Onenen arteko saria nahi dute

Alberdik, Larrañagak, Vicentek eta Rodriguezek jokatuko dute bihar Urrezko Aizkorako txapela

Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a, abuztuan Donostian jokatutako Urrezko Kopan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Urte osoan jokatu ohi dira Egur Sporten txapelketak. Lehia pribatuak dira, baina badute sona herri kiroletan; izan aizkoran, harri jasotzen, edo txingetan. Esaterako, enpresa horrek antolatzen ditu Urrezko Aizkolarien lehiak. Haren jiran bildu ohi dira aizkolaririk onentsuenak, udaz kanpoko aldiari aurre egiteko. Haien abaroan jokatutako txapelketak molde ezberdinetakoak izan ohi dira. Haien artean da Txapeldunen Liga.

Izenak badu izana, eta hori agerikoa da finaleko parte hartzaileen zerrendari erreparatuta. Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ohikoak dira halako lehiatan. Suharri Rodriguez Paolla da aurtengo berritasuna; gainera, zuzenean egin du finalerako jauzia, ligaxkan nagusituta.

Bihar erabakiko dute Txapeldunen Ligako irabazlea, Pobesen (Araba), 12:00etan (ETB1). Lan mardulak egingo dituzte lau aizkolariek: hamabi enbor ebakiko dituzte, sei eratara banatuta. 45 ontzako enborrekin ekingo diete lanari, hiru eratan moztuta: kolpetara, zutik, eta erlojuaren aurka. 65 ontzakoa ebakiko dute gero, eta, horren ostean, 45eko eta kana-erdiko bana —54 ontzakoa egurra da—, era mistoan.

Lanerdira ariko dira gero, eta horrek erabakiko du lehia. Izan ere, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi 65eko moztuko dituzte lehia amaitzeko. Lanak azkarren egiten dituena izango da txapeldun. Bihar ariko diren aizkolari guztiek irabazi dute gutxienez Urrezko Aizkorako txapel bat.

Txapeldunen Ligako finalaz gain, bi erakustaldik osatuko dute jaialdia. Harri jasotzean, Lucia Orbe, Patricia Martin, Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a ariko dira; eta aizkoran, Maika Ariztegi eta Claudia Muñoz.

Federazioko lehiak jokoan

Pobesekoaz gain, aizkorako eta harri jasotzeko beste zenbait ekitaldi egingo dituzte bihar. Federazioak antolatutako txapelketak izango dira haietako batzuk. Aian (Gipuzkoa) banatuko dituzte emakumezkoen aizkorako eta harri jasotzeko txapelak, eta baita gizonezkoen lokotx biltzekoak ere. Aizkoran, Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Laiene Pikabea ariko dira lehian. Lau enbor ebaki beharko dituzte: bi 36 ontzako, eta bi 45eko.

Parte hartzea are handiagoa izango da harri jasotzean. Diziplina horrek emakumezkoen artean bizi duen loraldiaren adibide izango da Aiako txapelketa. Sei lagunek hartuko dute parte, probalekuan egingo den txapelketan: Lur Errekondok, Lierni Osak, Udane Ostolazak, Aroa Sanchezek, Ane Zinkunegik eta Ainitze Zumetak. 62 kilo eta erdiko zilindro zaharra, kubikoa eta bola jaso beharko dute guztiek, bakoitza hiruna minutuko txandatan. Jasoaldi gehien egiten dituen kirolariarentzat izango da txapela.

Bost lagunek hartuko dute parte gizonezkoen lokotx bilketa txapelketan. Maila handia dago Gipuzkoan, eta lehia estua espero da. Jon Larrañaga eta Gotzon Iruretagoiena —izetatarra da hura— dira hautagai nagusiak; haiekin batera ariko dira Iraitz Ferreira, Uxer Mozo eta Mikel Osoro.

Araban ere federazioaren txapelketak egingo dituzte bihar. Gizonezkoen bigarren mailako aizkorakoaz gain, emakumeen txinga eroatekoa egingo dute (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.