Saskibaloia

Tryggvi Hlinason: «Ez dut arazorik gutxiago jaurtitzeko; hori da talde sentimendua»

17 urterekin utzi zituen jaioterria eta familiaren ukuiluko lana islandiarrak. Orain, zazpi urte geroago, ACBko jokalaririk baliotsuenetakoa da. Bikain ari da Bilbon.

Tryggvi Hlinason Bilbo Basketeko jokalaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Tryggvi Hlinason Bilbo Basketeko jokalaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Bilbo
2024ko azaroaren 21a
05:05
Entzun

Argiak eta ilunak ditu Bilbo Basketen aurtengo denboraldiak. Tryggvi Hlinason pibota (Akureyri, Islandia, 1997), ordea, denboraldi biribila ari da osatzen. Sasoiaren nondik norakoak, piboten jokoaren eboluzioa eta Islandiako saskibaloia izan ditu mintzagai, besteak beste.

FIBA Europa Kopako multzoen fasean lehen postua lortu duzue, eta partidarik galdu gabe. Helburua beteta, ezta?

Europan oso garrantzitsua da ligaxka ondo amaitzea. Bi partida txar eginda kanpoan gelditu zaitezke, eta helburua ondo bete dugu. Hurrengo fasera oso ondo iritsi gara. Txapelketak baditu bere zailtasunak, eta are gehiago hurrengo fasean. Frantziako bi talde indartsu eta Sassari egokitu zaizkigu, eta ez da erraza izango.

Bilbon ilusioa dago lehiaketa honen inguruan. Aurreko sasoian finalerdietara iritsi zineten. Zuek ere baduzue ilusioa lehiaketa horretan?

Bai, noski. Kirolariek helburu batzuk lortzeko lehiatu nahi dugu beti. Horrela mantentzen da grina. Iaz Chemnitzekin galdu genuen finalerdietan, urte ikusgarria egin zuen talde batekin. Ezin dugu esan hanka sartzea izan zenik, behin bertara iritsita maila handiko taldeak baitira denak. Orain multzo zaila egokitu zaigu, eta lehen bien artean sailkatu behar dugu. Urratsez urrats joan behar dugu, epe motzera begiratuta.

ACB ligan partida bakarra irabazi duzue etxetik kanpora. Ondo ari zarete lehiatzen, baina emaitzak ez dira iristen ari.

Kanpoko partida guztiak dira zailak. Etxeko taldeek zaleen babesa izaten dute, guk Miribillan izaten dugun bezalaxe, eta horrek are gehiago zailtzen du partida. Argi izan behar dugu ACB bezalako liga batean beti izango dela oso zaila irabaztea. Taldeak ondo jokatu duela uste dut, eta galdu ditugun hiru partidetan oso gertu izan dugu garaipena. Baina ez da zorte kontua, saskibaloia halakoa baita.

Alor pertsonalean denboraldi izugarria egiten ari zara. Bilbora iritsi zinenetik, garairik onenean zaude. Zer ari da gertatzen zure inguruan zuk zure onena eman ahal izateko?

Azken neurketetan ondo aritu naiz, eta taldekideak ni aurkitu nahian ibili dira. Baina hori ez da beti gertatzen. Beste batzuetan, aurkariaren ahulgunea beste postu batean dago, eta gure beste taldekide bat bilatzen ahalegintzen gara. Horregatik gutxiago jaurti behar badut, ez daukat arazorik. Hori da talde sentimendua. Nik aurkariaren ahulgunea topatu nahi dut, edo neurketa horretan gure indargunea izan daitekeena; eta horren arabera gauza bat edo bestea egiten ahalegindu behar dugu.

Sasoi honetan Melwin Pantzar eta Harald Frey dira joko antolatzaileak, kideak asko bilatzen dituzten jokalariak biak. Horrek ere asko errazten dizu lana, ezta?

Zalantzarik gabe, bai. Ni, adibidez, ez naiz jokaldiak neure kabuz sortzen dituen jokalari bat. Ondokoek sortzen dituzten abantailak aprobetxatzen ditut nik. Harald eta Melwin oso lan ona egiten ari dira jokoaren gidaritzan, eta guk adi egon behar dugu, badakigulako noiznahi eman dezaketela pasea. Konfiantza handia dut haiengan, eta uste dut talde honek joko ederra egiteko gaitasuna daukala.

Hlinason artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Hlinason, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Geroz eta biziagoak eta jaurtitzaile hobeak dira pibotak. Zure jokoa, ordea, garai bateko pibotek egiten zutenaren antzekoa da.

