Onenetako baten despedida

Aimar Olaizolak azaroaren 13an esango dio agur pilotari, sorterrian. Arrastoa utziko du, Lehen Mailako hamalau txapel lortuta, eta hogeita hiru urteko kirol ibilbide profesional oparoa eginda

Aimar Olaizola, atzo, Bilboko Bizkaia frontoian, bere lorpenen berri ematen duen afixarekin, pilota utziko duela esateko antolatutako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria - Iñigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun

Hamalau txapel, hogeitasei final, 1.307 partida eta hogeita hiru urte luzeko ibilbidearen ostean, ahotsean dardararik txikienaren arrastorik ere gabe esan dio agur pilota profesionalari Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979). Izan zitekeen enplegatu zintzo baten despedida ekitaldia, espanturik eta nabarmenkeriarik batere gabea, baldin eta erretiroa hartzen duena ez balitz izango inoizko pilotaririk onenetako bat. Denbora zeraman agurraren mamuak airean, eta, azkenean, azaroaren 13an jokatuko du azkeneko partida Olaizola II.ak, jaioterrian, Goizuetan, eta, hain zuzen,42 urte urte beteko dituen egunean. Ez, ordea, bere buruari egindako opari modura, baizik eta hori ere «kasualitatez».

[YouTube]https://youtu.be/vFrZpaw51lg[/YouTube]

Bizkaia frontoian eman zuen atzo pilotariak agurraren berri, eta Jose Ramon Garai Baiko enpresako burua izan zuen ondoan. Pilotariak aurrez ere maiz adierazia zuen ez zuela bere jokoa gain behera ikusteko asmorik, eta horregatik hartu du erabakia orain, bere hitzetan, «momentu politean» egonik ere. Eta, azaldutakoaren arabera, gorputzak ez, buruak eraman du pilota uztera. «Nahiko lasai eta nahiko ongi nago. Urte batzuk lehenago utzi beharra izan banu, ezberdina izango zen, baina momentu ona da hau. Fisikoki ongi nago, baina buruarena pixka bat gehiago kostatzen zait: partida aurreko tentsioa eta. Horren nekea hasi naiz nabaritzen».

Gurasoekin eta emaztearekin hasi, eta urteotan guztiotan ondoan izan dituen profesionalak, zaleak, kideak eta enpresetako ordezkariak izan zituen gogoan Olaizolak, eta onartu zuen hasieratik izan zuela argi sorterrian jokatuko zuela azken partida. «Zorretan sentitzen naiz».

Olaizolaren lorpenak zerrendan ematen zituen afixa bat jarri zuen enpresak prentsaurrekoa eskaintzeko mahaiaren alboan, crescendo moduko batean, jokatutako partida kopurutik hasi eta irabazitako hamalau txapelekin bukatzeko —lau eta erdiko zazpi, buruz buruko lau, eta binakako hiru—. Julian Retegik bakarrik du Olaizolak baino garaipen zerrenda hobea: Lehen Mailako hogei txapel irabazita. Palmaresa begiratu, eta pozik agertu zen Olaizola lortutako guztiarekin. «Kazetariek gogorarazi izan didate Julianen [Retegiren] ondoren txapela gehien nik lortu ditudala, igual hemendik urte batzuetara emango diot inportantzia gehiago horri, baina nik inoiz ez diot begiratu zenbat txapel ditudan. Txapelketa guztiak hartu ditut txapelik edukiko ez banu bezala».

1998ko apirilaren 12an egin zuen debuta profesionaletan, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan (Nafarroa). Iñigo Alberdi izan zuen bikotekide lehenbiziko egun hartan, eta Soroa III.a-Hirigoien izan zituzten aurkari. 22-15 galdu zuten. Baina berehala hasi zen nabarmentzen. Urtebete eskas geroago irabazi zuen lehen txapela: Bigarren Mailako Buruz Burukoa, eta gero heldu ziren beste guztiak.

Duela bost urte irabazi zuen azken txapela, binakakoa, Mikel Urrutikoetxearekin, eta pilotari berberarekin jokatu du azken finala, iaz; eta galdu egin zuten Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka. Banaka, berriz, orain zortzi urte irabazi zuen azken txapela, lau eta erdikoa, Juan Martinez de Irujoren aurka. Hain zuzen, lehia ikusgarria izan zuen Irujorekin Iberoko (Nafarroa) aurrelariak osasun arazoengatik erretiroa hartu zuen arte.

Hiru txapelketa nagusiak irabazi dituzten zazpi pilotarietako bat da Olaizola II.a. Retegi II.a, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea dira beste seiak. Aurrelari goizuetarrak estatistika ikusgarriak lortu ditu: 1.307 partida jokatu ditu, eta horietatik 820 baino gehiago irabazi ditu; jokatutakoen %62,74.

Enpresako pilotaria izan da. Asperekin egin zuen debuta, baina Asegarcen egin du ia ibilbide osoa, eta, azken urteetan, haren lekukoa hartutako enpresan, Baikon. Iaz Baikoko pilotari gehienek enpresarekin lan gatazka izan zuten, eta hark, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez zuten bat egin enpresakideen protestarekin.

Azken txapel baten aukera

Olaizola II.ak aukera du oraindik agur esan aurretik beste txapel bat irabazteko. Caixabank Masterseko finala jokatuko du igande honetan, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Jose Javier Zabaleta izango du bikotekide, eta Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrena aurkari.

Beste sei partida jokatuko ditu Goizuetakoaren aurretik, ziur, eta gehiago ere izango direla espero du Baiko enpresak. Eta gero? Galdera airean utzita esan du agur Olaizolak, haren hitzetan, azken partida horiek baino ez baititu buruan. «Bi hilabete hauetan disfrutatu egin nahi dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.