Andoni Aretxabaleta. Asegarceko pilotaria

«Ondo sentituz amaitu nahi dut partida bat»

Gaur jokatuko du Bilboko bost t'erdiko finala Olaizola II.arekin, Altuna III.a-Barriolaren aurka (ETB1, 18:00). Markinako atzelaria denbora askoan egon da estelarretatik at, eta gora itzultzeko aukera du.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Andoni Aretxabaletak (Markina, Bizkaia, 1992) oso gazte egin zuen debuta, 18 urterekin, eta 2014an eskuz binakako finalera heldu zen, Aimar Olaizola bikote zuela. Ondoren, ordea, txapelketa hartan emandako maila lortu gabe dabil, eskuko mina dela eta. Gora egin nahi du orain.

Nola sentitzen zara gaurko finalera begira?

Partida heltzeko gogoz nago. Fisikoki ondo nago. Eskuetatik ez nahiko nukeen bezain ondo, baina ez dago aitzakiarik. Final hau irabazteak beste itxura bat emango lioke udari, eta morala eta konfiantza hartzeko balioko lidake.

Estelarretatik kanpo egon ondoren, azkenaldian zure jokoan pixka bat gora eginda zaude, ezta?

Bai, urte eta erdi egon naiz buelta ezin emanda, eskuetatik nahiko sufritzen, material berria topatzen, entrenamenduak aldatzen, joko puntu baten bila. Aspaldian ez dut topatu joko puntu hori, eta ea laster datorren.

Urte eta erdi hau gogorra egingo zitzaizun, ezta?

Ez da erraza izaten. Zorte txarra izan nuen, binakako finalera heldu nintzen urtean eskuetako minarekin amaitu nuen eta. Gero, pare bat hilabete geldirik egon nintzen, eta pneumonia harrapatu nuen; ondorioz, beste hilabete pare bat geldirik egon beharra eta uda osoa galduta. Jokatzen hastean berriro ere eskuetako arazoak izan nituen, eta geroztik buelta ezin emanda nabil. Berriro ere ondo sentituz amaitu nahi dut partida bat, «banator bueltan» esateko gogoz.

Eskuko gaitz hori konpontzeko zein irtenbide ari zara bilatzen?

Material desberdinak probatzen ari naiz, takoak beste era batera ipintzen, zuloak hemen, zuloak han, esponjak sartu, kendu... Ez da erraza topatzea zeuri egokitzen zaizun materiala. Pilotari bat ezin da egon eskuko minik gabe; azkenean, harri bat jotzen gabiltza, eta eskuak haragia eta azala dira soilik. Takoak zelan ipini asko nabaritzen da, eta ea laster topatzen dudan ganorazko era.

Horrez gain, prestaketa berezirik egiten ari zara azkenaldian?

Josetxo Areitiorekin lege zaharreko entrenamenduak egiten ari gara, frontoian batez ere, eta kantxan nahiko ondo nabil aspaldian. Altua eta pisutsua izanagatik, mugikortasuna eta bizitasuna asko landu behar ditut.

Zergatik uste duzu ondo zabiltzala bost t'erdian?

Ez dakit; hiru alditan parte hartu dut, eta hiruretan finalera heldu naiz. Gustura aritzen naiz; nahiko ondo egokitzen zaidan distantzia da. Bikotea ere ona izan dut, eta horrela errazagoa da.

Hemendik aurrera, zein helburu jartzen diozu zeure buruari?

Ezin dut jarri helburu gisa partidako hamar errebote jotzea, ez bailitzake errealista izango. Duela bi urte nituen maila eta jokoa berreskuratzea da nire helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.