mikel reina
Hirukotik

Ondo aukeratzearen garrantzia

2024ko azaroaren 5a
05:05
Entzun

Bizitzan, aukeratu beharra dago. Askotan gauza bat baino gehiago egin nahi ditugu, eta, azkenean, ez gaude ez batean ez bestean. Gehiegi hartu nahi dugu, eta ez gara heltzen. Horregatik da hain garrantzitsua, eta era berean hain zaila, aukeratzea. Jendeari asko kostatzen zaio. Batez ere, zerbait kanpoan uzteko beharra badago.

Udan

Europako txapelketak jokatzen dituzten taldeentzat ere ez da erraza. Batez ere, Euroliga jokatzen dutenentzat. Lehiaketarik gogorrena eta berdinduena da, astean bi partida izan ditzakeen bakarra. Badirudi Baskoniak aukeraketa egin duela beste urtebetez. A lizentzia izanda, Euroliga aukeratu du. Bulegoetatik azken urteetan argi izan duen erabakia da erabateko esfortzua aste barruan egitea. Hain zuzen ere, hori egin ezean ez dagoelako lehiatzerik Euroligan; ez dago beste modurik.

Erabakia argi geratu zen udan, eta udazkenean ziurtatu egin da. Hiru estatubatuar pasaporte hartzean argi geratu zen hasieran behintzat Euroliga izango zela helburu nagusia. Hau da, ACB ligan hiruretako batek atseden hartu beharko zuela, gehienez bik jokatu dezakete eta. Ikusteko dago Kamar Baldwinekin nolabaiteko pasaportea lortzeko aukera badagoen, baina, bestela, horrela ari beharko du Pablo Lasok denboraldi osoan. Gainera, Baskoniak, beste Euroligako talde batzuek ez bezala, ez ditu hamalau-hamabost jokalari. Lesioek berebiziko mina egiten diote, batez ere Tadas Sedekerskisek eta halako jokalari garrantzitsuek min hartzen badute.

Horiek horrela, Baskoniari benetan aldapa gora jarri zaio Espainiako Koparako sailkatzea: bi partida irabazi ditu, eta lau galdu. Beraz, amesgaiztoa gerta dakioke berriro. Zaleren batek pentsa dezake Euroliga dela txapelketarik onena eta erakargarriena, baina Kopa beti da berezia zaleentzat. Eta, gaur egun, garaikur bat irabazteko modurik bideragarriena ere bada. Horrenbestez, gasteiztarrek ezin dute onartu azken sei urteetan laugarren aldiz Kopatik kanpo geratzea.

Kanpoan irabaztea zaila da berez; berdin dio txapelketa zein den. Esan diezaiotela Real Madrili, Murtzian gailenduta lortu zuela sasoiko lehen garaipena etxetik kanpo. Baina arabarrek ez dute lortu Euroligan Buesan Arenan erakutsitako sendotasuna ACB ligara eramatea: Euroligan ez dute galdu etxean. Hori da kezkagarriena, bestela Koparako aukerak oso desberdinak izango ziren eta. Gainera, zaleen aurrean bai, bereziki dena emateko unea da.

Aukerak

Granadan lortu zuen Bilbo Basketek lehen garaipena etxetik kanpo ACB ligan. Hark ere aukeraketa egin du Europan. Denboraldi hasieran bai, behintzat. Gainera iazko esperientziaren jakitun izatea lagungarria izan zaie. Badakite ligaxka maila apalekoa izaten dela, benetan lehiatzeko aurkariak bigarren fasetik aurrera agertuko direla. Horregatik, Jaume Ponsarnauk bestelako aukeraketa bat egiten du Europan: gazteei ematen die aukera. Horrez gain, kupoen kontuak direla eta, jokalari bat kanpoan utzi beharra du, eta gazteei bestelako minutuak eman. Denboraldi hasierako egutegiko zatirik gogorrenetako bat alde batera utzi dute bizkaitarrek, eta ez bakarrik aurkariengatik, batik bat ACB ligan, baita bidaia luzeengatik ere.

Alde horretatik, bereziki ondo erantzuten ari da Ruben Dominguez. Konfiantza hartzeko eta batez ere duen kalitatea erakusteko erakusleihoa izaten ari da Europa. Gaztetatik bere adineko jokalari onentsuenen artean egon da hegalekoa, baina batengatik edo bestearengatik ez du harrobian erakutsitako maila eman profesionaletan. Badirudi Bilbon behar zuen konfiantza lortzen ari dela, eta aldi berean, bera ere erantzuten ari dela. Bestetik, oraindik onena emateko dagoena Amar Sylla da, baina minutuak eta aukerak izango ditu. Hasteko, bihar, Georgiako Kutaisi taldearen aurka, Miribillan.

Aukera guztiak zilegiak dira, baina argi dagoena da bakoitzak bere hautua egin behar duela. Preferentziak betidanik eta betirako existituko dira. Horrenbestez, bakoitzak bereak egin behar ditu, bakoitzaren AMIA aztertuz: Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.