«Urriaren 6an izan zen. Ez dut sekula ahaztuko». Jon Azkuek (Orio, Gipuzkoa, 1994) kolpe latza hartu zuen duela urtebete: eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Ez dago min hartzeko garai aproposik, baina badaude batzuk besteak baino txarragoak direnak, krudelagoak. Azkue lehen aldiz ari zen etxetik urrun, Limogesen (Okzitania). Baina ezer gutxi gozatu zuen lehen aldi horretaz, eta liga hasi eta hilabete eskasera bukatu zen harentzat denboraldia. Ez zuen gehiago jokatu.
«Lehen aldia nuen etxetik kanpo, pixkanaka ari nintzen taldera egokitzen, ondo ari nintzen, eta bat-batean horrelako lesio larri bat izatea.... Gogorra izan zen barneratzea», azaldu du. Lehen astean pasatu zuen okerren. «Erresonantzia egin zidaten arte ez nekien zer nuen. Emaitza jakin bezain laster jarrera eta pentsaera aldatu, eta aurrera begira jarri nintzen: ebakuntza noiz, non eta nola egingo zidaten, eta lesioa sendatzeko zer egin behar nuen; horrek bakarrik axola zidan».
Lesioa izan eta hiru astera egin zioten ebakuntza. Ordurako korrika zebilen etxean, eta ebakuntza gelara oinez sartu zen. «Hori izan zen okerrena: oinez sartu, eta makuluekin irten nintzen». Etxekoen babesa bilatu zuen. «Klubarekin hitz egin nuen, eta lehen hilabetea etxean pasatzea adostu genuen. Tolosara [Gipuzkoa] joaten nintzen fisioterapeutarengana».
Limogesera itzuli zenean, eguneroko zorrotza hasi zuen. «Taldekideak baino gehiago entrenatzen nintzen: goizean, fisioterapeutarengana joaten nintzen lehenbizi, eta, ondoren, prestatzaile fisikoarekin aritzen nintzen gimnasioan; arratsaldean, berriz, taldea entrenatzen ari zen bitartean, fisioterapeutarekin aritzen nintzen berriro».
«Azkar» joan zitzaizkion egunak. «Egunetik egunera, gero eta hobeto nengoen, eta horrek asko lagundu zion buruari. Gainera, segituan iritsi ziren Gabonak, eta etxera joan nintzen berriro. Otsailean, berriz, korrika hasi nintzen». Orduan hasi ziren egunak mantsoago joaten. «Denboraldiaren bukaera aldean ia denetik egiteko gai nintzen, baina bakarrik aritu beharra nuen. Azken bizpahiru hilabeteak izan ziren gogorrenak». Artean, «inbidia handia» pasatzen zuen harmailan. «Asko sufritzen nuen, baina egoera onartu besterik ezin nuen egin».
«Belauna ondo dut, eta ondo jokatzen ari naiz. Baina oraindik beste pauso bat eman dezaket. Emango dut. Horrek ez nau kezkatzen»
JON AZKUELimoges eskubaloi taldeko jokalaria
Maiatz bukaeran ia amaitua zuen osatzeko prozesua, baina ordurako liga bukatua zegoen. Datorren denboraldiari begira jarri zen. «Uda aprobetxatu nuen hiru astez atseden hartzeko eta burua lasaitzeko. Uda polita izan zen: osatuta nengoen, aita izan nintzen... Horrek aurretik bizitakoa ahantzarazi zidan».
Zazpikorik onenean
«Gogoz gainezka» ekin zion denboraldiaurreari. Argi zuen «lan asko» zuela egiteko. «Ia hutsetik hasi naiz. Pixkanaka, erritmoa hartzen eta taldera egokitzen ari naiz. Gero eta hobeto ari naiz. Belauna ondo dut, eta ondo jokatzen ari naiz. Baina oraindik beste pauso bat eman dezaket. Emango dut. Horrek ez nau kezkatzen». Gero eta hobeto ari den seinale da duela bi aste jardunaldiko zazpiko onenean sartu zutela.
«Oso gustura» dago Limogesen. «Hona etorri aurretik ez nekien nola egongo nintzen, eta ezinegon horrek urduritasuna eragiten zidan. Baina oso pozik nago. Hasieratik oso ondo hartu ninduten, eta segituan oso harreman onak egin nituen. Lesioa zela-eta aparte aritu arren, inoiz ez nintzen bakarrik sentitu».
«Aldaketa handia» sumatu du. «Jokamoldea europarragoa da: fisikoagoa, gogorragoa eta zuzenagoa. Asobal ligan eta batez ere Bidasoan oso jokamolde ezberdina genuen. Pixkanaka, ari naiz egokitzen. Aurreko sasoian lehen aldiz sailkatu ginen Europarako, eta denboraldi honetan helburu bera dugu [zazpigarren da Limoges]. Polita da Europan aritzea, baina etxeko liga da lehentasuna. Helburu horretan ahalik eta gehien lagundu nahi diot taldeari. Gero eta gusturago ari naiz».
Horretan mesede egin dio «gero eta hobeto» moldatzen dela frantsesarekin. «Hona etorri aurretik ikasi nuen pixka bat, baina kolpe latza hartu nuen hona iritsitakoan: ez nuen tutik ulertzen. Baina beharraren poderioz ikasi dut, aldagelan frantsesez hitz egiten baita. Entrenatzaileek [Alberto Entrerrios eta Jose Manuel Sierra espainiarrak dira] bakarka zerbait esan behar badidate, gaztelaniaz esaten didate, baina taldekideak ondoan daudenean frantsesez mintzatzen zaizkit».
Eskubaloiari lotutako zenbait kontuk harritu dute. «Jende asko joaten da pabiloira. Gurean 4.500 ikusle sartzen dira, eta ia beteta dago beti. Horrez gain, asko zaintzen dute marketina. Etxean jokatzen dugunean hiru VIP eremu prestatzen dituzte babesleek ematen duten diruaren arabera. Horietan daudenekin hitz egin beharra dugu. Klubak diru asko inbertitzen du marketinean».
«Nahiz eta iaz lesio larria izan, gozatzen ari naiz esperientzia hau. Oso pozik gaude»
JON AZKUELimoges eskubaloi taldeko jokalaria
Egunerokoan ere aldaketa sumatu du. «Bidasoan oso talde batua genuen, eta kafea hartzen genuen elkarrekin entrenatu aurretik; familia txiki bat ginen. Frantziako ligako taldeetan, ordea, ez daude horretara ohituta:. Hala ere, Limogesen badugu ohitura elkartzeko, ez Irunen bezainbeste, baina ez dago gaizki».
Gustuko dute hiria. «Oso lasaia da Limoges, eta guri horixe gustatzen zaigu, lasai egotea, are gehiago haur txiki bat izanda. Oso ondo moldatzen gara hemengo jendearekin, eta beti dugu zerbait egiteko. Gainera, ez gaude urrun etxetik, lau ordu eta erdi eskasera, eta edonoiz joan gaitezke bisitan».
Kosta egin zitzaion etxetik joatea, baina «merezi» izan duela dio. «Nahiz eta iaz lesio larria izan, gozatzen ari naiz esperientzia hau. Oso pozik gaude». Gauza bakarra eskatu du: osasuna. «Sinetsi nahi dut lesioen zakua bete dudala, eta hemendik aurrera dena ondo joango dela».