Arrauna

Ondarroa non, Elu han

'Antiguako Ama'-k maila nagusiko lehen bandera eskuratu zuen igandean. Ontzian izan zen Josu Elu arraunlari zaildua: «Gure lana egitea izan zen lehendabizikoa».

Josu Elu, igandean, Zierbenako bandera irabazi berritan garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TRAINERUEN KLUBEN ELKARTEA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ba al dakizu non zeunden uztaileko bigarren igandean orain hamar urte?», galdetu dio kazetariak Josu Elu Solabarrietari (Ondarroa, Bizkaia, 1983). Duda-mudarik gabe ihardetsi du Ondarroako arraunlariak: «Estropadaren batean». Erantzun erraza zuen galderak: 2003. urtetik gaurdaino, Antiguako Ama ontziko tostartean ari da Elu, uda joan eta uda etorri. Aurtengoa hemeretzigarren sasoia du segidan.

Aldi horretan, Ondarroa non, han izan da Elu. Avilesen (Espainia) zegoen 2011ko uztaileko bigarren igandean. 2021ekoan, Zierbenan (Bizkaia). Bi egunetan bandera bat zuen eskuetan, baina egoera oso bestelakoa izan zen. Avilesen, KAE 2 mailako—hots, arraunaren hirugarren kategoriako— garaipena ospatu zuten ondarroarrek; herenegun, Eusko Label ligakoa, maila nagusikoa, alegia. Ondarroak TKE Traineru Kluben Elkartea sortuz geroztik lehendabizikoa da.

Horrek agerian uzten du Bizkaiko traineruak azken hamarkadan izan duen bilakaera: «Hortaz aritu nintzen 2011ean taldean izan nuen bategaz. Orain dela hamar urte KAE 2an irabazi genuen bandera, orain dela bost urte KAE 1ean, eta orain TKEn».

«Egun berezia izan zen igandekoa», azaldu du Eluk. Ez alferrik, goiko koskan geratu ziren estreinako aldia izan baitzuten. Paladaz palada osatu zuten banderarainoko bidea. Beren txanda irabazi zuten, hasteko. Horixe da estropadan gailentzeko ezinbesteko baldintza: «Donostian estropada ez horren ona egitetik gentozen, eta Zierbenan txanda irabaztetik hasi, eta gero etorri zen guztia».

Sailkapen nagusiko aurkari zuzenekiko puntu sorta bilduta izan zuteneguneko lehen pozaldia. Haizea lagun izan zuten gero. Hurrengo bi txandetan nabarmen harrotu zen, eta bigarren eta hirugarren txandetan eragina izan zuen: «Eolok, behin bada ere, fabore egin zigun, eta bandera etxera eraman genuen». Aurrez, kontrarioek zer egingo zain egon ziren Iñaki Errastik prestatutako estropalariak: «Tentsio handia izan genuen. Agian, espero genuen bigarren txandako batzuei aurrea hartzea. Gure txandako hirugarren luzean hasi zen haizea, eta mantendu egin zen. Esperantza bagenuen, baina hankak lurrean genituela».

Natura da arraunaren grazia eta desgrazia. Batzuetan kentzen duena eman egiten du besteetan. Ondarroak aldeko izan du oraingoan, baina norbere lanik gabe ezin da emaitza onik lortu. Horrekin geratzen da Elu: «Lehendabizikoa etxeko lanak egitea da. Norbere txanda irabazi behar da, eta gero heltzen dira aukerak». Horri dagokionez, Eluk esan du herenegun ez zutela «estropadarik borobilena» egin, baina beren lana «bete» zutela: txanda irabaztea.

Txanda ez ezik, bandera ere eskuratu zuen Antiguako Amaontziko eskifaiak, eta lorpenaren tamainako harrera egin zieten Zierbenatik Ondarroara itzultzerakoan: «Polita izan zen. Beste behin, ikusi da herria arraunarekin bat eginda dagoela».

Gustura aritzea, «gako»

Azken boladan, gozotik dira ondarroarrak. Bi traineru dituzte uretan, gizonezkoen eta emakumezkoen bana; andreena hasierako urratsak egiten ari den bitartean, Eusko Label ligan egonkortuta dago gizonena. Orain bi urte Kontxako Banderarako sailkatu zen, gainera, eta orain liga nagusian goia jo du.

Lan handia dago horren guztiaren atzetik. Ondotxo daki Eluk, arraunlari izateaz gain zuzendaritza batzordeko kidea delako: «Kluba oso egoera onean dago. Arraun eskolan 90 ume inguru ari dira. Zuzendaritzaren helburua gazteak gustura egotea da, eta klubean urte asko jarraitzea. Gustura aritzea gako da horretarako». Horixe da sekretua, eta Eluri galdetu bestela. Hark ere haur mailetan hasi zuen bidea, eta hemeretzigarren urtea du traineruan. Eta, oraindik ere, gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.