Pablo Fernandez. Realeko belar hockeykoteknikaria

«Ondo merezita daukagu bigarrenez ligako titulua irabaztea»

Club de Campori astebetean bigarren aldiz irabazita, iazko balentria berdintzeko aukera dauka gaur Realak: ligan txapeldun izatea.

Olaia Juaristi.
Donostia
2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Reala asko hazi dela onartu du Pablo Fernandezek, taldeko entrenatzaileak (La Plata, Argentina, 1971). Liga irabaztea «zaila» izango dela argitu du, baina, haren hitzetan, joan den asteburuan Madrilen irabazi izanak konfiantza handia eman dio taldeari. «Partida taktikoa» espero du gaur.

Esku-eskura daukazue liga.

Hala da, bai. Ilusioz gainezka gaude. Konfiantza eman digu Madrilen irabazi izanak, eta berriz nagusitzeko gai garela sinetsi dugu. Partidan oso ondo sentitu ginen, gainera; bigarren zatian, batez ere.

Nabarituko da tentsioa, ezta?

Nahitaezkoa da urduri egotea, baina kontrolatu egin behar da. Urduritasuna ezin da alboratu, baina ikas daiteke eramaten.

Egungo Realaren zein ezaugarri azpimarratuko zenuke?

Oso talde sendoa da, bihotz handikoa. Bi ezaugarri horiek laburbiltzen dute ondoena talde honen oinarria.

Zein izan daiteke gakoa Club de Campori bigarrenez irabazteko?

Hasi eta buka, lasai egon behar dugu, eta erasora jokatu. Guri bezala, jokoaren ardura bere gain hartzea gustatzen zaio Club de Campori, eta patxadaz hartu behar dugu partida.

Lasai egon behar duzuela azpimarratu duzu behin eta berriz.

Bai, hori izan baitzen Madrilgo partidako oker nagusia. Lehen zatian, gaizki jokatu genuen, ez geundelako lasai, eta asko sufritu genuen. Beste jarrera batekin zelairatu ginen bigarren zatian, eta erabat aldatu zen lehia.

Partida orekatua izango dela dirudi.

Oso itxia eta lehiatua izango da; final guztiak bezala, zaila. Egoera erabat aldatuko da: urduriago egongo dira jokalariak; zaleen berotasun handiagoa sumatuko dute, eta partida hunkigarriagoa izango da. Ia final guztiak bezala, partida teknikoa baino gehiago, taktikoa izango da.

Nola ari zarete prestatzen finala?

Gerta daitekeen guztia aurreikusten ari gara, ezustekorik ez izateko. Aldaketa txikiak eta oso zehatzak egingo ditugu.

Urtebete bakarrik daramazu taldean. Erraz egokitu al zara proiektu berrira?

Hasieran, ez zen erraza izan, talde bakoitzak bere ezaugarriak baititu. Orain, berriz, aitortu beharra daukat jokalariek harritu egiten nautela partidetako azken minutura arte, daukaten gaitasunarengatik eta jarrerarengatik.

Zein izan da hain emaitza onak lortzeko sekretua?

Izugarrizko lana egin zuen Carlos Castañok Realeko entrenatzaile izan zen bost urteetan, eta oinarri sendoa jarri zuen. Ordutik asko garatu da taldea, eta goraipatzekoa da jokalariek egindako lana. Ondo merezita daukagu bigarrenez ligako titulua irabaztea.

Taldearen zer ezaugarri hobetzen saiatu zara denboraldi honetan?

Jokoaren zenbait xehetasun aldatzea izan da nire helburua; taktika, oro har, bere horretan utzita. Zelaiko zenbait postu jakinetan eta partidaren tarte jakin batzuetan egin ditugu aldaketak. Taldea hazi egin da azken urtebetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.