Ondo ereindakoa biltzen

Taxoareko harrobiak Osasunaren lehen taldea hornitzen jarraitzen du. Azken hamarkadan, haztegiko 21 jokalarik egin dute jauzi talde nagusira, eta Jon Moncayola da zerrenda horretako azken alea. Juan Perezek, berriz, azken lehian egin zuen debuta Lehen Mailan, eta Iñaki Alvarez deialdian sartu zen.

Jon Moncayola, azken partidan Espanyoli sartutako gola ospatzen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Harrobia Osasunaren heldulekua da; gehien behar duenean, beti dago hor. Hala izan zen, hain zuzen ere, joan den igandean, Espanyolen zelaian. Azken orduan jakin zen Sergio Herrera faltako zela, eta, hura ordezkatzeko, atepean Juan Perez ipini zuen Jagoba Arrasatek, eta Iñaki Alvarezi aulkian izateko aukera eman zion. Bestalde, Nacho Vidalek minez utzi zuen zelaia bigarren zatian, eta Jon Moncayolak izan zuen hegalekoa ordezkatzeko ardura. Bada, Arrasate ez zen damutuko egindako apustuez. Izan ere, Perezek nota onarekin gainditu zuen gorengo mailako lehen azterketa, bigarren zatian Calleriri egindako geldiketa erabakigarria tarteko; eta Moncayolak, berriz, erakustaldi fisikoa egin zuen berea ez den postu batean, eta, horrekin batera, aurreneko gola sartu lehen taldean.

Osasunak garrantzi handia ematen dio Taxoareko ereite lanari, eta, uzta jasotzean, balio handiko aleak lortu ohi ditu. Azken hamar urteetan, harrobiko 21 jokalari iritsi dira talde nagusira. Batzuk ikur bihurtu dira; beste batzuk distira egin eta irten egin dira, kanpoko eskaintzek limurtuta; eta, noski, finkatzerik izan ez duenik ere bada. Oraintxe, ez da erraza lehen taldean tokia egitea, nafarrak Lehen Mailan egonik. Izen handiko jokalariak fitxatu dituzte, beraz, zailagoa da etxeko gazteentzat goiko atea irekitzea. Ezinezkoa ere ez da, dena den. Horren adibide da Moncayola. Erdilariak sasoi hasiera txundigarria egin du, Arrasatek emaniko konfiantzari esker. Bizkaitarra apustu ausartak egin zalea da, eta, Moncayolarekin, bete-betean asmatu du.

21 urte besterik ez du, eta Hirugarren Mailan ari zen orain dela bi denboraldi eskas; alabaina, Garinoaingoa (Nafarroa) azkar batean egokitu da eliteko futbolera. Ez du eskarmenturik, baina patxadaz ari da. Lehen 11 partidetatik hamar jokatu zituen, eta hiru jardunaldiko etenaren ostean, indarrez itzuli zen Espanyolen aurka. Postu batean baino gehiagotan aritzeko dohainak dituela erakutsi zuen, primeran egokitu baitzen eskuin hegalera, bertan sekula jokatu gabea izan arren; eta hori gutxi ez, eta Diego Lopez odol hotzez eta dotoreziaz gainditu zuen.

Juan Perezek ere distira egin zuen. Atezainaren estreinako lehia izan zen Lehen Mailan, eta hasierako urduritasuna kenduta, segurtasuna igorri zuen ekintza guztietan. Arazorik gabe hartu zituen goiko baloi guztiak, baloia taxuz jo zuen, eta debuta biribiltzeko, gelditu gogoangarria egin zuen markagailua 1-2 zela. Sasoi hasieran, ia ezinezkoa zirudienPerezek jokatzea, hirugarren atezaina izanik. Ordea, Ruben Martinezen eta Sergio Herreraren lesioek ezusteko aukera eman zioten gazte mailan Huescatik iritsitako atezainari.

Antzera gertatu zitzaion iragan sasoian ere. Denboraldiari min hartuta ekin zioten Herrerak eta Martinezek, eta, hala, aurreneko bi partidetan Perezek jardun zuen atepean. Oso ondo aritu zen, baina osatu ostean, aurrea hartu zionMartinezek. Geroztik, itzalpean aritu da lanean, Iñaki Alvarezen gisara. Orain dela bi sasoi, Moncayolaren taldekidea izan zen Iruña taldean, Hirugarren Mailan, eta egun, titular da bigarren taldean. Iragan igandean beste urrats bat egin zuen, lehen taldearen aulkian eserita.

Guztira, Taxoaren hazitako sei jokalari sartu ziren deialdian, eta Perez eta Moncayolarekin batera, beste hiruk jokatu zuten: David Garciak, Oier Sanjurjok eta Roberto Torresek. Soilik Leganesen (Espainia) jokatu zuten harrobiko hainbeste jokalarik, ligako aurreneko partidan. Orain arte, partidako batez beste etxeko hiru jokalari aritu dira, eta kopuru horrek Santiago Bernabeun jo zuen behea: harrobiko jokalari bakar bat aritu zen hasieratik Moncayola, eta bigarren zatian beste bat gehiago besterik ez zen sartu Torres. Datozen hilabeteetan, areagotu egingo da Taxoareren ordezkaritza, behin Unai Garcia eta Kike Barja jokatzeko moduan direnean.

Etorkizuna lotu nahian

Osasunako agintariak jakitun dira harrobiak daukan garrantziaz, eta hartara, etorkizuna lotzeko ahalegina egin dute azkeneko hilabeteetan, haztegiko zortzi jokalariren kontratuak luzatuta. Antonio Otegi eta Endika Irigoien berritu zituzten lehenik eta behin, 2022 eta 2020ra arte, hurrenez hurren. Erdilaria Numantzian ari da utzita, eta atzelaria, gaur-gaurkoz, ez da Arrasateren planetan sartzen.

Geroago, Taxoareko ikur nagusien txanda iritsi zen: 2021 arte sinatu zuten Oierrek, Roberto Torresek —kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera izango lukete bi kapitainek— eta Unai eta David Garciak. Eta berritzen azkenak Perez eta Moncayola izan dira. Biek joan zen astean izenpetu zuten hitzarmena, eta asteburuan modurik onenean ospatu zuten. Atezainak 2022ra arteko kontratua izango du, eta erdilariak 2024ra artekoa. Hamabi milioi euroko etete klausula izango dute biek.

Horiekin guztiekin, harrobiaren presentzia bermaturik dago Nafarroako taldearen lehen taldean. Ondo ereindako haziek ernatzen jarraituko dute Taxoaren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.