Zalgiris Kaunas. Perez, Grigonis (10), Ulanovas (9), Leday (7), Geben (2)—hasierako bostekoa— Walkup (2), Milaknis (9), Lekavicius (10), Hayes, Jankunas eta Landale (9).
Baskonia. Vildoza (10), Garino (3), Shields (19), Xengelia (13), Eric (7)—hasierako bostekoa— Henry (4), Janning (10), Polonara (2), Diop eta Fall (2).
Markagailua. 19-19, 30-37 (ats..); 46-55, 58-70.Epaileak. Christpdulu, Obrknezevic, eta Petek. Fall Baskoniako kanporatu zuten faltengatik. Bestelakoak. 15.151 ikusle Zalgirio Arenan.
Bide luzea da Euroliga, eta sasoi honetan inoiz baino luzeagoa. Zortzi hilabeteko maratoia da, iraupen oso luzeko lasterketa bat, eta halakoetan oso garrantzitsua da ondo hastea. Pausoa galduta hasiz gero, aldapa gora jar daiteke bidea, eta horregatik da hain baliotsua Baskoniak atzo lorturiko garaipena. Are baliotsuagoa lehen hiru partidak etxetik kanpo dituela kontuan hartuta. Zalgirisen etxean zuen ligaxkako aurreneko hitzordua, eta nagusitasunez irabazi zion, defentsa lanean emaniko mailarengatik batez ere.
Velimir Perasovic aseezina da, baina atzokoan gustura hartuko zen Kaunastik Gasteizerako hegaldia. Oraindik asko falta zaio taldeari, landu egin behar du, baina defentsarako jarrera ona erakutsi zuen. Erasoko jarduna, askotan, egunaren araberakoa da, defentsa, aldiz, balio segurua da. Jardun horretan, bi iritsi berri nabarmendu ziren: Henry eta Fall. Biek pistan bat egin zutenean Zalgiris ito egin zuten. Antolatzaileak etxekoen kanpoko lerroko jokalariak ernegatu zituen; pibotak, aldiz, izua barreiatu zuen eremuan. Bost txapel jarri zituen eta jaurtiketa asko desbideratu.
Erasoan, aldiz, Shavon Shields nabarmendu zen, lehen zatian bereziki. Atsedenaldirako hamabost puntu zeramatzan, eta hari esker iritsi zen aurretik Baskonia bigarren laurdenaren amaierara (30-37). Kontrolpean zuen partida Baskoniak, baina Zalgirisek ondo ekin zion hirugarren laurdenari.46-50 gerturatu zen, baina Janningek ireki zuen tartea hirugarren laurdenaren amaieran.
Laugarren laurdenak hasiera bizia izan zuen (55-59, 32.min.). Zalgiris hazita zegoen eta Perasovicek su hori itzali beharra zeukan. Berriz ere estutzeko agindu zuen, eta Fall eta Henry elkartu zituen pistan. Ahal fisiko handiko boskotea pistaratu zuen, eta eragina nabarmena izan zen. Etxekoek hiru puntu sartu zituzten bakarrik azken zortzi minutuetan.
Bilbo Basket, Santiagon
Bilbo Basketek ACB ligako hirugarren jardunaldiko partida jokatuko du gaur Obradoiroren pistan (18:00). Bilboko taldeak ezin hobe hasi du liga, lehen bi partidak irabaziz, eta bolada gozoa luzatzeko aukera du. Obradoiroren bidea, aldiz, aurkakoa izan da, jokaturiko bi partidak galdu baititu. Emir Sulejmanovic pibota osatu da dagoeneko eta lehen minutuak jokatzeko aukera izan dezake.
Zalgiris 58-70 Baskonia
Ondo ekin dio bideari
Baskoniak defentsa lan zorrotzari esker irabazi du Euroligako lehen partida. Ondo aritu dira fitxaturiko jokalariak, Henryk eta Fallek bereziki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu