Garaipen gogoangarria lortu zuen Donostiarrak igandean, denboraldiko lehena. Non eta Zarautzen, urteko lehiarik garrantzitsuenetako batean. Bistakoa zen Igor Makazagaren arraunlariek gora egina zutela azken asteetan, baina gutxik sartzen zuten Torrekua II ontzia Ikurrinaren lehiako kinieletan. Orain, ordea, geratzen diren estropadetakoetan ez ezik, Kontxako kinieletan ere sartu da bete-betean.
Igandeko estropada amaituta, emozioa ezin ezkutatu egon zen Xabat Pastor arraunlaria (Hernani, Gipuzkoa, 1999). Garaipen hori bere lehen banderaren pare jarri du, eta asteburuan bizi izandakoa «oso berezia» izan dela adierazi. «Oso berezia izan zen, batez ere ez delako edozein estropada, Zarauzko Bandera da. Kontxakoaren ondoren, dagoen banderarik politena da, eta irabaztea ikaragarria izan zen. Donostian lortu nuen lehen bandera traineru barruan nindoala, 2020an, eta oroitzapen bikaina daukat. Baina uste dut igandekoa koska bat gorago dagoela: sinestezina izan zen».
Azken luzean lehia ikusgarria izan zuen Donostiarrak Urdaibairekin, baina, orain arteko estropadetan ez bezala, Donostiako traineruak indarrak atera, eta bizkaitarren aurretik sartu zen helmugan, behingoagatik. «Egun askotan egon gara Urdaibairekin azkenenera arte borrokan, eta ematen zuen Donostiarrak ez zituela ondo amaitzen estropadak. Bazirudien etiketa hori jarria genuela. Igandean, aldiz, bikain amaitu genuen, eta, gainera, sartu behar genien tarte hori handitu egin genuen. Asteburu biribila izan da, eta oso gustura gaude egindako lanarekin».
Atzetik aurrera
Bigarren txandan hasi zuen denboraldia Donostiarrak, baina azken asteetan berretsi du Urdaibairen aurkari sendoena dela. Pastorren hitzetan, duela bizpahiru aste ez ziren «hain txarrak ere», eta orain ez dira «hain onak ere». «Denboraldi hasieran ez dugu horren maila kaskarra eman, emaitzek erakusten zuten bezala. Arraunak kanpo baldintzak ditu, eta zorte puntu hori ere bai. Uste dut denboraldi hasieran kontra izan ditugula faktore horiek, eta bigarren txandan lehiatzea ez da batere erraza. Lekuz kanpo sentitzen zara, eta batzuetan deseroso ere bai. Gure lanean sinetsi dugu, eta orain ikusi da lehengo berberak garela, baina lortu dugula gure mailarik onena erakustea».
Sailkapenean, baina, nabaria da Donostiarra taldekoek egindako jauzia. Pastorrek dio «arlo psikologikoan» eman dutela aurrerapausorik handiena. «Jakinda ere baduzula maila eta ongi ari zarela entrenatzen, hori guztia emaitzetan islatuta ikusteak asko laguntzen du. Badakigu zerk ekarri gaituen honaino, eta horri helduko diogu. Garbi daukagu zergatik jardun dugun hain ondo azken asteetan eta zergatik irabazi dugun Zarautzen».
Orain arte ez dira fokupean egon, baina gutxi geratzen da denboraldiko lehiarik garrantzitsuenerako, eta hautagai sendoa direla frogatu dute. «Bi aste baino ez dira geratzen Kontxarako, eta Zarautz beti izaten da erreferentzia horretarako. Lehenbizi, aste honetan egin beharreko lanean arituko gara buru-belarri, eta hurrengo astetik aurrera jarriko gara Kontxari begira». Gainera, Pastorrek nabarmendu du orain zera dela Donostiarraren erronka nagusia, entrenatzean egiten duten hori estropadetan erakustea.