Jon Aberasturi. Trek taldeko txirrindularia

«Ongi eta gustura ari naiz beste esprinter batzuentzat lan egiten»

Sasoi honetan, World Tourrera itzuli da Aberasturi, Euskaltelekin debuta egin eta bederatzi urtera. Bideratzaile lanari lotu zaio Trek taldean, baina bere aukerak ere jorratzen ari da. «Anbizioak hor dirau».

LAURENT GILLIERON / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Pauso bat atzera, eta beste guztiak aurrera. Hala laburtu daiteke Jon Aberasturik (Gasteiz, 1989) egin duen ibilbidea, 2013an Euskaltel desagertu zenetik. Lehiatu gabe eman zuen 2015eko denboraldia, baina koskaz koska igo da ordutik, gorenera iristeraino, Trek taldean. «Tematia izan naiz, eta horri esker bete dut elitera itzultzeko ametsa». Erorikoek ez diote nahi beste gozatzen utzi sasoiaren lehen zatian, eta, Girotik kanpo geratu ostean, Vueltan izateko itxaropena dauka.

World Tourrera itzuli zara. Zer moduz?

Pozarren nago elitera itzuli naizelako, orain arteko emaitzak nahi bezain onak izan ez diren arren. Erori egin nintzen bigarren lehiaketa egunean, eta zenbait proba galdu nituen. Sasoia galdu nuen, eta kosta egiten da berreskuratzea. Hobeto nago lehiatu ahala, eta Erromandian oso gertu izan nuen garaipena: bigarren izan nintzen, Hayterren atzetik eta Gaviriaren aurretik. Aho zapore ona gelditu zitzaidan. Hungariara konfiantzaz joan nintzen, baina han ere erori nintzen, eta saihets bat hautsi nuen. Orain hilabete batez egon naiz geldi, eta Okzitanian itzuliko naiz lehiara.

Normala ere bada emaitza apalagoak lortu izana, bideratzaile lanetan hasi baitzara. Zer moduz egokitu zara zeregin berrira?

Erakarri egiten ninduen lan horrek. Azkenaldian, asko erreparatzen nien Richeze eta halako bideratzaileen jardunari. Esprintetan, garaipenen zati bat bideratzaileena izaten da. Are gehiago egun, garrantzi handiagoa dutelako taldeek azken kilometroetan osatzen dituzten ilarek. Bideratzaileek garaipenaren atarian uzten zaituzte askotan. Ni beti neure kasa ibili izan naiz, eta oso zaila da horrela irabaztea. Jabetu naiz oso lan ona egin nezakeela beste esprinter batzuentzat. Datuen eta sentsazioen bermea neukan. Ongi eta gustura nabil.

Halere, ez diozu uko egin irabazteari. Horren erakusgarri da Erromandian bigarren geratu izana.

Anbizioari eusten diot. Azken bi urteetan, oso erregular ibili naiz, eta askotan sartu naiz irabazteko borrokan. Ohartu naiz, ordea, oso zaila dela irabaztea. Lortu ditut garaipen batzuk, baina ihes egin didate beste askok. Taldeak beste zerbait eskatzen dit orain, eta eroso nago. Erromandian irabaztea sekulakoa zatekeen, irabazteko aukera gutxiago izango dudalako aurten, eta nire lehen garaipena izango zelako gorenean eta talde berriarekin. Hala ere, badut konfiantza esprinter petoentzat gogorregiak diren bukaeretan emaitza onak lortzeko aurrerantzean ere.

Zenbateko aldea dago Caja Ruralen eta Treken artean?

Aldea ez da hainbestekoa. Funtsa berbera dela esango nuke. Ezberdintasun gehienak azpiegituran daude. Aurrerapen gehiago dago, eta den-dena duzu eskuragarri, material aldetik eta abar. Horrez gain, egutegi hobea eta askotarikoagoa dut. Eta, sasoi hasieran, harritu egin ninduen taldearen barruan zenbat langile gauden ikusteak. Ondoan ditut Josu Larrazabal [prestatzailea] eta Markel Irizar [kirol zuzendaria], eta haiek asko erraztu didate egokitzapena. Ezagunik ez duzunean inguruan, galduago sentitzen zara.

Giroan aritzekoa zinen. Kolpea izan zen kanpoan geratzea?

Ustez, Moschettiri laguntzera joan behar nuen. Baina hura ez zuten hautatu azkenean, eta ni ere ez. Gainera, erori izanak ere badu zerikusia. Ez diot halako garrantzirik eman. Aukera gehiago izango dut hemendik aurrera. Taldea oso ondo ibili da Giroan, oso lehiakor. Cicconek etapa bat ehizatu zuen, eta Juanpe [Lopez] egun askoan izan zen maglia arrosarekin. Gazterik onena izan zen azkenean. Asko hitz egin da Trek taldeaz, eta onerako. Oso lan ona egin dute denek.

Zer erronka izango duzu denboraldiaren bigarren zatian?

Vueltan aritzea gustatuko litzaidake; Tourra ezinezkotzat daukat. Ez dago nire planen eta desioen artean. Oraintxe, nahiago dut Vueltan lehiatu. Zerrendan nago, baina oraindik ez dakit ziur parte hartuko ote dudan. Gogotsu nago, esprinterako aproposak diren zenbait etapa baitaude. Ondo molda ninteke. Sasoiaren hasiera ez da nahi bezain ona izan; ea bigarren zatia txukunagoa ateratzen zaidan.

Bide malkartsua egin behar izan duzu gorenera itzultzeko: talderik gabe izan zinen Euskaltel desagertu ondoren, eta bi urtez Japonian aritu behar izan zenuen. Segi egin zenuen, amore eman ordez, eta sari handia jaso duzu azkenean.

Orduan, ezinezkotzat neukan elitera itzultzea. Baina urratsak eginez joan nintzen pixkanaka. Asian garaipen sorta polita lortu nuen, eta Muriasek Europako egutegian egonkortzeko aukera eman zidan. Eta hazten jarraitu dut azken hiru urteetan, Caja Ruralen. Hurrengo pausoa World Tourrera itzultzea zen, eta, azken denboraldietan, sentitu dut maila banuela. Aukera edukitzea besterik ez zitzaidan falta, eta, zorionez, Trekek nire alde apustu egitea erabaki zuen. Eskertzekoa da, gaur egun gazteak fitxatzen baitituzte batik bat. Tematia izan naiz, eta horri esker bete dut elitera itzultzeko ametsa.

Esango zenuke azken urteetan izan den Euskal Herriko esprinterrik onena zarela?

Tira, ez da horren zaila, esprinter gutxi baitago Euskal Herrian. Neure burua ezin dut askorekin alderatu. Erraza da nabarmentzea. Batzuetan, puntako esprinterrak ezerezetik agertzen dira, baina egia da hemen oso zaila dela afizionatu mailan esprinterra izanda soilik nabarmentzea. Igotzen ere jakin behar duzu. Lasterketak oso gogorrak dira. Hortaz, baliteke esprintetan oso ongi molda zitekeen jendea bidean gelditu izana. Baina egia da maldan gora gutxieneko maila bat behar dela profesionaletan ondo aritzeko. Beraz, arrazoia ez dut guztiz garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.