Ez zen geldirik egoteko jaio orain Orion miresmen handienetakoa duen pertsona: Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970). Larunbatean taldearentzat lehen aldiz Eusko Label liga irabazi eta gero, aurreskua dantzatu zuen ongietorrian herenegun. Taldearen lana aldarrikatu nahi izan du, balioa eman uda «bikainari».
Ligaren erdialdera bota zenuen: «Hau ez du irabazten erregularrenak, onenak baizik».
Jakinekoa da. Erregularra esatea ondo dago, baina aurretik aipatu edo zehaztu behar da goi mailan erregularrena izan behar dela. Estropada guztietan azkena dena ere erregularra da, baina ez du liga sekula irabaziko. Esan nuenean honegatik esan nuen: inork baino bandera gehiago geneuzkan irabazita orduan, baina gure lanari buruz entzuten nuen definizio bakarra zen erregularrenak ginela. Inork ez zuen esaten onenak, azkarrenak eta indartsuenak ginela eta, gainera, erregularrak.
Zer esan nahi du Oriorentzat lehen aldiz liga irabazteak?
Lorpen izugarria da, hamazazpi urte behar izan ditugulako irabazteko. Tarte horretan, Kontxa bi aldiz irabazi dugu, baina ligarik ez, eta jaitsiera bat ere sufritu genuen. Bost taldek bakarrik zuten liga irabazita orain arte: Astillerok, Urdaibaik, Kaikuk, Castrok eta Hondarribiak. Gu gara seigarrenak, eta horrek azaltzen du zein zaila den, ligan egin dugun gauzarik nabarmenenena urte hauetan maila galtzea izan zelako 2011n. Datu horiei helduta, Oriorentzat izan da bereziki zaila liga irabaztea. Bada hor beste aldagai bat ere, oso kontuan hartzekoa: Oriok historikoki ez du oso barneratuta eduki ligak irabazteko kontzeptua, pixkanaka barneratzen ari bada ere. Gurea izan da banderak irabaztea, eta erakargarriagoa izan da historikoki sei bandera ekarri eta sei aldiz azkena geratzea, hamabi alditan bigarren izan baino. Adibide arrunta da, baina ondo erakusten du ez diogula garrantzirik eman liga bat irabazteari, eta ez bazaio ematen, estrategikoki ez duzu ondo antolatzen denboraldia.
Hortaz, liga irabaztea lortu duzuenez, inoiz baino garrantzi handiagoa eman diozuelako izan da, besteak beste?
Uste dut aurten ez dela ezustekoa izan guretzat ligan ondo ibiltzea, nahiz eta helburutzat ere ez geneukan, bere-berean esanda. Egunerokoari eman diogu aparteko garrantzia aurten, egunez egun joan gara, eta lan horrek esaten zigun gu ondo ibiliko ginela: oso azkar genbiltzan, eta testetan, maila ona urte guztian mantendu dugu. Ez genekien aurkariak nolakoak izango ziren. Azkar ibiltzea eta iraupen luzez ondo ibiltzea ezinbesteko bi osagai dira liga irabazteko, eta guk bagenekien bagenituela, baina jokatzen hasi arte, ezin jakin. Garbi dut ez dugula aparteko presiorik eduki liga irabazteko.
Lehen bi estropadetan bi bandera irabazi, eta aurkariak oso fin ez zeudela ikusi zenuen. Noiz hasi zinen jabetzen liga irabaz zenezaketela?
Bigarren asteburuan bi estropadetan bigarren izan ginen, eta Galiziakoan, aurrena eta bigarren. Hiru bandera geneuzkan sei estropada jokatuta, eta, nahigabe ere, inguru guztia hasi zen hautagaiak ginela esaten. Baina ez ginen hasi pentsatzen ligaren bila gindoazenik. Hori egin izan bagenu, gure plangintza aldatu egingo zen: saiatu egingo ginen uztailean ahalik eta puntu gehien batzen, eta abuztuan ahal dena egiten. Entrenamenduak aldatu beharko genituzkeen, baina gure bideari eutsi genion, uda guztiko lanak duelako lotura. Ezin genuen uztaila erre. Gure zortea izan zen plan fisikoa aldatu gabe, lortu genuela uztailean lehiakor izatea, eta, plan horri segika, jakitun ginen abuztuan eta irailean ere puntan egongo ginela, betiere garbi izanda estropada batzuetan behera egingo genuela. Euskadiko Txapelketaren astean izan zen hori. Desatsegina izan zen, dena emanda tira genuen, baina jakinda ez ginela irabazteko gai izango. Bezperan, 20:00etan, ergometroko proba maximalak egiten ari ginen, eta txapelketa hurrengo eguneko eguerdian zen.
Abuztuan eta irailean zuek mailari eutsi diozue, baina bai beste batzuk gora etorri ere, zuek behera egin gabe.
Hondarribiak egin du gora, batez ere. Uztail hasieran asko kosta zitzaion bezala, Orioko estropadatik aurrera taldea finkatu zuen estropada gutxi batzuetan, eta maila on horri eutsi dio. Baina Zarautzen eta Kontxan ez zizkigun hamabost segundo atera, eta Hondarribia on horrekin lehian ibili gara.
