Jakina zen azken postuengatik lehia egongo zela. Hala izaten da urtero Kontxako Banderarako sailkapen estropadan. Faboritoek konplitzea izaten dute helburu, baina azken hiru postuak nork lortuko izaten da benetako lehia. Hala izan zen atzo ere, eta bi segundorengatik erabaki zen azken postua: Ondarroak lortu zuen, Isuntzaren kalterako. Sailkapena Zierbenak irabazi zuen, eta gainerako faboritoek ez zuten huts egin. Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo eta Getaria arituko dira Zierbenarekin eta Ondarroarekin batera.
Nesken sailkapen estropadan izandako denboralearekin zer ikusirik ez zuen atzokoak. Hobeak izan ziren baldintzak, baina, hala ere, itsasoa mugitua zegoen. Itsasgora estropada hasi baino ordu erdi lehenago izan zen, eta mareabehera zela aritu ziren arraunean, metro inguruko olatuetan. Baldintza horietan abiatu zen Zarauzko Enbata, estropadako lehen taldea. B multzokoak abiatu ziren lehenengo, Galiziako eta KAE ligetako ontziak, eta, ziabogan eta helmugan, Arkoterena izan zen denbora onena. Bizkaitarrek estropada bikaina egin zuten, eta Eusko Label ligako bi ontzi baino hobeto aritu ziren.
Haiena zen denborarik onena, baina Eusko Label ligako ontziak abiatu zirenean ikusi zen koska bat dagoela oraindik. Zierbena izan zen onena ziabogan, nabarmen. Estropada bikaina egin zuten, eta amaieran jipoia eman zioten aurkariei. Ez zuten ezer gorde, eta pozarren zegoen Urdax Antepara arraunlaria: «Bandera urruti dago oraindik. Bi igande gelditzen dira, eta giroa zein den ikusi beharko da. Lanean jarraitu behar dugu, eta sentsazio onekin segitu».
Oriok, Hondarribiak eta Urdaibaik ere ez zuten huts egin. Azken asteetako Orio ikusi zuten zaleek atzo. Ondarroan bandera irabazteak on egin zien, eta hirugarren izan ziren azkenean. Mirotzen denbora bera egin zuen Hondarribiak, eta bigarren amaitu zuen Mikel Orbañanosen taldeak. Iker Zabalak, berriz, ordezko ugari sartu zituen eskifaian, iaz bezala. Baina aurten ez dute hainbeste sufritu. Joanekoan denbora kaskarra egin zuten, baina, amaieran, arazo handirik gabe amaitu zuten. Hori bai, Zierbenatik oso urruti, eta Hondarribiaren eta Orioren atzetik.
Behetik gora, baina kanpoan
Beste hiru postuak zeuden dantzan. Estu joango zela jakina zen, eta talde ugari zeuden postuetako bat lortu nahian. Eusko Label ligako sailkapena ikusita, Cabok barruan behar zuen, eta hala izan zen. Galiziarrek oso denboraldi irregularra izan dute, baina egun handian ez dute huts egin. Horrela, iazko arantza ateratzeko baliatu zuten: bosgarren amaitu zuten. Haiek baino lehenago helmugaratu zen Isuntza, kanpoan gelditu zen lehen taldea. Lehen luzean denbora asko galdu zuen; Ondarroak baino zortzi segundo gehiago, eta Getariak baino sei gehiago. Askoz hobeto aritu ziren poparean, baina ez zen nahikoa izan.
Antiguako Ama zen lekeitiarrek begiz jota zeukaten ontzia. Brankaz ikaragarri aritu ziren, baina itzultzen sufritu egin zuten. Osertz Aldairen taldea uretan zegoen, aurkariek zer egingo esperoan. Erreferentziak ez ziren txarrak, Ondarroa denbora galtzen ari baitzen. Baina, azkenean, bi segundo baino gutxiagorengatik izan bazen ere, Ondarroak eskuratu zuen iganderako tokia. Poz-pozik agertu zen Iñigo Larrinaga patroia. Bere azken estropada izan zitekeen. Denboraldia amaitzean utziko du arrauna, baina oraindik bi igande ditu gozatzeko. «Oso pozik gaude, eta harro egindako estropadarekin. Kanporaka apurtzea erabaki dugu, eta ondo atera zaigu. Ohore handia da estropada gorenean egotea».
Ondarroa aurretik sartu zela ikusita, Getaria, erlojupekoa egiten azkena zen Isuntza baino denbora okerragoa egin zezakeen bakarra. Esperantzak sei segundo gutxiago behar izan zituen lehen luzea amaitzeko, eta, ikusita Isuntzak Ondarroari sei segundo jan zizkiola bigarren luzean, ez zegoen argi zer gertatuko zen. Hala ere, ondo eutsi zion Ion Larrañagaren taldeak, eta ziabogan zeukan alde berarekin gailendu zitzaion Isuntzari. Amaitu eta berehala hasi zuten ospakizuna getariarrek ontzian bertan, lekeitiarren begiradapean. 49 urtez Kontxatik kanpo egon ostean, bigarren aldiz jarraian arituko dira.
Atzo bertan egin zen txanden zozketa iganderako. Donostiarra, Zierbena, Orio eta Hondarribia arituko dira lehen txandan. Bigarrenean egongo da Urdaibai, Caborekin, Getariarekin eta Ondarroarekin batera.
Arrauna. Kontxako Bandera
Ondarroarentzat azken tokia
Bi segundo baino gutxiagoren aldeagatik lortu du Ondarroak azken tokia, Isuntzaren kalterako. Zierbena izan da azkarrena, eta harekin ariko dira Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo eta Getaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu