuzen, ontzi laburrak alde batera utzi, eta traineruari heldu diote berriz ere. «Udako denboraldiari begira jarrita gaude jada», esan du arraunlari bilbotarrak. Iaz, bosgarren lekuan amaitu zuen ETE ligan, eta aurtengoa postu hura hobetzea dute helburu. Deustuko prestatzailea itxaropentsu dago. «Taldea indartsu ikusten dut. Dena emango dugu, eta urak jarriko gaitu nor bere lekuan. Anbizioz egin behar dugu arraun, umiltasuna zer den ahaztu gabe, noski».

Harrobia oinarri hartuta

Seigarren denboraldiz jarraian uretaratuko du Deustuk Tomatera ontzia, eta seigarrenez eseriko da tostan Perez de Nanclares. Euskotren ligako igoerako kanporaketan aritzea nahiko luke, eta maila gorenera igotzea. Gipuzkoako taldeek duten erabateko nagusitasuna apurtzea eta nolabait parean jartzea izango dute xede. «Orain artekoa ikusita, gipuzkoarrak dira indartsuenak, baina bizkaitarrok ere bagoaz hobetzen».

Apurka-apurka, emakumezkoen Deustuko traineruaren bizkarrezurra badoa haziz eta sendotuz, betiere klubak sorreratik duen filosofia oinarri hartuta: harrobia mimoz landuta. Bilboko hirian estropuak zarata handirik sortzen ez duen arren, azken urteetan, geroz eta emakume gehiago hasi dira arraunean. Perez de Nanclaresek eta Ortubek uste dute elkartean gaztetxoekin egiten den lanaz gain, klubaren egoitza «berria» izateak eta leku aldaketak eragina izan duela. «Orain dela gutxi arte, pentsaezina zen, Bilbon ez baitago arraunerako zaletasunik; bestelako egoera bat bizi dugu orain».

Deustuk, klub apalaren talaiatik, oraina gozoa bizi du, eta etorkizunari ere bide beretik heldu nahi dio: bere txikitasunean handi izaten, eta aurrerapausoak emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.