Hamar egun baino ez dira falta Euskal Herriko itzulia hasteko, eta dena prest da. Parte hartuko duten txirrindularien berri ematea falta zen, eta antolatzaileek gaur eman dituzte horren inguruko zertzelada batzuk. 100 urte betetzen dira aurten lasterketa lehen aldiz jokatu zela, eta, urteurren berezi hori kontuan hartuta, antolatzaileek goi mailako parte hartzea lortu dute. Azken orduko ezusterik ezean, bertan izango dira, besteak beste, iazko podiuma osatu zuten hiru txirrindulariak: Jonas Vingegaard (Jumbo Visma), Mikel Landa (Soudal) eta Ion Izagirre (Cofidis). Horrekin batera, irteera arrastoan izango dira, Pello Bilbao (Bahrain), Remco Evenepoel (Soudal) eta Primoz Roglic (Bora).
Tropela 168 txirrindularik osatuko dute. World Tourreko 18 taldeak eta sei talde gonbidatu arituko dira lehian. Sei talde gonbidatu horiek hauek dira: Euskaltel-Euskadi, Caja Rural, Kern Pharma, Burgos BH, Q36.5 eta Totalenergies. Ibilbideak 833,6 kilometro izango ditu, eta txirrindulariek 22 mendate igo beharko dituzte. Bi berritasun nagusi ditu aurtengo aldiak. Batetik, Iparraldera itzuliko da lasterketa, hamarkada baten ondoren. 2014. urtean izan zen azken aldi hori, urte hartako bigarren etapan. Ordizian (Gipuzkoa) hasi zen lasterketa, eta Urdazubin (Nafarroa) amaitu, baina tarte txiki batez Lapurditik igaro zen. Bi urte lehenago ere beste sartu-irten bat egin zuen Itzuliak Lapurdiko lurretan: laugarren etapan izan zen, Eibarren hasi eta Ibardineko tontorrean amaitu zen etapan.
Bestetik, erlojupekoa izango da aurtengoan. Irunen izango da, eta horrekin abiatuko da lasterketa apirilaren 1ean. Etapa motz eta ez oso zorrotza izango da, baina aldapa batzuk izango ditu. Lehenengo zatian, harrizko galtzada txiki bat egongo da, %10eko pendiza hasi bezain laster. Zenbait aldiz gora eta behera ibili ondoren, igoera gogor bakarra iritsiko da, 1,7 kilometrokoa, %5,2ko desnibelarekin. Hortik Olaberria auzo osoa zeharkatu beharko dute, beherantz, udaletxera igotzeko aldapara iritsi arte. Sorpresarik ezean, ez da faboritoen arteko alde handirik espero.
Bigarren etapak Irun eta Kanbo (Lapurdi) lotuko ditu. Oso eremu engainagarri duen etapa bat da, eta mendate puntuagarri bakarra izango du. Hala ere, gorabehera etengabea duten errepideetan ariko dira txirrindulariak. Leku estu batzuetan, txirrindulari multzoak tokia hartzeko borrokatu beharko du, eta ihesaldietarako etapa izan litekeela ohartarazi dute.
Ezpeleta (Lapurdi) eta Altsasu (Nafarroa) artean jokatuko da hirugarren etapa. Etaparik luzeena izango da (190 kilometro), eta, gainera, sei mendate puntuagarri izango ditu. Otsondo igotzeari ekin beharko diote ―500 metroko desnibela. Etapa aproposa da txirrindulari indartsuz osatutako ihesaldi batek bidea ireki dezan.
Laugarren saioan, tropela Etxarri Aranaztik (Nafarroa) abiatuko da, eta, 157 kilometro egin ondoren, Legution (Araba) izango dute helmuga. 25 kilometroko sasiordokiarekin eta Opakuako igoerarekin hasiko da. Horren ondoren, basamortua iritsiko da, helmuga lehen aldiz zeharkatu arte. Urduritasuna zirkuituaren azken zatian hasiko dela hiru igoerarekin. Azken gaina helmugatik 8 kilometrora baino ez da egongo.
Gasteizen (Araba) hasi, eta Zornotzan (Bizkaia) amaituko da Itzuliaren bosgarren etapa. Hasiera izango da eguneko une lasai bakarra, Zornotzan lehen aldiz sartzeko jaitsi arte; orotara lau aldiz igaroko da lasterketa handik. Hortik aurrera, lasterketa Urkiolara igoko da (561 metroko desnibela), eta zirkuitu batean sartuko da: zirkuitu horretan tropelak bi aldiz igoko du Muniketa, baita puntuagarria izango ez den beste aldapa bat ere. Helmugara iritsi aurretik, bi aldiz zeharkatu beharko dute kontrahelmuga, eta beste bi aldiz Zornotza.
Eta amaitzeko, Eibarko (Gipuzkoa) etapa. 2023an bezalaxe, hauxe izango da etapa nagusia. Hasiera-hasieratik oso etapa exijentea eta selektiboa izango da, eta sailkapen orokorreko txirrindulariak izango direla eguneko protagonista handiak.