Txanpon beraren bi alderdi izan dira 2012ko udazkenetik 2020ko udazkena arte. Bermeotik Oriora landatu dute Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eta Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970) bien arteko harremana. Kirol arlokoa bat; pertsonala bestea. Urdaibaik batu zituen, Orian barrena eutsi diote batasun horri, eta, Aranberrik Santurtzira joateko hautuak kirol erlazioa eten badu ere, bestea, balio duena, geratzen dena, pertsonen arteko lotura hori, ez da hautsi. «Onena opa dizut», esan diote elkarri.
[youtube]https://youtu.be/4GxIH0K4QPI[/youtube]
Zortzi urteko batasunean, zortzi denboraldiko elkarlanean, garaipen sorta ikusgarria lortu dute: Urdaibain, erlazio osoaren erdia bete zuten, eta hiru bider jarraian irabazi zuten Kontxako Bandera (2014tik 2016ra), eta behin Traineruen Kluben Elkarteko liga (2016). Orion, beste lau urtetan, Kontxa irabazi zuten 2017an, eta liga nagusia iaz.
Harreman horren bukaerak bere hasiera dauka. 2012an, Salsamendik bazuen Aranberriren berri, nola ez; sekula elkarrekin arraunean aritu ez baziren ere. Ordura arte, kirolak elkarren kontrario bihurtu zituen. Baina garai hartan, Aranberri hasia zen patroi apartekoaren ospea bereganatzen. Bakana zela esaten zuen Zarautzen entrenatzaile izan zuen Enrique Lopezek: «Arrauneko Leo Messi da». Salsamendik bazuen harremana Lopezekin, eta entzunak eta irakurriak zituen Messi eta Aranberri alderatzeko hitzak. «Urdaibaik deitu zidanean entrenatzaile izateko, Gorka han zebilen, bi urte lehenago joan zelako. Kike Lopezek kontatzen zizkidan haren abilezien eta trebezien berri», ekarri du gogora Salsamendik, Aranberriri keinua eginez. «Eginak neuzkan nire aurreikuspenak Gorkari buruz, baina denak gainditu zizkidan Bermeon elkarrekin hasi bezain pronto».
Patroiak ere bazuen entrenatzailearen berri, orduan Salsamendik ez bazuen ere orain duen ospea: «Astilleron zebilen entrenatzaile, eta 2011ko Kontxan, oso maila onean ibili zen talde hori. Bestelakoan, banuen Jonen arraunlari ibilbide handiaren eta luzearen berri». Zortzi urte pasatu dira ordutik, eta Aranberrik honela definitu du Salsamendi: «Punta-puntako entrenatzailea da. Psikologo lana egiten aparta da, eta, horrez gain, balio hau nabarmendu nahiko nioke: zer ondo dakien egokitzen unean unean daukan taldera. Urdaibain, urtetik urtera arraunkera aldatzen zuen, eta Orion, gauza bera egin du. Hori lortzea ez dago entrenatzaile askoren esku».
Bermeoko lau urteko egonaldia gehiago izan zen joan-etorria. «Urtero 40.000 kilometro egiten nituen atzera-aurrera», kontatu du Salsamendik. Hainbat bizipen bizitakoak dira elkarrekin: «Aurreneko urte hartan, autoan elkarrekin joaten ginen batzuetan», adierazi dute biek. Baina ez omen dute hitz askoko harremana izan urte hauetan guztietan: «Hitz gutxiko eta konfiantza handiko harremana izan dugu. Aita eta seme batzuena bezalakoa, edo anai zaharraren eta gaztearen artekoa bezalakoa». Berretsi egin du hori dena Aranberrik, haren paretik. Adibide jakin bati heldu dio entrenatzaileak: «Traineruan zerbait ondo joan ez denean, Bermeon edo Orion, elkarri aurpegira begiratzea nahikoa izan dugu biok jabetzeko akatsa zein zen».
