Ondo hastea, ezinbestekoa

Aspaldiko denboraldi-aurrerik onena egin du Realak, bost partida irabazi, lau berdindu eta bakarra galduta. Iragan sasoitik gauza gutxi aldatuta, jokalariak errekuperatzea da gakoa.

Eusebio, aginduak ematen jokalariei, atzo, Zubietan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Azken bi denboraldiek déjà vu itxura izan dute Realarentzat; besteak beste, liga gaizki hasi dutelako, entrenatzailea aldatu dutelako eta ahalik eta ondoen amaitzea izan delako xedea. Bada, Eusebio entrenatzaileak ez du hori errepikatu nahiko inola ere, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da sasoiari hasiera ona ematea. Ligari ekiteko, Real Madril izango du Realak aurkari, igandean, Anoetan (20:15).

Taldean mugimendu gutxi egon da, iragan sasoian engranajean ondo sartu ez ziren piezak soilik aldatu baititu zuzendaritzak. Hala, Jonathasen ordez Willian Jose heldu da, eta Brumaren partez, Juanmi. Atean ere aldaketak egon dira: Toño Ramirez taldera itzuli da Oier Olazabal ordezkatzera, Ander Bardaji lehen taldearekin ariko da, eta Gero Rulli erosi egin du Realak, 2022ra arte. Bestalde, Jon Gaztañaga eta David Concha taldean geratuko dira, joan den sasoian Numantzian utzita egon ondoren.

Fitxaketak baino gehiago, jokalariak errekuperatzea izango da gakoa. Bi izen nabarmendu behar dira: Carlos Vela eta Imanol Agirretxe. Mexikarrak ez zuen ohiko maila eman iragan denboraldian. Zelaian egindakoaz baino gehiago hitz egin zen kanpoan egiten zuenaz. Atzean utzi ditu belauneko minak, eta jokalaririk onena espero dute zaleek. Usurbilgo aurrelaria, berriz, joan den abenduan lesionatu zen, bere ibilbideko boladarik gozoenean zela, eta gutxirako behar zuenak luze jo dio oso. Taldearekin lanean ari da, eta laster egon daiteke Eusebioren esanetara. Bestalde, urtebete geldirik egon ondotik, Raul Navas jokatzeko prest dago, eta Sergio Canales sendatze prozesuaren azken pausoak ematen ari da.

Sasoi-aurrean, txukun

Azken sasoi-aurreekin konparatuta, Reala nahiko ongi aritu da uda honetan, nahiz eta azken partida galdu zuen Bayer Leverkusenen aurka. Baloia atzetik ateratzeko eta jokoa kontrolatzeko nahia izan dira Eusebioren taldearen bereizgarriak. Zelai erditik gora, halere, nahiko makal aritu da. Behin puntuan egotean, hori hobetzea beharrezkoa izango da.

Helburuak aipatzean, Realean ez dute ezer zehaztu nahi. Ez da harritzekoa, Europa mihian izan ostean handik urrun geratu baitzen joan den sasoian. Liga ondo hastea eta jarraitutasuna lortzea izango dira gakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.