Futbola. Espainiako lehen maila. Robin Le Normand. Realeko jokalaria

«Ondo sentitzen naiz, maitatua, eta hori da onena hobetzen segitzeko»

Reala «prest» helduko da ligako lehen jardunaldira, Robin Le Normanden ustez. Sasoi-aurrean «hobetzeko gauzak» igarri ditu, baina aurten ere goialdean ibiltzea dute xede: «Lan handia egiten duen taldea dugu, eta ilusio handiarekin ari gara».

REAL SOCIEDAD.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Lehiaketa ofizialak hasi bezperatan, Robin Le Normandek (Pabu, Bretainia, 1996) dio azken urteetako gorabidean segi nahi dutela, bai Realak, baita jokalariak berak ere: «Horretan segitzea da etorkizunerako nire xedea», esan du erdiko atzelariak. Bartzelonaren aurkako estreinaldian «puntuak batzeko asmoa» dutela azpimarratu du.

Amaitu da sasoi-aurrea, eta igandean hasiko duzue Espainiako Liga. Nola dago Reala?

Ondo, esango nuke. Taldeak gogotik egin du lan azken asteetan, eta liga hasteko prest dago.

Bartzelonaren aurka hasiko duzue, eta aurkari zaila da. Ados al zaude?

Bai. Jakina zaila dela, baina horrelako partidak jokatu nahi izaten ditugu, eta handik puntuak ekartzeko ilusioarekin ariko gara.

Halakoen aurka sasoi hasieran jokatzea hobe izaten al da?

Bai, baliteke oraindik hain prestatuta ez egotea, baina kalitate handia duen taldeak beti egin dezake min. Orduan, partida gogorra izango da, eta hala hartu behar dugu: zaila izanagatik, irabaztea ez da ezinezkoa.

Zer egin beharko duzue horretarako?

Gure erara jokatzea gakoa izango da. Ondo antolatuta egon beharko dugu, atzean sendo aritu, eta erasoan ditugun aukerak aprobetxatu. Eta, horren gainetik, gure jokatzeko erari leial izan.

Lionel Messiren irteerak aztoratu egin du Bartzelona. Igandean izango al du eraginik horrek?

Baliteke. Edonork daki Messik zer-nolako hutsunea utzi duen han, eta argi dago eragin diezaiekeela lehen partidan, jendeari emozioak piztuko zaizkiolako. Lehen esan dizut, ordea: partida hasten denean, kalitatea duena agertu egiten da, eta Messirena partidatik kanpo geratuko da.

Realak 30 urte daramatza Camp Noun irabazi gabe. Hiru hamarkadetara heldu aurretik, bolada txarra eteteko une aproposa da.

Zalantzarik gabe. Beti jokatu izan dugu irabazteko, baina lortu ez izanak erakusten du Bartzelona zer ona den. Irabazi egin nahi dugu, eta, une ona beti den arren, garai aproposa da liga hasiera hau.

Zer moduz sasoi-aurrean?

Exijentea izan da, eta oraindik hala izaten ari da, aste honetan ere gogor ari baikara. Hala tokatzen da, ondo prestatzeko garaia delako. Gogorra izan da, bai, baina beharrezkoa. Jokatu ditugun partidak ere exijenteak izan dira.

Osasunaren aurkako azken partidak aho zapore garratza utzi zuen [3-1 galdu zuen Realak]. Zer-nolako balorazioa egin duzue?

Partida gehienetan, helburua denok ahalik eta gehien jokatzea izan da, minik hartu gabe. Lortu dugu. Hobetzeko gauzak ikusi ditugu, eta horiek zuzentzen saiatu gara.

Atzeko lerroan huts batzuk egin dira. Ohi baino gehiago kostatzen ari zaizue ?

Automatismoak hartu egin behar izaten dira. Uste dut baloratu egin behar dela egindako denboraldi-aurrea: lau irabazi eta bi galdu ditugu. Hori bai, gu ere ohartzen gara jasotako golez. Beti da saihetsezina ez jasotzea, baina ahalik eta gutxien jasotzeko lan egiten dugu.

Zer aldarte du taldeak?

Langile ari da. Denek exijentzia maila handia dute; baita behetik igotzen direnek ere. Lan egiten duen talde bat da, eta ilusioa du aurtengorako.

Eta atzeko lerroak?

Urtetik urtera esperientzia gehiago du, eta gero eta hobeto ezagutzen gara. Badakigu nola jokatzen dugun, eta ondo datorkigu hori. Beti daude gauzak zuzentzeko, eta elkarren artean harreman handia dugu.

Orain min hartuta dago, baina Diego Rico da defentsako berrikuntza nagusia. Nola hasi da?

Oso ondo. Maila handiko jokalaria da, eta ondo sartu da multzoan. Ez dago gehiago eskatzerik: asko lagunduko gaitu.

Zure postuan, ohikoak eta Jon Pacheco zaudete. Nola ikusi duzu baztandarra?

Bere bidea egiten ari da. Pachek jokatzeko borrokatu nahi du, gainerakook bezala. Bat gehiago da.