Neguan ibili zen jarduna Oriok talde txikia zuela kopuruz, eta ezingo ziola ligaren eskakizun estuari eutsi. Baina zer eta liga irabazi duzue, B taldeko arraunlari batzuekin ustez txikia zen taldea handituz. Taldea handitu izana beste bandera baten pare jartzekoa da etorkizunera begira?
Taldea osatu genuenean eta entrenatzen hasi ginenean, hasieratik usaintzen genuen bazela zerbait ona. Iaz baino arraunlari gutxiagorekin ibili gara, baina ez kopuruz gutxiago ginelako, nik hala nahi izan dudalako baizik. Oinarri berri bat eraiki behar genuen, eta ezinbestean mugatu nuen taldea. B taldekoei oso garbi esan zitzaien inoiz baino zailagoa izango zutela A taldean sartzea, nahiz eta itxuraz aukera gehiago izango zutela iruditu, iaztik arraunlari asko falta zitzaizkigulako eta ustez taldea apalagoa zelako. Hori bai, gehitu nien beharko genituela noizbait, eta prest egoteko lana jarri nien. Nire aldetik konpromisoa hartu, eta esan nien haien lanaren segimendua eta lana bera oso onak izango zirela, eta lortu egin dugu. Nola? Larra [Anjel Larrañaga, entrenatzailea] kanpotik eta Alexander [Esteban, arraunlaria] barrutik gainean izan dituzte, eta ni horien gainean egon naiz. Benetako harrobiko lana egin dugu, eta beharra izan dugunean, oso erantzun ona eman digute B taldekoek. A taldea lehiakor izatea lortu dugu, baina azpiko lan hori baztertu gabe, eta inoiz baino lan hobea eginez.
Uda eta urtea zoragarria izanagatik, zenbaterainoko arantza dira Zarautzen eta Kontxan irabazi ez izana?
Momentuko arantzak dira. Ez dugu ukatuko irabazi nahi genituela, baina gure meritua da azken pala kolpera arte irabazteko lehian ibili ginela bietan. Ez dugu lortu, gu baino hobea izan den talde bat egon delako: Hondarribia. Uda osoan egindakoa ikusita, bi estropada horietan irabazteko gertu egon ginela kontuan izanda, ezin gara luzaro arantza batekin egon. Orain, harrotasuna da gehiago.
Kontxaz ari garela, damurik bai lehen igandean Santurtzirekin pixka bat itsutu izanaz?
Ez gara sartuko kontu horietan, baina oroitzapen txar bakarra dut: kirol gertakari horiengatik estropada desatsegina izan zela gure arraunlarientzat. Estrategiak izaten dira, eta ez ditut aitzakia moduan erabiliko. Epaileak daude erabakiak hartzeko, eta ez bazuten hartu, ezer ikusi ez zutelako izango zen. Errendimendu oso ona eman genuen lehen igandean, baina emaitzak ez gintuen bete. Aldiz, bigarren igandean gusturago geratu ginen, nahiz eta Hondarribiak txanda irabazi zigun. Baina parez pare geneukan, eta hobea izan zen; hor ez dago zer esanik. Pena ez irabazteagatik, baina horrela ez irabazi izanak lasaitasuna eman zigun. Lehen igandean, aldiz, eta Hondarribiari inolako meriturik kendu gabe, txanda ezberdinetan joan izanak zalantza utzi zigun, hobeak izan ziren edo ez.
Orion jarraituko duzu?
Zuzendaritza berriak nahi badu, bai. Hitz egiteko esertzen garenean, urtebeterako sinatzea izango da nire aukera, orain arte ere horrela ari garelako.
Arraunlariei hitza ere eman omen diezu segitu egingo duzula.
Badakite Salsamendiren geroarekin ez dagoela jolasterik datorren urtera begira, eta hori adierazi nien modua aipatze aldera, ezin izan nintzen gardenago izan.
Taldean ez du ematen iazko lurrikararik izango denik, ezta?
Ezin da jakin, arraun mundua dagoen bezala dagoelako. Iaz azoka hau aztoratu egin bazen, aurten lehenago hasi da errota dantzan, Kontxaren aurretik, nire ustez errespetatu egin beharko liratekeen eta orain arte errespetatu egin diren idatzi gabeko kodeak zapalduz. Baina bakoitzak egin dezala nahi duena.
Deskribatu aurtengo taldea.
Politenak ez gara bakarka, baina hainbeste limurtu baditugu banderak, talde barruko giroagatik eta batasunagatik izan da. Bakoitzak bere izaerarekin asko eman dio taldeari.
Arrauna. Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea
«Onenak eta azkarrenak izan gara, eta, hor, erregularrenak»
Inoiz lortu gabeko lorpena ekarri dio klubari Jon Salsamendik: Eusko Label liga lehen aldiz irabaztea, hasi eta buka lehen postuan ibili eta gero. Bertan segitzekoa dela esan du, «zuzendaritza berriak nahi badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu