TXIRRINDULARITZA. DONOSTIAKO KLASIKOA

Onenetan onenak

Pro-tourreko txirrindulari onenak lehiatuko dira gaur 25. donostiako klasikoan; urtero bezala, jaizkibelen antolatutako ihesaldi batek erabakiko du irabazlea

DONOSTIA
2005eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Egungo txirrindulari onenak bilduko dira, gaur, 25. Donostiako Klasikoan. Klasikoetan trebeak diren txirrindulariez gain, Tourreko eta Giroko txirrindulari indartsuenak izango dira irteeran. Lehia ederra espero da Pro-Tour egutegiko 20. proba irabazteko.

Lasterketa Pro-Tour egutegian sartzeak talde indartsuenen parte-hartzea ziurtatzen du, baina antolatzaileek hori baino gehiago nahi zuten Donostia-Donostia Klasikoaren zilarrezko ezteietarako. Hala, Frantziako Tourra Pauera iritsi zenean, antolatzaileek talde zuzendariekin txirrindulari onenen parte-hartzea hitzartu zuten. Gainera, Pro-Tour taldeez gain, Comunitat Valencianak, Relax-Fuenlabradak, Barloworldek eta Kaikuk hartuko dute parte beren txirrindulari onenekin.Azken Tourreko lehen hogeita bost txirrindularitatik, hogei izango dira Donostian; Armstrong erretiratua, eta Mancebo, Mazzoleni, Landis eta Jaksche faltako dira. Pro-Tour sailkapeneko lehen hamaseietatik, berriz, hamaika izango dira. Armstrongez gain, Petacchi, Boonen eta Freire esprinterrak ez dira irteeran izango. Izan ere, Donostiako Klasikoaren profila ez da egokiena esprinterrentzat, ibilbide oso aldapatsua baitute. Mendateak erraz igarotzen dituzten txirrindulari azkarrak dira faborito Boulevardeko helmugan; hala nola Damiano Cunego, Paolo Bettini, Davide Rebellin, Igor Astarloa, Miguel Angel Martin Perdiguero eta Danilo Di Luca.Hala ere, Tourreko eta Giroko indartsuenek zeresana emango dute. CSC taldeak talde bikaina ekarri du Donostiara, eta Ivan Bassorekin, Carlos Sastrerekin eta Bobby Julichekin saiatuko dira garaipena lortzen. Discovery Channelek, Lance Armstrongen laguntzaile onenak ekarri ditu: George Hincapie, Yaroslav Popovitx eta Paolo Savoldelli. Santiago Botero, Michael Boogerd, David Etxebarria eta Jan Ullrich, besteak beste, kontuan hartzeko txirrindulariak dira ere. Ezin ahaztu etxekoak, denboraldi kaxkarra egin arren, zaleen aurrean lasterketa polita egin nahiko dute Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek. Aitor Gonzalez eta David Herrero izango dira liderrak, Haimar Zubeldia ahaztu gabe. Herrerok sasoi onean dagoela erakutsi du Burgosko Itzulian, eta Aitor Gonzalez Espainiako Itzulirako prestatzen ari da. Kaikuko txirrindulariak, berriz, beti bezain lehiakorrak izango dira. Joseba Beloki, Koldo Gil, Xabier Zandio eta Unai Yusek ere bere aukera bilatuko dute.

Jaizkibelek du giltza

227 kilometro izango dira, Gipuzkoari ia bira osoa emango diote, eta Orio, Garate, Azkarete, Udana, Jaizkibel eta Gurutzeko gainak igo beharko dituzte. Baina ohi bezala, Jaizkibelek izango du garaipenerako giltza. Aurten ere milaka zale espero dira Jaizkibelgo bide ertzetan. Han sortuko da seguru aski Boulevardeko helmugara helduko den taldetxoa. Eta talde horretako txirrindulari azkarrenak, edo abilenak, jantziko du txapela. Hala gertatu da azken urteetan, nekez iritsiko baita txirrindulari bat Boulevardeko helmugara bakarrik, Jaizkibelen alde eginda.

Donostiako Klasikoa txirrindulari handiek irabazi izan dute beti, irabazleen zerrendara begiratu besterik ez dago, Marino Lejarreta, Miguel Indurain, Gianni Bugno, Lance Armstrong edo Laurent Jalabert, besteak beste. Aurten txirrindulari handi horietako bat omenduko dute: Marino Lejarreta.

Hautagaiak





Danilo Di Luca: Denboraldi bikaina ari da osatzen; Giroko bi etapa, Euskal Herriko Itzulia, Amstel Gold Race eta Flecha Valona irabazi ditu. Mendateetan ederki moldatzen da, eta txirrindulari azkarra da, gainera. Pro-Tourreko liderra da.

Igor Astarloa: Lesioz jositako denboraldia izan du ermuarrak. Hala ere, sasoiko dagoela erakutsi du Burgosko Itzulian. Txirrindulari bizkorra da, eta garaipena nahi du bere zaleen aurrean.

Davide Rebellin: Urtero bezala faboritoetako bat da, italiarrarentzat ez direla urteak igarotzen dirudi, eta onenen artean jarraitzen du. Klasiko bat da Donostian.

Paolo Bettini: 2003an garaipena lortu zuen, eta iaz bigarren izan zen Perdigueroren atzetik. Bikain moldatzen da Donostiako Klasikako profilera.

Sailkapena



 

pro-tour





1. Danilo Di Luca (LIQ) 184 puntu2. Lance Armastrong (DIS) 184 pt.3. Alexandr Vinokourov (TMO) 136 pt.4. Bobby Julich (CSC) 130 pt.5. Tom Boonen (QST) 120 pt.6. Alessandro Petacchi (FAS) 111 pt.7. Davide Rebellin (GER) 101 pt.8. Jan Ullrich (TMO) 98 pt.

 

Egutegia





21. Alemaniako Tourra:
Abuztuaren 15etik 23ra.
22. Espainiako Itzulia:
Abuztuaren 27tik irailaren 18ra.

23. Frantzia Mendebaldeko S.N.:
Abuztuaren 28an.

24. Poloniako Tourra:
Irailaren 12tik 18ra.

25. Züri Metzgete:
Urriaren 2an.

26. Paris-Tours:
Urriaren 9an.

27. Lombardiako Giroa:
Urriaren 15ean.

 

Irabazle zerrenda



 

donostiako klasikoa





2004.M. A. Martin Perdiguero2003.Paolo Bettini2002.Laurent Jalabert2001.Laurent Jalabert2000.Erik Dekker1999.Francesco Casagrande
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.