Ligako lehen etenaren aurretik, hiru neurketa jokatuko dituzue: Bartzelona, Rayo Vallecano eta Celta. Oso ezberdinak, ezta?

Egutegi zaila da, baina urte osoan izango da hala, kontrario indartsu asko daudelako. Hasierako partidetatik bi etxean jokatuko ditugu, eta hori aldeko dugu. Gainera, zaleak jada estadioan izango dira.

Falta sumatuko zenuten.

Noski. Iaz ere ez ziren izan, eta aurten lagunartekoetan etorri ahal izan dutenetan, asko igarri dugu. Askoz politagoa da horrela.

Ligako helburua aurten ere Europarako sailkatzea al da?

Baietz uste dut. Taldea oso anbiziotsua da, eta ez da asko aldatu. Ilusio hori badugu. Halere, denboraldi hasiera da, eta ez dakigu zer gertatuko den. Iaz ere maila handia izan zen txapelketan, eta kosta egin zitzaigun lortzea. Aurten ere horretarako egingo dugu lan, ahalik eta gorenen egoteko.

Beraz, gehiegi da ligan hortik gorako helburuak ezartzea?

Dagoen mailaz kontziente izan behar dugu. Ez dugu mugarik jartzen, baina umiltasunez aritu behar dugu. Liga irabazi dezakegula? Egingo dugu, baina badakigu asko estutuko gaituzten taldeak daudela. Ahalik eta partidarik onenak jokatu eta ahal dugun gehien irabazten saiatu behar gara, eta gero amaieran ea non gauden.

Europa ligan zein da xedea?

Taldekide guztiok esperientzia bildu genuen aurreko aldian, eta ikusi genuen zer-nolako txapelketa den. Ordukoa hobetzea izan behar da asmoa. Posible dela uste dut.

2018ko abenduan debutatu zenuen Realarekin, eta jada taldeko zutarrietako bat zara. Garrantzitsu sentitzen zara?

Bai, garrantzitsua sentitzen naiz. Bi urte daramatzat lehen taldean, eta badakit zer zaila den jokatzea eta titularra izatea. Eguneroko lana egitea da nire asmoa, entrenatzailearentzat prest egotea, eta hark erabakitzen badu, jokatzea. Ondo sentitzen naiz taldean, maitatua, eta hori da hobetzen segitzeko onena.

Imanolen kutunenetako bat zara. Zer eskatzen dizu?

Imanolek asko eskatzen dit. Imanolek nahi du ni ahalik eta jokalaririk onena izatea, eta beti dago adi, zuzentzen, eta beti ez da erraza hobekuntzaren bide deserosoan egotea, baina gerta daitekeen onena da. Haren jokalariengandik onena aurkitu nahian dabilen entrenatzaile bat izatea oso berri ona da futbolarientzat. Sekula ez diot behar adina eskertuko.

Denboran aurrera zertan hobetu duzula esango zenuke?

Esperientzia bildu dut, eta hori garrantzitsua da gure postuan. Neurketak jokatzeak egin dit on gehien. Egoerak kudeatzen ikasten da horrela: unean huts eginda ere, luzera hoberako izaten da. Urtez urte hobetu nahi dut, aldian-aldian garrantzitsuago izateko. Bai aldagelan, baita zelaian ere. Badut lana oraindik.

Zertan egin behar duzu lan hori?

Zelaiko komunikazioan, esaterako. Agintzen-eta, hori ezinbestekoa baita gure postuan. Teknikoki ere urratsak egiteko asmoa daukat, eta taktikan ere hobetzeko tartea bada oraindik.

Frantziako selekzioarekin berandu baino lehen jokatu nahikozenuke?

Nire helburuetako bat da, noski, baina hautatzaileak hala erabaki arte ez da iritsiko aukera hori. Ni eguneroko lanean kontzentratuta egongo naiz, eta prest egon beharko dut. Egunen batean deitzen banau, ondo, baina lasai nago: kontentu nago klubean, hemengo teknikariekin lanean. Etortzekotan, horren ondorioz helduko zait aukera.

Frantziako selekzioarekin ez zara aritu, eta garaiz joan zinen oporretara. Gozatu al dituzu?

Bai, oso gustura egon naiz. Nire familia ikusteko beharra nuen [Bretainian]. Haiekin gozatu ahal izan dut, eta nire lagun guztiak ikusi ahal izan ditut. Mentalki oso ondo etorri zaizkit oporrak.

Etxezuloa al zara?

Oporretan lekuak ikustea gustatzen zait, baina ahal dudanetan gertukoekin egoten saiatzen naiz, urtean zehar-eta, etxera gerturatuta.

Indarberrituta itzuliko zinen, orduan.

Bai, noski.Horretan saiatu naiz behintzat.

Luze gabe, nolako Reala aurreikusten duzu?

Zaleekin batera une onak bizitzen. [Espainiako] Kopa irabazi genuenean eta Europan, haiek ez ziren zelaian izan. Ea orain halakorik egin dezakegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.