Saskibaloia moda bezalakoa da. Une oro ari da eraldatzen, eta une bakoitzean gauza bat edo bestea eskatzen zaio jokalari bakoitzari. Pibot klasikoa eta saski azpiko jokoa galtzen ari dira. Ez da lan erraza, baina niri oso interesgarria iruditzen zait eraldaketa hori. Ni askoz ere klasikoagoa naiz. Badakit zein diren nire gaitasunak, eta orain ez naiz kanpotik jaurtitzen hasiko. Blokeo zuzen baten ostean beti hartuko dut saskirako bidea. Batzuetan abantaila izango dut, eta besteetan beste taldekide batek. Baina, gaur egun, defentsako aldaketa asko egiten dira blokeo zuzenetan, eta hor abantaila daukat, nire garaieragatik. Taldekideei beti esaten diet: «Egokia izan edo ez, jaurti. Ez bada sartzen, errebotea nirea izango da aldien %70etan. Askotan errebotean dago jokaldietako abantaila, eta, azken finean, abantailak irakurtzean datza saskibaloia.

Jaume Ponsarnauk askotan esan du taldearen defentsako filosofiak zu zaituela ardatz; garaieragatik eta jokoa irakurtzeko daukazun gaitasunagatik.

Nik oso gogoko dut defentsan taldekideei laguntzea. Batzuetan, gehiegi ere laguntzen diet, baina haien konfiantza daukadala sentitzen dut. Kanpoko lerroko jokalariak oldarkorrago izan daitezke defentsan baldin eta pibotaren laguntza iritsiko dela sinetsita baitaude. Horretarako prestatzen gaitu Jaumek. Eta mugikortasun handia daukaten piboten aurka defentsa bereziak egiten ditugu, ohituta ez dauden gauzak egitera behartzeko.

«Saskibaloia moda bezalakoa da. Eraldatzen ari da, eta une bakoitzean gauza bat edo bestea eskatzen zaio jokalariari»

Ponsarnauren eta zure arteko harremana berezia da. Bilbon ez ezik, Valentzian eta Zaragozan ere elkarrekin aritu zarete.

Oso entrenatzaile ona da, eta are pertsona hobea. Jokalariok laguntzat daukagula esan dezaket, konfiantza handia baitaukagu harengan. Taktikoki gaitasun handiko teknikaria da, eta aurkaria ataka estuan jartzen du, akatsak egitera behartuz. Garrantzi handia ematen dio taldekideen arteko harremanari, eta lan handia egiten du talde sentimendua sustatzeko.

Entrenatzaile gehienen entrenatzeko era antzekoa da; oihu ugari, beste hainbeste keinu...  Kasu honetan, ordea, guztiz bestelakoa da.

Bai, oso lasaia da. Eta ez du zertan aldatu. Beste talde batean, akaso, oihu gehiago ere egin beharko du, ez dakit. Baina gure taldean ez du horretarako beharrik. Taldekide asko etortzen dira goiz-goizetik euren kabuz lan egitera, inork ezer eskatu gabe. Nik ere hala egiten dut. Baina argi izan: taldeak behar badu, Jaumek oihu egingo du. Ederra da entrenatzaile baten eboluzioa ikustea, eta Jaume eta ni elkarren ondoan ari gara hazten.

Hlinason Bilbo Basketek Artxandan duen egoitzako gimnasioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hlinason, Bilbo Basketek Artxandan duen egoitzako gimnasioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Saskibaloi jokalaria izateaz gain, artzaina ere bazara Islandian, familiaren ukuiluan. Udako oporrak han igarotzen dituzu. Nolakoa da bizimodu hori?

Saskibaloi jokalariarenarekin alderatuta, oso desberdina. Ukuiluan zeure kabuz egiten duzu lan, eta ez du diru askorik ematen. Baina niri asko gustatzen zait bizimodu hori; oso ondradua da. Ukuiluan zein saskibaloian lan gogorra egin behar izaten dut. Saskibaloian ezin zara denbora luzez entrenatu, baina ukuiluan egiten diren lanaldiak oso luzeak dira. Hala ere, beste edozerk eman ezin dizun lasaitasuna ematen dizu.

«Euskaldunak eta islandiarrak oso harro daude beren herrialdeaz eta historiaz»

Zein da saskibaloiaren egoera Islandian?

Islandiako saskibaloia asko hazi da. 2015ean iritsi ginen lehen aldiz Europako Txapelketara. Eta ordutik hona, aurrerapauso ugari eman dira. Entrenatzaileen maila asko hobetu da, eta gaztetxoenekin egiten duten lana ere, berdin. Hango liga ere asko hobetu da profesionaltasunari dagokionez, eta horrek selekzioa hobetzea ekarri du. Saskibaloi kultura sortzen ari gara, eta ni oso jabetuta nago hango gaztetxoentzat eredu naizela. Hori zaintzen saiatzen naiz.

Badaukate antzik islandiarrek eta euskaldunek?

Gauza batzuetan bai. Euskaldunak eta islandiarrak oso harro daude beren herrialdeaz eta historiaz, eta arrantzarako kultura ere berdintsua da. Kliman dago aldaketa handiena. Aurreko batean 10 gradu zeuden, eta ni banku batean eserita nengoen parkean, lasai antzean. Eta entrenatzaileetako batek esan zidan: «Islandiar bat bakarrik egon daiteke horrela egiten duen hotzarekin!». Barre egin nuen nik... «10 gradu hotza? Hori udara da-eta niretzat!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.