Miresmena diote elkarri. Aranberrik honegatik, besteak beste: «Irabazi ditudan bandera eta estropada handienak Jonekin irabazi ditut, ia denak». Salsamendik honegatik: «Patroitzako lanean sekulako lasaitasuna eman dit. Bere esku utzi dudan arlo bat izan da, batere erreparorik gabe». Gogora ekarri du Bermeon arraunlariek esaten ziotena patroiari buruz: «Nik neuk Gorkaren lanarekiko ikusten nuena eta sentitzen nuena arraunlariek berresten zidaten. Gorkaren aurrean aurpegian zabaltzen zitzaien distira oso argigarria zen». Orion, beste horrenbeste: «Bermeora joan nintzenean, bera han zen. Baina Orion, ez. Orioko arraunlariek ez zuten ezagutzen, baina besoak zabalik hartu zuten, bazekitelako ez dela edozein. Nik banekien zertarako gai zen, baina arraunlariek ez».
Bermeoko lau urteak
Salsamendik dio elkarrekin egindako lehen denboraldia, 2013koa, Urdaibaikoa, «polita bezain gogorra» izan zela: «Ligan bigarren egin genuen; Kontxan irabazi egin genuen berez, baina banderarik gabe joan ginen Bermeora». Bigarren urtea ez zen samurragoa izan, uretatik kanpoko kontuengatik: «TKEk ezarri zigun zigorraren urtea izan zen», kontatu du entrenatzaileak. «-95 punturekin ekin genion ligari», zehaztu du Aranberrik. «Horregatik, giroa bero zegoen taldean azarotik. Barne lan handia egin behar izan genuen, taldea elkartuta egoteko», azaldu du Salsamendik. «Lehiatzerik ez genuela izango ere esaten zen. Bakoitza entzuten zuenarekin joaten zen, eta zaila zen hura bere onean mantentzea», aipatu du Aranberrik. Taldeak, baina, etekina atera zien arazo horiei guztiei, Salsamendi gidari zela: «Denok oso elkartuta egoteko balio izan zigun. Talde gisa erasotuta sentitu ginen, eta motibazioa landu beharrik ez dago halakoetan». Ondorioa uretan ikusi zen «Trainerua asko ibili zen urte hartan», azaldu dute biek. Aranberrik dio motibazioarena eta taldea batuta izatearena entrenatzailearen meritua izan zela, eta lan hori Urdaibaiko lau urteetara hedatu du: «Denok batera pentsatu genezan bultzatu zuen, batek aldrebes pentsatzea nahikoa delako dena hankaz gora jartzeko. Lau urteetan mantendu zuen hori, eta sekulako meritua dauka». Lan on horrek segida izan zuen hurrengo bi urteetan, eta biek Urdaibai utzi zutenean, 2016ko udazkenean, ur aparretan ziren.
«Bermeo gabe, Orion zaila»
Duela lau urte ekin zioten abentura berriari. Salsamendiren ñabardura, gaia plazaratu orduko: «Ez ginen batera edo elkarrekin joan Oriora, bakoitza bere bidetik joan zen». Bermeoko joan-etorririk gabe, bien arteko harremanean horrek eragina izan ote duen edo ez, Salsamendik erantzuna: «Elkar gutxiago ikusteak ez du aldatu gure artekoa. Bien arteko konplizitatea dago, eta ondo ezagutzen dugu elkar».
Ezagutza hori ez omen zen, baina, Orion gauzatuko, aurretik Bermeoko elkar hartzea egon ez balitz: «Antinaturala litzateke Zarauzko patroi bat Oriora etortzea» esan du Salsamendik. «Bermeon elkarrekin egon izanak eman dio naturaltasuna gu biok Orion elkartzeari», gehitu du. Horren azalpena gehitu dio: «Egia da aurretik egona zela beste zarauztar bat patroi Orion: Txiki zena [Juan Mari Larrañaga]. Baina Zarautz gaur egun dagoen mailan egonda, zaila litzateke Gorka Orion ikustea. Bi herrien arteko gertutasunagatik, ematen du lehen aukera dela, baina benetako egoera ikusita, ez da aukera naturala». Aranberrik berretsi egin ditu hitzok: «Zarautzen edo Bermeon nengoenean, ez nuen pentsatuko Orion ibiliko nintzenik. Urdaibaiko urteetan xextra hori leundu egin zen, baina 2000ko lehen hamarkadako urteetan, Zarautzen urte on haietan, lehia zegoen zarauztarren eta oriotarren artean». Kontuak kontu, Orion bat egin zuten, eta, Bermeon bezala, eroso ibili dira biak, egitasmoak ezberdinak izanagatik ere, Salsamendiren arabera: «Orioko lehen urtean, 2017an, bagenekien epe luzeko lanari ekitera gindoazela. Ez genuen galtzeko asko».
