Zapore gazi-gozoa du David Zurutuzak (Rochefort, Frantzia, 1986). Gozoa, belauneko lesio bat gainditu ondoren tokia egin duelako hamaikakoan, eta arlo pertsonalean «gustura» dagoelako. Ordea, Realak ez du nahi bezala hasi denboraldia, eta horrek garratzetik asko duela aitortu du erdilariak. «Ez gaude uste genuen tokian, eta autokritika egiten dugu». Halere, ezer bada, baikorra da Zurutuza. «Hori da nire izateko era». Eta egoskorkeriaren poderioz, taldeak aurrera egingo duela uste du. «Lana da sekretua, eta bide onean gaude».
Zazpigarren denboraldia duzu Realean. Inoizko sasoi hasierarik zailena izaten ari al zara?
Ez dut uste. Denboraren joanarekin, ahaztu egiten dira kontuak, baina une txarrak igaroak gara lehen ere. Beti kostatzen zaigu denboraldia ondo hastea. Ez dakit zergatik. Egia da sasoi honetarako espektatiba handiak genituela, eta horregatik une zailak pasatzen ari garela. Kolpeak bata bestearen atzetik jasotzen ari gara. Baina ezer ez dago galduta. Goiz da oraindik ondorioak ateratzeko, eta sentsazioak aldatu egin behar ditugu.
Horretarako partida egokia zirudien Atletico Madrilen aurkakoak, bi asteko geldialdia zegoelako aurretik. Baina galdu egin zenuten.
Eta kolpe latza hartu genuen. Burumakur joan ginen aldageletara. Baina kontuan hartu behar da aurkaria Atletico Madril zela. Beti bezala, partida serioa jokatu zuten, lerroak ongi bildu zituzten, eta lehen gola hartu eta gero, kosta egin zitzaigun erreakzionatzea. Ez dut uste partida txarra jokatu genuenik.
Nork eta Antoine Griezmannek egin zuen 0-1ekoa Anoetan. Barkamena eskatzera joan al zitzaizuen?
Bisitan etorri zitzaigun aldagelara partida amaitutakoan, baina ez. Barkamenik ez zen egon. Nola ba! Bere taldearen alde egin behar du. Harreman ona dugu berekin, eta animoak eman zizkigun aurrera ateratzeko.
Zer moduz igaro duzue astea?
Lehen bizpahiru egunak amorruz pasatu genituen, epaileak penaltia ez zigulako adierazi. Baina buelta eman diogu egoerari. Levanteri irabazteko prest gaude. Halako momentuetan norberarengan sinestea da garrantzitsuena. Ondo edo gaizki egon, garenak gara gu, eta badakigu Reala askorako gai dela. Detaileek erabakitzen dute partida bat alde batera edo bestera, eta orain arte bezala segi behar dugu. Lanean serio ari gara.
Uste duzu sasoi ona egin dezakezuela oraindik ere?
Noski. Izugarri geratzen da, eta futbola oso aldakorra da. Ez garahain ongi sentitu izan orain arte, baina talde ona daukagu. Jokalarionak fitxatu ditu zuzendaritzak, eta konfiantza osoa daukagu geure buruarengan. Ni neu oso baikorra naiz. Horixe da nire bizi pentsaera. Lehiakorra eta egoskorra izanda, gauzak lortu egiten dira bizitza honetan, eta aurrera jarraitu behar dugu.
Inoizko talde garestiena dauka Realak. Onena ere bai?
Zaila da horri erantzutea, baina izan daiteke. Hori bai, ligan diru asko sartu da, eta gainerako taldeak ere ondo indartu dira. Garaipenak garesti daude. Pentsa, Realean ere gero eta zailagoa da hamaikakoan sartzea. Eta ez hamaikakoan bakarrik, baita hemezortzi jokalariko deialdian ere. Lehiakortasunak hobetu egiten du norbera.
Realak asmatu al du fitxaketak egiteko orduan?
Baietz esango nuke. Illarramendi Realera itzuli izana albiste pozgarria izan da. Gure filosofiarekin hazitako jokalaria da, eta egokitzen ez du lanik izan. Haren ondoan jokatzea gozamena da. Eta Reyes, Bruma eta Jonathas ere ongi ikusten ditut. Hizkuntzarekin ez dute arazorik, eta jokalari onak dira. Beti esan izan da Realean ongi hartzen ditugula kanpotarrak, eta Donostia ere bizitzeko toki ederra da. Denek asko emango diote taldeari.
Moyesek ere topatu omen du etxea Donostian. Zer moduz ikusten duzu bera?
Kezkatuta, guztiok bezala. Normala da. Atletico Madrilen aurka galduta triste geratu ginen guztiok, baina orain baikor gaude Levanteri aurre egiteko. Aspaldiko asteetan ikusi dut Moyes saiatzen ari dela baikortasun mezua zabaltzen. Hori zelaian erakustea falta da orain.
Levanteko partida final baten moduan har al daiteke?
Partida garrantzitsua da. Irabazteak konfiantza eta arnasa emango liguke. Levante gure antzeko egoeran dago, eta atzetik utziko genuke sailkapenean. Historiak dio ez ditugula emaitza onegiak lortu han. Guk gure lana egitera joan behar dugu. Txakurkeria beti erabili ohi du Levantek, esperientzia handiko jokalariak dituztelako, eta guk gure jokoa egin beharko dugu.
Orain hiru urte gol bikaina sartu zenuen han. Sinatuko zenuke berriz egitea.
Sinatuko nuke, baldin eta Realak irabazteko balio badu. Bestela ez. Gogoan dut areaz kanpotik gol ona sartu nuela, baina gero buelta eman zioten emaitzari. Iragan sasoian ere azken minutuan egin ziguten gola. Halere, uste dut Levanten ongi jokatu izan dugula gehienetan, eta pentsaera horrekin aterako gara zelaira. Konfiantzaz beterik.
Erdilaria izanagatik, ezker hegalean jokatzen ari zara. Zer moduz sentitzen zara?
Ahal dudana egiten dut. Egia da ez dela nire postu naturala, eta ez nagoela ohituta, baina, niretzat, garrantzitsuena jokatzea da. Lehen lau jardunaldietan harmailetan egon nintzen, eta gaizki pasatu nuen. Alde ederrean nago orain zelaian! Entrenatzaileak ongi ikusten banau ezkerrean, ni kontentu. Jokoan, barrura jotzeko joera daukat, eta, ondorioz, baliteke taldeak sakontasuna galtzea ezker hegalean. Moyesek esaten digu buruz buruko jokaldiak gehiago bilatzeko. Hobetzeko prest nago.
Erregulartasuna falta izan zaizu beti, eta orain lortu duzula ematen du. Pozik?
Oso pozik. Meniskoko ebakuntza eginda, uda osoa Zubietan eman dut lanean, ia oporrik gabe, baina merezi izan du.
David Zurutuza. Realeko jokalaria
«Ondo edo gaizki egon, garenak gara gu, eta Reala askorako gai da»
Autokritikarik ez zaio falta erdilariari, sasoia «espero baino okerrago» hasi baitu Realak. Halere, «goiz» da ondorioak ateratzeko, eta uste du denboraldi ona egin dezakeela taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu