Calpen (Herrialde Katalanak) harrapatu du deiak Jonathan Lastra (Bilbo, 1993). Aste bukaerara arte egongo da han bilduta, eta, igandean, Valentziako klasikoa jokatuko du. Han ekingo dio sasoiari, soinean kolore berriak dituela. Izan ere, Cofidisen elastikoarekin jardungo du, zazpi urtez Caja Ruralen aritu ondoren. 29 urterekin iritsi zaio World Team mailako talde batean aritzeko aukera. Sekula ez baino, berandu hobe. Eliteko egutegia izatea «hobekuntzarako bide» izan daitekeela uste du. Aurrenekoz ariko da Ardenetan, eta «aukera txiki bat» ikusten du Tourrean izateko.
Hasia zara Cofidisen maillotarekin kilometroak egiten. Baita garaipenak lortzen ere: Ormaiztegiko ziklo-kros proba irabazi zenuen urteko lehen lehia egunean. Ez da hasiera txarra.
Ea hemendik aurrera datorrenaren aurrerapena den. Batzuetan, lanak ez du ordainik izaten. Zortea kontra izaten duzu, eta emaitzak ez dira eginiko esfortzuaren parekoak. Maillota aldatzeak zortea aldatzea badakar, pozarren egongo naiz. Irabazteak konfiantza ematen du beti; uste dut sasoi polita osa dezakedala.
Oso arraroa da Caja Ruralenaren ordez beste elastiko bat janztea?
Arraro samarra izan da hasieran. Orain arteko argazki guztietan, berdez jantzita ageri naiz. Ez dut beste maillotik jantzi profesionaletan. Dena den, berehala ohituko naiz, egunero entrenatzen ari naizelako kolore berriekin.
Lokatzez zikindu dituzu jantzi berriak. Ziklo-krosa funtsezkoa da zure prestaketan.
Oso ona da niretzat. Gorputzari beroaldi ederrak ematen dizkiozu, eta urtea beste txinparta batekin hasten duzu. Aurten, apur bat gutxiago lehiatu naiz lokatzetan. Iaz, asko eman zidan: galdutako konfiantza eta bizitasuna berreskuratu nituen ziklo-krosari esker. Sasoi honetan, lau probatan bakarrik parte hartu dut, baina uste dudalako ez nuela gehiagoren premiarik. Edonola ere, baliagarri izan zait zangoak berotzen hasteko, eta gozatu egin dut etxeko lasterketetan.
Eta zer moduz joan zaizu denboraldiaurrea errepideko bizikletarekin?
Oso pozik nago dudan sasoiarekin. Aurrerago ikusiko da, baina uste dut inoiz baino hobeto has dezakedala denboraldia. Epeak betetzen ari naiz, dena nahi bezala doa, eta, oraingoz, oso sentipen onak ditut. Ez dut aparteko aldaketarik egin Caja Ruraleko garaiekin alderatuz; agian, kilometro gehixeago egin ditut neguan, baina, bestela, antzera prestatu dut sasoi berria.
Pozarren zaude World Tourrera jauzi eginda; hainbeste, ezen Eguberri gauean kantuan ibili baitzinen ETB1en, besteak beste Ion Izagirrerekin batera.
Esperientzia polita izan zen. Ionen bidez egin zidaten proposamena. Zalantzak izan nituen: kantuan, jendaurrean eta euskaraz... Animatu egin nintzen, ordea, eta oso ondo pasatu nuen. Zortea izan genuen abestiarekin [Huntza taldearen Aldapan gora], jokoa ematen baitu kantatzeko eta dantzatzeko. Ezaguna nuen, eta letra berehala ikasi nuen. Halere, dezentez errazagoa zait bizikletan aldapan gora aritzea.
Goreneko mailan aritu ahal izateak zer-nolako garrantzia du zuretzat, ziklista moduan?
Banuen jauzi horren beharra. Mailarik handieneko lasterketak kateatzeko aukera izango dut, eta hori funtsezkoa da ziklista gisa hobetzeko. Askoz egutegi hobea edukiko dut. Orain arte, urte hasieran maila oneko probak egin izan ditut, baina, Euskal Herriko Itzuliaren ondoren, halako hutsune bat edukitzen nuen. Aurten, ordea, klasikoetan arituko naiz: batetik bestera ariko naiz, onenen artean lehiatzen. Hobetzeko bide izatea espero dut.
Halaber, aukera izango duzu zure muga fisikoak non dauden ikusteko.
Hala da. Badakit elitean aurpegia eman dezakedala: iaz, hogei onenen artean sailkatu nintzen Itzulian eta Donostiako Klasikoan. Adierazgarri ona da. Baina halako lasterketak elkarren segidan egitean ikusten duzu benetan zertarako gai zaren, eta zer toki duzun tropelean. Onenen aldean zer maila dudan jakin nahi dut.
Berandu iritsi zaizu urratsa egiteko abagunea, 29 urterekin. Trenak ihes egingo zizun beldurrik bazenuen?
Bai, berandu da, batez ere ikusita orain mutikoak 19 urterekin egiten direla profesional. Azken aukera izan zitekeen sentipena nuen. Iaz ere berdin sentitu nuen. Mugan nengoen, eta, azkenean, Cofidisen deia jaso nuen. Itzuliaren ondoren, emaitza on bat lortu nuen Italian, eta, ikusita gero erregular aritu nintzela, konbentzitu egin nituen. Gainera, puntuei garrantzi handia ematen zaie oraintxe, eta ziur horrek ere izan duela zerikusia; urtero puntuazio polita lortu izan dut.