Irabazi, eta erakustaldia emanez, Oriok Kontxako Bandera irabazi zuen urte horretan. «Arrauneko Messik» goia jo zuen, bigarren igandeko lan miragarriari esker: «Aurretik eskatu izan banu estropada hura nolakoa izatea nahi nuen, atera zen bezalakoa eskatuko nuen», dio Aranberrik.
Hurrengo urtean, ordea, ez zen horrelakorik izan: «2017ko Kontxakoaren eraginez, baloia gehiegi puztu nuen nik neuk, eta horrelakoxea izan zen gero zartakoa», kontatu du patroiak. 2019an zuzendu zuen bidea Oriok, liga irabaziz aurreneko aldiz: «Lehen entrenamendutik ikusi nuen talde hark bazuela zerbait. Urte erraza izan zen, ederra. Entrenamendu bat bera ez genuen txarra egiten», dio Salsamendik. «Hurrengo entrenamendua noiz iritsiko zain izaten ginen», gehitu du Aranberrik.
Aurtengoan ezin izan dio, ordea, iazkoari eutsi Oriok. Eta autokritika egin du patroiak: «Arraroa izan da denboraldia. Kirol mailan, zerbait falta izan zaigu denoi, niri ere bai. Autokritika egin dut, jakina». Salsamendik biribildu du patroiaren argumentazioa: «Errazagoa da gora heltzea goian mantentzea baino».
Bukatu zuten aurtengoa, eta horrekin batera, bien arteko kirol erlazioa. Orain, bakoitzak bereari helduko dio, eta abiapuntu horretan, elkarri dioten begirunearekin jarri dira. «Onena opa diot Santurtzin. Gaizki joatekotan, izan dadila uretan bakarrik, guk irabazi egin diogulako. Bestelakoan, hara eraman duen hori aurkitzea opa diot», esan du Salsamendik. «Erabakia hartu du, eta pertsona gisa, poztu egiten naiz beragatik». Aranberrik albotik: «Gauza bera opa diot nik ere berari».
Patroiak eskertu egin du entrenatzailearen enpatia: «Eskertzen diot jarrera hori izatea». Salsamendik badaki azken batean arraun mundua nolakoa den, eta horretan oinarritu da enpatiarena azaltzeko: «Jakina nirekin jarraitzea nahiko nukeela. Baina arraunlariak ez dira hemendik bizi. Nirekin segitzeko, lehenik, nahi izan behar da; gero, ahal izan; eta azkenik, eskaini daitezkeen baldintzak daude. Joaten badira, zorionak eta desiorik onena opa diet».
Orain, ezin da jakin noizbait berriz elkartuko diren: «Zeinek jakin...», utzi du leun Salsamendik. Aranberrik, segituan, ateak itxi gabe: «Denborak esango du zer gertatuko den».
Arrauna
«Onena opa dizut», elkarri esanez, adiorik ez
Gorka Aranberri eta Jon Salsamendi. Toleta eta estropua. Ura eta arrauna. Patroia eta entrenatzailea. Bat gehi bat, bi eta erdi. Zortzi urtez eta zortzi denboraldiz garaipenik handienak lortu ondoren, banatu egingo da bien kirol harremana, Aranberri Santurtzira doalako; ez, ordea, harreman pertsonala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu