Italiako Giroa

Onenen artean onena ematera

Hiru euskal ziklista ariko dira Giroan: Eider Merino, Ane Santesteban eta Enara Lopez. Lehen biek sailkapen nagusiari begiratuko diote, eta hirugarrena talde lanean ariko da.

Enara Lopez. BERRIA.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iazko Giroan, tropeleko izar nagusien pare egin zuten distira Eider Merinok (Balmaseda, Bizkaia, 1994) eta Ane Santestebanek (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Zortzigarren geratu zen Merino (Movistar), eta haren atzetik Santesteban (WNT-Rotor). Italiako lasterketan sekula halako mailarik eman gabeak ziren. Bigarren aldia zuen Merinok, eta seigarrena Santestebanek. Bada, aurten ere onenen artean beren onena eman nahiko dute.

«Egunez egun joatea da asmoa. Ea ez dudan egun txarrik. Aurre-aurrean ibiltzea gustatuko litzaidake», adierazi du Merinok. Gora begiratu eta zortzigarren postua hobetzea gustatuko litzaioke; baina, halaber, «errealista» izan nahi du. «Lortzen ez badut, ez dut erabat penatuta gelditu nahi. Postuaz harago, garrantzitsuena ondo sentitzea eta neure burua onenen alboan ikustea da». Anbizio gehiagoz mintzo da Santesteban. «Iaz, erori, eta denbora galdu nuen erlojupekoan. Hala, berriz bederatzigarren egitenedo postu hori hobetzen saiatuko naiz».

Prestakuntza lana ondo egin duen sentipenarekin iritsiko da errenteriarra. «Hasieran bizkarreko minez izan nintzen, baina gerora nahiko ondo ikusi dut neure burua. Azken asteetan altuerako entrenamenduak egin ditut Galizian. Orain, gainontzekoak nola dauden ikusi beharko da». Merinok, ordea, aho zapore mikatzagoa dauka. Ongi ekin zion denboraldiari, Valentziako Itzulian laugarren eginda, baina «kili-kolo» ibili da geroztik. Edonola ere, altueran egindako saioek mesede egingo dioten itxaropena dauka. «Ez dut nire pedal kolperik onena aurkitu, baina kontzentrazioan ondo ibili naiz, eta Espainiako Txapelketan aurrean egon nintzen. Egindako lan guztia orain islatzea espero dut».

Oso gogorra da Giroaren ibilbidea, baina euskal ziklistek ez dute kexarik. Beren ezaugarriekin bat datorrela diote. «Oroitzen dudan Girorik gogorrena izango da. Ez dago etapa erabat laurik. Gainera, bi etapa mendi oso garaietan bukatuko dira. Niretzat oso aproposa dela uste dut», azaldu du Santestebanek. Iritzi berekoa da Merino. «Oso ibilbide menditsua da, eta horrek mesede handia egingo dit. Igoera luze eta garaiak izango ditugu, eta, hain justu, horiek datozkit hobekien. Onenen gurpilari eustea gustatuko litzaidake».

Badakite min handia egingo dutela Montasiok (22 km eta %5eko pendiza) eta Gaviak (25,6 km eta %5,5). Batak 1,5 kilometrora du helmuga, eta besteak, 2,6ra. Halako luzera eta garaierarekin, triskantza gerta daiteke. Merinoren esanetan, «indar mentala» da gakoa halako igoeretan. «Wattak jaitsi eta pultsazioak igo egiten dira. Gorputza muturrera eramaten duzu». «Ez gaude ohiturik halako igoeretara. Gogorra izango da, eta ezusteko bat baino gehiago egon daiteke», gaineratu du Santestebanek.

Gipuzkoarra WNT-Rotor taldeko burua izango da, Erica Magnaldirekin batera. Merinok, berriz, bere gain hartu beharko du lidergoaren zama guztia. «Mavi Garciak eta biok izan behar genuen ardura, baina hura ez da izango azkenean, eroriko baten ondorioz. Bakarka askoz ere handiagoa da presioa, eta egoera hori kudeatu beharko dut. Ez dut nahi hori nire ahulgunea izaterik».

Ehiztarien laguntzailea

Merino eta Santestebanekin batera, Enara Lopez (Durango, Bizkaia, 1997) da Giroan lehiatuko den beste euskal herritarra. Haien aldean, oso bestelako zeregina izango du Bizkaia-Durangoko txirrindulariak: taldekideei etapak ehizatzen laguntzea. Emaitza onak lortzen saiatuko dira Nicole D'Agostin, Cristina Martinez eta Sandra Alonso, eta haientzat lan egitea egokituko zaio Lopezi. Bigarren Giroa izango du, iaz estreinakoa egin eta gero. «Eskarmentua hartu nuen, eta aurten askoz ere hobeto moldatzea espero dut. Sasoi onean nago».

Ez dio gezurrik, berriki bigarren izan baita 23 urtez azpiko errepideko Espainiako Txapelketan. «Bertako maila ezin daiteke alderatu Girokoarekin. Edonola ere, aurrean egotea espero dut, ongi kokatuta, eta ea postu onen bat lortzen dudan». Bizkaiko taldeak etapa bihurriak ditu begiz joak. Goi mendikoetan «zaila» izango omen da onenak ezustean harrapatzea. «Gaviako etapan, adibidez, pentsatzekoa da sailkapen nagusiko emakumeak egongo direla aurrean. Oso amaiera gogorra izango da, baina, era berean, egunik aproposenetakoa izango da niretzat. Gehiago sufrituko dut etapa lauetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.