ATLETISMOA

Onenekin aritzearen zirrara

Bi euskal atleta ariko dira gaur Glasgown, Pista Estaliko Munduko Txapelketan, 60 metroko hesidunetan: Asier Martinez zizurtarra, Espainiako selekzioarekin; eta John Cabang irurarra, Filipinetakoarekin. Cabangek lehen munduko txapelketa du.

(ID_13647883) (Gotzon Aranburu/@FOKU) 2024-02-27, Irura. John Cabang Munduko Txapelketan ariko da, Filipinasekin
John Cabang, Filipinetako selekzioaren elastikoarekin, Irurako plazan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 2a
05:10
Entzun

Euskal atletismoak altxorra topatu du abiadura lasterketeta hesidunetan. Euskal Herriko bi atleta lehiatuko dira gaur Glasgown (Eskozia), Pista Estaliko Munduko Txapelketan: Asier Martinez (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000) eta John Cabang (Madril, 2001; 2010etik bizi da Iruran, harrera familiarekin). 60 metroko hesidunetan ariko dira biak: Asier Martinez Espainiako selekzioarekin ariko da; Cabang, berriz, Filipinetakoarekin, hangoak baititu guraso biologikoak. 

Euskal Herrian 11:10 direnean ekingo diote lehiari, kanporaketetan. Sailkatuko balira, finalerdietan ariko lirateke, 20:10ean. Finalera igaroz gero, 22:30ean lehiatuko lirateke.

Asier Martinez 2021etik darama munduko onenekin nor baino nor gehiago: 2021ean, seigarren izan zen Tokioko Olinpiar Jokoetan, 110 metroko hesidunetan; 2022an, berriz, Europako txapeldun izan zen 110 metroko hesidunetan, eta hirugarren Munduko Txapelketan. 2023an, ordea, ia ez zen lehiatu, min hartuta egon baitzen. Baina indartsu itzuli da, eta haren markarik onena egin du 60 metroko hesidunetan: 7,49. Hamar atletek baino ez dute azkarrago korri egin sasoi honetan. Beraz, Glasgown onenekin lehiatzeko moduan da. Duela bi urte, Belgraden, laugarren izan zen.

Helburu apalagoa du Cabangek: «Hemen egote hutsa opari handia da. Gozatu egin nahi dut. Ondo lehiatzen banaiz, finalerdietarako sailkatu naiteke», azaldu du. Lehen aldia du munduko txapelketa batean. Asiako txapelketarik garrantzitsuenetan lehiatu izan da: Asiako jokoetan eta txapelketan iaz, eta pista estaliko txapelketan aurten. Iaz, dominen usainean ibili zen—laugarren izan zen 110 metroko hesidunetan—, baina, aurten, podiumerako urratsa egin du: hirugarren izan zen duela bi aste Teheranen, 60 metroko hesidunetan. Egun horretan egin zuen korri inoiz baino azkarrago: 7,64. «Seinale ona da azken proban horren azkar korritu izana. Sasoi betean nago, eta ilusioz gainezka». Adi egoteko esan die gertuko guztiei. «Sarrerak berehala amaitu ziren, eta, beraz, familia eta lagunak telebistan ikusiko dute. Ari naiz matraka ematen [barrez]».

Kronometroari astindua eman dio aurten. Badu azalpena. «Abiaduran jauzia egin dut. Teknika nahiko menperatua dut; derrigor izan behar dut, ez naizelako oso garaia [1,76 metro]. Gero eta azkarrago ari naiz, baina oraindik badut hobetzekorik. Horretan ari gara entrenatzailea eta biok [Martin de la Fuente]». Badu denbora. Gaztea da, eta ia hasiberria: 2020tik dabil serioago, Realean. Aurretik, Anoetan eta Tolosan (Gipuzkoa) aritu zen, beti hesietan. «Hasieratik erakarri ninduten».

«Hemen egote hutsa opari handia da. Gozatu egin nahi dut. Ondo lehiatzen banaiz, finalerdietarako sailkatu naiteke».

JOHN CABANG Realeko atleta

Teknika landu du, baina baita burua ere, kirol psikologo batekin. «Mesede» egin dio. «Garai zaila igaro nuen: oso ondo entrenatzen nintzen, baina urduri jartzen nintzen lehiatzeko orduan. Psikologoarekin landu dut, eta on egin dit: hobeto lehiatzen naiz».

Holloway eta Asier Martinez

«Ilusio handia» pizten dio munduko onenekin aritzeak. Bi nabarmendu ditu. Bat, Grant Holloway estatubatuarra. Hura da 60 eta 110 metroko hesidunetako munduko txapelduna, eta hark du munduko marka pista estalian: 7,27. «Ikaragarria da, pistan eta pistatik kanpo». Bestea, berriz, gertukoa du: Asier Martinez. «Ni baino urtebete helduagoa denez, gaztetatik lehiatu izan gara elkarrekin. Oso jatorra da. Oso ondo dabil azkenaldian. Asko pozten naiz harengatik. Oso ondo menperatzen du teknika, eta oso azkarra da». Egin du apustua: «Finalera iritsiko da. Domina irabaziko duen? Finalean jendeak asko arriskatzen du, eta edozer gerta daiteke».

Glasgown arituta, Cabangek badaki aurrerapausoa eman duela Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko. «Borrokatzen segitu behar dut, baina gero eta gertuago nago: oin eta erdi dut Parisen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.