ESKUBALOIA

Onenen pare dago

Erik Balentziaga zarauztarrak lehen sasoia du Bundesligan, munduko eskubaloi ligarik onenean. Hain ondo aritu da, iritsi eta gutxira kontratua beste bi urtez luzatu baitio klubak.

Erik Balentziaga, baloiarekin, denboraldi honetan Melsungen taldearekin jokatutako partida batean. BERRIA
Erik Balentziaga, baloiarekin, denboraldi honetan Melsungen taldearekin jokatutako partida batean. BERRIA
inigo lasa fresneda
2024ko apirilaren 9a
05:10
Entzun

Pausoz pauso, baina beti aurrera begira. Halaxe iritsi da tontorrera Erik Balentziaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1993). Inongo presarik gabe, bere bidea eginez joan da, eta, pazientzia eta esperientzia lagun, Alemaniako Bundesligara iritsi da, askorentzat munduko eskubaloi ligarik onena denera. Melsungen taldearekin batera, denboraldi «polita» ari da bizitzen erdiko gipuzkoarra.

Izan ere, Hessen estatu federaleko taldea sasoi bikaina osatzen ari da. Ligan, bosgarren postuan da; hau da, Europarako sailkatzeko postuetan; kopan, berriz, Lauko Finalerako sailkatuta dago. Denboraldiaurreko aurreikuspenak txiki utzi dituzte: «Denboraldi hasieran inork ez zuen espero postu honetan egongo ginenik. Pozik gaude. Ea horrela jarraitzerik badaukagun». Sasoi amaierara bikain iritsi dira: taldea ondo baino hobeto ari dira betetzen Europara bueltatzeko helburua.

Melsungen ederki ari da, baina baita Balentziaga bera ere. Hau du lehen sasoia Bundesligan, eta hasiera-hasieratik zer egiteko gai den erakutsi du. Itzalpean hasi zen, baina berehala hasi zen dir-dir egiten. Aho zabalik utzi ditu asko, baita bere burua ere. «Ez nuen halakorik espero. Nire asmoa zen hona etorri eta pixkanaka-pixkanaka ligara ohitzea. Baina, aurreneko momentutik, gauzak ondo ari zaizkit ateratzen, eta taldea ere asko ari zait laguntzen; pozik nago».

Lehen partidatik eman duen «maila altuagatik» eta Bundesligako zale askorentzat «jokalari ezezaguna» izateagatik, are arrasto handiagoa uzten ari delakoan da. Hain izan da handia erdiko gipuzkoarrak izan duen eragina, liga hasi eta hilabete gutxira 2025era arte zuen kontratua beste bi urtez luzatu zion klubak. Oso gutxitan ikusten dira horrelakoak goi mailako kirolean. Melsungenek hartutako erabaki horrek ezustean harrapatu zituen asko, baita Balentziaga bera ere: «Banekien mugituko zirela, baina ez nuen uste hain goiz izango zenik. Kontratua sinatu nuenean, esan zidaten ondo jokatzen banuen aurrerago kontratua luzatzeko eskaintza bat egingo zidatela. Baina ligako laugarren jardunaldiaren ostean hasi ziren lehen hartu-emanak. Ez nuen espero, baina oso pozik nago».

«Ez nuen halakorik espero. Nire asmoa zen hona etorri eta pixkanaka-pixkanaka ligara ohitzea. Baina, aurreneko momentutik, gauzak ondo ari zaizkit ateratzen».

ERIK BALENTZIAGAMelsungen taldeko jokalaria

2027ra arteko kontratua du orain. Hau eta beste hiru sasoi ditu aurrean. Baina klubak bera hain azkar lotzeko, beste talderen bat izan al zuen atzetik? «Ez, beste taldeek ez dute denborarik izan [barrez]. Nik argi nuen proiektu honetan jarraitu nahi nuela, eta Melsungen azkar ibili zen. Normala denez, nik bistadizo bat eman nien beste talde batzuei, egoera zein zen ikusteko, baina hasieratik argi nuen hemen segitu nahi nuela».

Pausoz pauso

Pausoak emanez joan da, eta poliki-poliki maila hobetzen. Zarautzen, herriko taldean hasi zen, eta 2015ean Asobal ligara egin zuen jauzia, Teucro Galiziako taldearen eskutik. Anaitasunatik eta Logroñotik pasatu ostean, Okzitaniako Tolosara joan zen 2018an, munduko ligarik lehiakorrenetako batera. Han bi sasoi beteta iritsi da Melsungenera. «Asobal ligatik Bundesligara alde handia dago, eta tartean Frantziako ligan aritu izanak asko lagundu dit. Asko ikasi nuen bertan, eta orain errazagoa egin zait beste pauso bat eman eta hona etortzea. Halere, esan beharra daukat bidea erraztu didala taldean entrenatzaile espainiar bat izateak [Roberto Garcia Parrondo] eta ezagutzen dudan sistema batean jokatzeak ere».

Jokalari guztiak desberdinak dira, eta une ezberdinetan lortzen du euren onena ematea. Batzuek, hasi berritan, gazteak direnean erdiesten dute hori; beste batzuk, berriz, adinean gora egitearen poderioz euren dohainak finduz joaten dira. Multzo horretakoa da zarauztarra. Haren ustez, azken hauek izan dira bere sasoirik onenak: «Frantziako aurreneko sasoia oso polita izan zen, Tolosan aritu nintzena. Baina, orotara, azkeneko bizpahiru urte hauek oso onak izan dira». Hobekuntza horren atzean arlo bat dago beste faktoreen gainetik: esperientzia. «Dudan eskarmentuak eskubaloia pixkanaka-pixkanaka hobeto ulertzen lagundu dit. Fisikoki ere hobera egin dut, Frantziako eta Alemaniako prestakuntzari esker. Xehetasunik txikienak ere zaintzen hasi naiz, eta horrek eragin du hobekuntza».

Aurten Olinpiar Jokoak jokatuko dira Parisen. Hainbat euskal herritarrez osatutako Espainiako selekzioak bertan egotea ziurtatu zuen martxo hasieran. Balentziaga ez da inoiz aritu Espainiako selekzioan, baina munduko ligarik onenean ondo aritzeak ere ez du uste Parisera joateko balioko dionik. «Taldea nahiko itxita ikusten dut; ez dut uste aukerarik izango dudanik. Jokalari on asko dituzte nire postuan, baita gainerakoetan ere. Parisera ez naiz joango, baina lagun asko dauzkat bertan, eta asko poztuko nintzateke Kauldi Odriozola, Imanol Gartziandia eta Iñaki Peciña euskal jokalariak joango balira. Haiek animatzen arituko naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.