Astanara joatear izan zinen duela bi urte, baina ezerezean geratu zen fitxaketa. Arantza sartua geratu zitzaizun?
Kolpe handia izan zen. Bazirudien dena egina zegoela, baina Vueltaren aurretik zapuztu zen. Psikologikoki arrastoa utzi zidan, eta gogorra izan zen. Baina, askotan, ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Cofidis talde egokiagoa da niretzat.
World Team mailako beste talderen batek ere dei egin zizun, alaCofidisen eskaintza bakarrik zenuen?
Beste aukeraren bat ere egon zen agian, baina gauzak oso azkar gertatu ziren, eta egia esan, nik Cofidisen aukerari bakarrik begiratu nion. Oso itxura ona zuen kanpotik, eta konforme gelditu nintzen haiekin izandako elkarrizketetan. World Tourreko probetan noraino irits naitekeen ikusi nahi dute haiek ere, eta jakin zer lasterketa egokitzen zaizkidan ondoen. Horrez gain, lanerako ere nahi naute; adibidez Itzulian, Ioni laguntzeko.
Ion Izagirrez gain, ziklisten artean eta talde teknikoan ezagun gehiago duzu. Horrek are erakargarriago egin du eskaintza?
Noski. Dena ez da lehiatzea; bizikidetzak eta talde barruko giroak ere garrantzi handia dute. Eta, taldera iritsi naizenetik, oso gustura nago. Pozarren nago erabakiarekin. Ionekin buruz buru ibili naiz ziklo-krosean; eta errepidean, gustura lan egingo dut harentzat hala dagokidanean. Dena emango dut bere helburuak bete ditzan. Urtebete darama taldean, eta ondo egokituta dago, pozik.
Baduzu helburu jakinik?
Garaipenen bat lortu nahiko nuke, zaila izango den arren. Caja Ruralen baino aukera gutxiago izango dut etapak irabazten saiatzeko, eta lasterketen maila handiagoa izango da. Baina, abagunea sortzen denean, behar bezala baliatzen saiatuko naiz. Egutegi mardula izango dut: Valentzian hasiko naiz; gero Mallorcan, Murtzian eta Jaenen ariko naiz; O Gran Camiñon eta Strade Bianchen ibiliko naiz ondoren; eta hurrena, Miguel Indurain sarian eta Itzulian. Ardenetan debuta egiteko aukera ere izango dut, Amstel Gold Race eta Fleche Wallonne klasikoetan. Ederra izango da.
Hiru asteko zein itzulitan arituko zara lehian?
Printzipioz, Vueltan. Aukera txiki bat egon liteke Tourrera joateko, Bilbotik hasten delako, baina oso goiz da oraindik, eta taldera iritsi berria naiz. Ezagutu egin behar naute lehenik, eta Tourrean egotea merezi dudala erakutsi behar dut. Aukera izate hutsa gauza handia da. Banuen ilusio hori Cofidisera iritsi nintzenean, baina ezinezkoa zirudien. Orain, aukera txiki bat ikusten dut, eta akuilu izango dut nire onena emateko.
Zazpi urtez aritu zara Caja Ruralen. Zer diozu urte horiez?
Oso urte onak izan dira. Batzuek uste zuten bidean geratuko nintzela, baina, denboraldiz denboraldi, hobetuz joan naiz, eta, azkenean, lider izan naiz. Bi garaipen lortu ditut, eta oso emaitza onak; adibidez, Vueltan irabaztear izan nintzen. Borrokalaria naizela erakutsi dut, eta oso gustura aritu naiz. Uste dut taldea ere oso pozik egon dela nire mailarekin. Ezin daiteke gehiago eskatu.
Lanak izango ditu Caja Ruralek zure lekua betetzen?
Zaila izango da, oso erregularra naizelako. Oso ziklista onak dituzte, baina nik beti emaitza onak bermatu ditut sailkapen nagusietan. Agian gisa horretako norbait falta zaie. Denen artean saiatuko dira leku hori betetzen. Onena opa diet, eta pentsatzekoa da aurten Vueltak gonbidatu egingo dituela. Oker handia litzateke Espainiako Estatuko ProTeam talderik onena bigarren urtez Vueltatik kanpo gelditzea.
Orokorrean, zer ekarriko du txirrindularitza denboraldiak?
Gazteak haize berriak ekartzen ari dira txirrindularitzara. Beldur txikiagoarekin korritzen dute. Hori horrela, aurten ere sasoi ikusgarria biziko dugula uste dut. Itzuli handietan, lehia oso estua izango da. Era berean, uste dut taldeek garrantzi handiagoa emango diotela UCI puntuak hasieratik biltzeari, eta hori aintzat hartuz lehiatu beharko dugu ziklistok.
Jonathan Lastra. Cofidiseko ziklista
«Onenen aldean zer maila dudan jakin nahi dut»
Lastra gogo biziz dago goreneko mailan aritzeko. «Banuen jauzi horren beharra». Bi urterako sinatu du Cofidisekin, eta Ion Izagirrerekin bat egingo du han. Prest da harentzat lan egiteko, baita bakarka distira egiteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu