Onenak, onenekin

Brooklyn Nets NBAko taldean ariko da Mirza Teletovic. Baskoniako kapitainak sei urte egin ditu Gasteizen, eta Europako onenen artean 4.a bilakatu. 12 milioi euro jasoko ditu hiru urtean.

Mirza Teletovic, Velimir Perasovicekin hizketan, 2007an, jokalari bosniarra Gasteizera iritsi eta hurrengo urtean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Bizitza legea bete da. Jaio, hazi eta martxa. Baskoniak bere tradizio errotuenari men egin dio berriro, eta taldeko ikur bilakatu den azken jokalariari munduko liga onenean, NBAn, aritzeko baimena eman dio. Hori bai, 1,7 milioi euroko diru sari mamitsuaren truke. Beste batzuek hasi zuten bideari segida eman dio Mirza Teletovicek (Jablanica, Bosnia, 1985), eta ez da azkena izango. Baskoniaren lan eredua errotuta dagoelako, eta onura asko eman dizkiolako. Kirol arrakasta moduan batzuetan, dirutza handiak jasota ia beti. Arvidas Macijauskas, Luis Scola, Andres Nocioni, Tiago Splitter... eta orain Teletovic. Taldeko onenak beti. Onenek onenekin jokatzen dutelako. Onenek NBAn, munduko liga onenean jokatzen dutelako.

Forondako aireportuko zama lanak bezalatsu, gai batzuk lurreratu, beste batzuk aireratu. Sei urte luze pasatu dira Teletovic lodikotea Gasteizen lurreratu zela. Gaztetan irten zen Jablanica jaioterritik (Bosnia), gerra hotsetatik ihesi. Ostenden egin zuen lehen geltokia (Belgika), eta handik egin jauzi Gasteizera. Erreferentzia handirik gabe, eta oihartzun mediatiko handirik gabe, baina kritikarik gabe. Alfredo Salazarren begiak askotan asmatu du, eta 2,06 metroko morrosko haren etorrerak ez zuen zertan inbertsio ustela izan. Akordio luzea sinatu zuen, gainera: lau urte.

Lehen urtea gogorra izan zen. Herrialde berri bat, talde berria, arau berriak eta Bozidar Malkjovic aulkian. Ez zen ondo moldatu serbiarrarekin, eta aulkiko txoko guztiak inork baino hobeto ezagutu zituen. Inoiz ez du entrenatzailearekin feeling ona ez izateko arrazoirik aitortu: «Malkjovici galdetu», bota izan du beti.

2007ko uda zen. Teletovicek lan handia egin zuen bizpahiru hilabetean, eta hamabi kilo galduta bueltatu zen Baskoniara. Fin-fin, gorputza landuta. Velimir Perasovic jokatzeko baimena ematen hasi zen, eta partidaz partida, bosniarraren legenda osatzen hasi zen. Hiruko jaurtitzaile fama onarekin etorri zen Gasteizera, eta denboraldi bakarrean aho bete hortz utzi zuen jende asko. Buesa Arenara bertaratzen zirenak eta beste kantxa askotakoak ere bai. 2,06ko mutil handia hirukoak hain teknika dotorearekin egiten ikustea gauza berria baitzen.

Horietako batzuk une beroetan sartu zituen Teletovicek, eta horrek konfiantza eman zion. Urte bakarrean pieza ordezkaezina bilakatu zen Baskonian. Normala, hirukoetan %40 asmatuz. Perasovicek estu hartu zuen. Gazteleraz bakarrik hitz egiten zion, eta horretan ere trebe agertu zen jokalaria, azkar ikasi zuelako Espainiako hizkuntza.

Han eta hemen, harmailetan eragiten zituen marmarrengatik egin zen ezagun Teletovic. Ezinezkoak ziren hirukoak sartzen zituelako, gain-gainean defentsa baten beso luzeak izanda ere. Askotan azaldu behar izan du erraztasun horren zergatia: «Gurasoek semeak saskibaloi eskoletara bidaltzen dituzte txikitatik, etorkizun hobea izango dutelakoan, eta orduak ematen ditugu egunero jaurtiketak egiten». Hirukoak, eta gauza gehiago. Teletovicek urtero bere batez besteko puntu kopurua igo du, eta jokalari osoagoa egin. Bizkarreko jokoan trebatu da azken urteetan, eta erreboteatzaile bikaina da. Aditu askoren ahotan, Europako onenen artean 4.a da, Erazem Lorbekekin batera.

Maitatua eta gorrotatua

Gasteizen maitasuna eta amorrua eragin ditu zaleengan. Erdi eta erdi. Jokalari aparta delako, baina defentsan lan egiteko borondate handirik ez duelako eduki inoiz. Azken urtean berekoikeria apur bat sumatu zaio, zuzenak ez ziren erabakiak hartuz. Ziklo baten bukaera zela sumatu zen aspaldi, eta hala izan da. Pentsatzekoa da agur esateko prentsaurrekoren bat emango duela, bere aurretik joan zirenak egin zuten bezala. Teletovic estimatua baita prentsaren artean. Topikoetatik ihesi, beti mintzatu izan da zintzo, eta kazetariei kargu hartu, hala egin behar zuela pentsatu badu.

Europa txikiegia geratu zaiola esatea asko esatea da, baina bosniarrak garbi zuen Baskoniaren ostean NBA zuela hurrengo geltokia. Bartzelona eta Joan Creus kirol zuzendaria egoskor saiatu izan dira Teletovic lotzen, baina ez dute lortu. Brooklyn Nets taldearen eskaintza ekonomikoa hobea da, 12,1 milioi euro hiru urteren truke, eta kirol erronka ere erakargarriagoa. Eta NBAn, zer? Gauzak ondo, jokalari garrantzitsua izango da. Teletovicek jaurtiketa ona du, eta AEBetako ligan espazio asko sortzen dira. Bere jokaldiak egiten daki, eta fisikoki ez da herrena. Brooklyn Nets hazten ari den taldea da, eta Mikhail Prokhorov ugazabak Deron Williams joko antolatzailea eta Joe Johnson jaurtitzailea lotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.